Antoñana - Genevilla (2024)
Antoñana - Genevilla (2024)
(2024-11-12an, asteartea)
Gaur azaroak 12, asteartea, GMB talde bezala urteko azkeneko irteera egin dugu, Araban hasi (Antoñana herrian) eta nafar lurraldeko Genevillan bukatuz.
Goizeko 9:30 aldera hor ginen 58 mendizale, Antoñanan hasteko prest. Hara iristerako, autobusa Ordizian hasi, Beasaindik eta Idiazabaldik pasatu eta Azazetatik zehar iritsi da abiapunturaino. Goizean euri pixka bat egin arren, gero itxurako eguraldia egin digu; hori bai, haize freskoarekin.
Antoñanan hasi orduko, IL/GR1 ibilbidea izan dugu lagun ia bide osoan. Ubide baten ondotik Bujandaraino joan, gero Durruma Kanpezutik nafar lurraldean sartu eta, jarraian, Sotako urtegia pasa dugu, Cabredora iristeko; handik aurrera arazorik gabe, Genevillan bukatu dugu aurtengoa lau bat orduko ibilaldiaren ondoren. Bukaera emateko lotuta genuen bazkari eder bat eta garbantzuak nahi adina erosi ondoren bueltatu gara arratsaldean gure txokoetara.
Ibilbidea eta denborak:
Antoñana (hasiera) (604 m), errepidea gurutzatu (651 m; 2,75 km 0:30), erretena (653 m; 4,5 km; 1:05), Bujanda (630 m; 5 km; 1:15), Udal muga (804 m; 7 km; 2:00), Durruma Kanpezu (825 m; 8,9 km; 2:25), Lurralde muga (804 m; 11,2 km; 2:50), IL/GR1 utzi (660 m; 13,1 km; 3:15), Sotako urtegia (653 m; 13,75 km; 3:20), Cabredo (673 m; 15,7 km; 3:40), Genevilla (bukaera)(650 m; 18,3 km; 4:21).
Desnibel metatua: igoeratan: 460 m; jaitsieratan: 433 m.
Atarikoak/Preliminares/Informe de Dureza
Mapa
Profila
Aireko bista
Antoñanatik abiatuta
Nafarroako Antoñana herrian hasi dugu aurtengo azken ibilaldia. Erdi Aroko hiribildu harresitua da Antoñana, 1181. urtean sortua eta 1995ean Kultura Ondasun gisa Monumentu Multzo izendatua izan zena. Herriko trenbide zaharraren geltokia, berriz, eskualdeko ibilbide berdearen interpretazio zentroa da gaur egun, eta turismo bulegoa ere bai.
Ubidean zehar
Hasi eta laster ondo eraikitako ubide bat topatu dugu eta haren ertzetik egin dugu nahiko tarte luzea. Une batean Antoñanatik Bujanda aldera doan A-3136 errepidea arazorik gabe gurutzatu eta ubideko ura biltzen duen putzu baten ondotik igaro gara. 1939an baimendu zen errepidea egiteko lana. Kanpezuko Asfaltos Naturales enpresak eraiki zuen eta 1956an Arabako Foru Aldundiari eskaini zion, hasieran meategiko garraioetarako izan zena herri-bidea izan zedin.
Bujanda ondoan
Aurrera eginez Bujanda herrira heldu gara. Bidean goazela Bujanda inguruan dauden mendi tontorrak azaldu zaizkigu, zein baino zein tenteago: Muela izenekoa bata (1.055 m), eta Soila bestea (994 m), azken hau Gaztelua (867 m) mendia inguruan duela. Izki mendilerrokoak hirurak eta haien artetik igarotzen da izen bereko ibaia ere. Kanpezuko udalerria osatzen duten bost herrietako bat da Bujanda eta hango Jasokundeko Andre Mariaren elizaren barruan daude San Faustoren gorpu ustelgabearen erlikiak.
Durruma Kanpezura bidean
Bujandatik Durruma Kanpezu aldera jo dugu, betiere Gironako Ampuriasetik Finisterreraino doan IL/GR-1 bidetik . Hantxe aurkitu dugu eguneko aldaparik luze eta “gogorrena”, baina zailtasun handirik gabea. Erdialdean, leku egoki batean, hamaiketakoa egin dugu, denok edo gehienok eguzkitan, eguraldi freskoa baitugu gaurkoan. Laino beltz handiak ikusita, euria egingo ote zigun beldurra ere izan dugu uneren batean, baina zorionez ez dugu horrelakorik izan.
Muela gailurra
Hamaiketakoaren ondoren, lehen ikusitako mendi tontorra inguratu dugu, bere hagin itxuragatik Muela izena duena. Oraindik laino dezente egon arren, eguzkiak argitzen ditu goiko harkaitz distiratsuak. Laster heldu gara 1965az geroztik Bernedo udalerrikoa den eta aipatu berri dugun mendiaren magalean dagoen Durruma Kanpezu herrira.
Durruma Kanpezu pasata
Durruma Kanpezu herria bitan banatuta dago: herrigune zaharra goialdean eta herri berria behealdean. Argazkian ikusten denez, bi mendi handi ditu atzealdean: lehen aipatutako Muela eskuinaldean eta Peña del Santo izenekoa (1.037 m) ezkerraldean. Azken honek burdinazko gurutze handi du gailurrean eta Durrumako baseliza gailurraren azpian, leize-zulo txiki baten barruan.
Udazken koloretsua Izki mendilerroan
Soro eta zelai handiak ezker-eskuin ditugula goaz bidean aurrera, Sotako urtegia inguratuz. Eguzkia eta lainoak lehian ari dira nor gailenduko; tarteka haize ufada batzuk ere izan ditugu eta ordura arteko freskotasuna bizitu egin zaigu. Soro gehienak landuta ikusi ditugu eta haietako batean traktore handi bat lurra iraultzen ari zen atzean hainbat ardatzetako goldetzar bat zuela.
Taldea Genevillan
IL/GR-1a utzita, poliki-poliki lehenbizi Cabredora eta jarraian, udazken zentzuak dituen bide dotore batetik, Genevillara heldu gara. Autobusa zain dugun lekura iritsi aurretik hango iturriaren aurrean egin dugu azken ibilaldi honetako ibiltarion argazkia. Txukuntze-lanak egin ostean, Udaletxera joan gara herriko ostatuan prestatutako txitxirio goxoak txerriki eta guzti jatera. Oso giro onean bazkaldu eta garbantzuak etxera ekartzeko aukera ere izan dugu. Esker mila Genevilla!!!
Bideoa
Estekak/Enlaces