(2024-08-22, osteguna)
Talde osoa autobusez abiatu gara 7:50 inguruan La Peülla aparkalekuraino (1.900 metro). Gure taldea 9:00ak aldera abiatu gara mendirantz. Taldean 16 gara. Bidezidor bat jarraitu dugu tarteka pinu batzuen artean. Gero zig-zagean iritsi gara altura hartuz lehenengo iboneraino. Inor ez dago eta lasai dago ingurua. Guk hausten dugu isiltasuna. Argazkiak atera eta bigarren aintzira aldera abiatu gara. 9:45 dira. Geroz eta har lauza gehiago dago eta zailagoa egiten zaigu igoera, baina halere denak jarraitzen dugu taldean. 10:30ak aldera iritsi gara bigarren ibonera. Itzalean ongi egoten da. Denak ongi gaudela eta animoekin hirugarrenaren bila jarraitu dugu. Geroz eta aldapa eta harri gehiago aurkitzen dugu eta azkenean aintzira bistaratzen dugu. Bidea gorantz doa ezker aldean lakua zeharkatu nahian. Kezka sortzen da noraino ote doan, batzuk nekea antzematen dutelako. Trakak markatzen dueneraino joatea erabakitzen da eta azkenean balkoi moduko zabal une batean gelditzen gara. 11:10 dira. 4 kilometro egin ditugu eta 2288 metrotan gaude. Bista zoragarria da. Aintzira bere osotasunean ikusten da mendi puntak atzealdean dituela. Fruitu lehor eta trago bat hartu ondoren jaisten hasi gara. Bueltako bidea lasai egin dugu zeren jaisteko kontuz ibili behar da. Jende askorekin gurutzatzen gara. Toki ezaguna izan behar du! Eguerdiko 2:00ak aldera iritsi gara goizean irten garen leku berberera. Denak ondo eta pozik.
Aireko bista
Mapa
Profila
Gerber laku txikia
Pinu arteko bidezidor sigi-sagatsutik igoz, lehenengo aintziretaraino iritsi gara. Bakar-bakarrik gaude oso leku lasaian. Gu ere lasaitu eta inguruaz gozatzeko unea da.
Gerber laku ederra
Leku idilikoan gaude, leku idilikorik bada. Ur garbiko aintzira zoragarri honetan, ispiluan bezala ikusten dira inguruko mendi-tontor garaiak. Merezi zuen aldapa harritsuan gora egitea. Bai horixe!
Laku ondoan indarrak hartzen
Inor ez da atzean gelditu. Aldapak, harriak eta antzekoak gaindituta, atseden hartzeko unea heldu da. Gerberko aintzira nagusiari begira egin dugu hamaiketakoa begiratoki zabal berezi batean. Jan-edanak lasai egin ditugu argazkian ageri den paradisu moduko paraje zoragarri honetan.
Taldea Gerber aintziran
Gerberko aintzira nagusia eta haren inguruko mendiak atzean ditugula taldearen argazkia atera dugu. Aurpegiak ikusita, badirudi hamaiketakoak on egin digula eta itzulerako bidea ondo egiteko moduan izango garela.
La Peülla aldera jaisten
Gorakoan ikusi dugu kontuz jaitsi behar dela eta hala egiten saiatu gara. Guk ikusitakoa ikusi nahi duen jende asko topatu dugu bidean. Poliki-poliki, bada, itzuli gara goizean abiatutako lekura.
Bideoa