Larragoa–Eztuinaga

Larragoa–Eztuinaga

Nafarroako bira mugaz muga 18. Larragoa (Larraona) – Eztuinaga (Zuñiga) Eguna: 2012-09-11, asteartea. ARABA, OI ARABA! "Araba, oi Araba! zu ote zare aitaren zazpigarren alaba?"(2) Bazegoen bide bat bazegoen zugaitz bat; bainan zugaitz erori hori, bidean oztopoa, oztopoa. Gorka Knörr Goizeko 7:00etan abiatu da autobusa Ordiziatik ibiltari askorekin eta 7:08an jaso gaitu Beasainen beste batzuk. Eguna ilun eta giro epela. Idiazabalen 7:17an jaso ditugu azkeneko ibiltariak. Behe-lainoa ageri da eguna argitu ahala Etxegarate igotzerakoan. Uda ondorengo lehen irteera dugunez, gaurko ibilaldiaren planoa, profila eta deskribapena banatu dizkigute zintzo-zintzo. Urtsuarango bidegurutze inguruan argiune bat ikusi dugu baina ostera behe- -lainotan sartu gara, geroz eta meheagoa bada ere. Etxegarate gaina baino lehen zeru argia ikusi dugu baina ez dago garbi-garbia, baditu goi-lainoen zirrimarra batzuk. Aratz (1.446 m) eta Aizkorri (1.526 m) eta inguruko gailurrak argi eta garbi ikusi ditugu. Beriain (San Donato; 1.496 m) eta Lizarraga-Urbasako mendi-barra (1.200-1.300 m) ere garbi ageri dira. Altsasu zeru garbia dela igaro dugu eta Burunda eta Sakana aldeak ere garbi samar ageri dira. Hala ere, Olaztira iristean behe-laino trinkotan barneratu gara eta Arabako lautadarantz hartan murgilduta egin dugu. Aguraindik Opakuako portura jo dugu eta hura igotzean goiak berriro garbi azaldu zaizkigu urrunera laino-hondarrak eta gandua agertu arren. Haren gaina 1.025 m-ko altueran igarota, ostera behe-laino arinetan murgildu gara Ameskoa aldera baina Kontrasta parean garela eguzki-talo horia azaldu zaigu ekialdean inguruak garbituz eta 8:08an iritsi gara Larragoara. Autobusetik jaistean, eguzkiak jotzen du arinkiro ekialdetik eta behe- -lainoaren azken gilboak desegiten ari dira. Giro epela nabari da baina freskora joz. Geure motxilak eta gainerako tresnak prestatu herriko garbitegiaren alboan eta 8:15ean ekin diogu bideari garbitegiaren parean hegoalderantz (770 m). Gari-soroetarako bideetan zehar egin dugu aurrera, igoerak eta batez ere jaitsiera arinak eginez. 700 m-raino ere jaitsi gara errekatxoaren beheko aldean. Inguru horretan Larragoako errota izandakoaren hondakinak albo batera utzi eta gorantz hasi gara beti ere bide zabal eta onetan ibiliz. Mendi-alderantz egin ahala, zuhaitzak ugaltzen hasi dira eta baso natural eta garbitu gabeetan zehar pasatu gara. Behe aldean hariztiak nagusi, erkametz, elorri, lizar, urki eta abarrekin batera. Haritz zahar baten enborrean egundoko erlauntz-itxurako ardagai-multzo horia ikusi dugu hainbat txapelez eratua, guztira 50 bat cm luze eta 30 bat zabalekoa. Bideak sigi-sagaka jarraitzen du tartean mendi-tontorrak eta sakanak edo zuloak direla. Hala pasatu gara nafar-arabar mugan (1.000 m) dagoen Afanagoko sakanaren ondotik eta Mendulinako latsaren ingurutik. Kontrastako sakanen berri ere ematen dute kartelek. Ezarian-ezarian altuera irabazten joan gara Larragoa nahiz Kontrasta gero eta urrunago ikusiz. Laster bidezidor bati heldu diogu eta zangoak nahiz izterrak ez zulatzeko malabareak egin behar izan ditugu. Laharrek, otek eta batez ere elorri-adaxkek nahikoa lan eman digute. Bidezidorrak bidea laburtu digu eta pisten arteko bidegurutze batera iritsi gara. Han langa bat topatu dugu (1.125 m) gorantz doan bide zabalean. Gorantz jarraituta, basoa berehala aldatu da eta pagadian sartu gara. Pago bikainak badaude baina azpian sastrakak eta elorriak ere bai. Bide zabala berriro utzi eta pagadian gora egin dugu bidezidorrean aurrera. Bide-ertzean mugarri bitxi bat ere aurkitu dugu zaldun bat zaldi gainean duen irudiarekin. Hala iritsi gara harkaitz-buru batera eta argitara irten gara ibilbiderik gehiena itzalean eginda. Ezkerrerantz egin eta hegoaldeko bista argiekin Lokitz mendikateko Otzamendi gainera heldu gara (1.255 m). Paldo geodesikoa, postontzi zaharra eta postontzi berria aurkitu ditugu. Bista ederrak zuhaitz-puntek utzi diguten heinean. Hegoaldean Kodes mendikatea Ioar gailurrarekin (1.417 m), Mendebalderantz Lapoblacion tontorra (1.245 m) eta mendebalderago Kantauri mendizerraren zantzoak baina gaur ganduak ez du uzten tontorrak ongi bereizten. Tartean Santa Gurutze Kanpezu eta bere inguruko haran horia herri txikiagoekin. Iparraldean eta ipar-ekialdean Urbasa-Entzia mendikatea, Ameskoatako harana eta atzean oso zikin Andimendi eta Beriain (1.496 m). Ipar-mendebaldean Aratz (1.446 m) eta Aizkorriko mendikatea (1.526 m). Mendebalderago ez da ezer garbi bereizten. 10:50 dira eta hamaiketakoa egin dugu eguzki goxotan, gailurrean bertan barreiatuta. 11:10 inguruan ekin diogu berriz ere ibiltzeari. Hego-mendebalderantz eta hegoalderantz egin dugu, bistan lehen aipatutakoak ditugula eta altuera mantenduz Arnaba gainera (1.200 m) iritsi gara. Postontzia ikusi dugu eta Lokitz mendikateak hegoaldean duen horma ebakia ere bai ekialdetik mendebaldera, lur apur bat dagoen tokian zuhaitzak dituela eta gainerakoan harkaitz biluzia erakusten duela. Beheko haranean gari-soroetako lasto horiak eta tarteka erremolatxa edo gisako landare berdeak ageri dira. Arnabatik beherantz abiatuta lehenik gainik gain egin dugu bidea harlauza zapalen gainean, baina une jakin batera iristean, haitzartean bidezidorrean behera jaitsi gara malda bizian Lanaibar eta Haranibar artean. Aldapaz gainera, arantza ugari izterrak eta zangoak zulatzeko: ote, elorri, lahar eta pinuki latzek bidea erdi-hartua baitute. Bulburina izeneko parajera jaitsi gara eta pista zabalera irten baina beherantz eginda, ostera hura utzi eta zeharkako bidezidorrari ekin diogu Bulburina alde horretan, berriz ere lehengo landare-lagunekin Kapaneta aldean topo eginez. Jada Gastiainen parean, gari-soro batera irten gara alanbre-hesia igarota eta lasto-zuztarren artean egin dugu beherantz errepideraino atzean Lokitzen harkaitz-koska luzearen zati bat ikusten dugula. Errepidean gaintxo batera igo eta ondoren beherantz masustak janez gustura goazela, hura utzi eta ostera beste gari-soro bateko lasto-zuztarren gainean ibiliz gorantz egin dugu eta baso natural itxian sartu gara berriro zeharka baina gorantz doan bide zabal samar batean. 80 bat metro igota, jaisten hasi gara hegoalderantz bide zahar zikin samarrean. Azken bi orduetan, itzalean ere bide-zatiak egin arren, eguzkiak ongi berotu gaitu gune garbietan eta jendeak bukatu egin nahi du gaurko ibilia. Eztuinaga parean dugu hegoaldean baina bidearen bukaerarik ez dugu ikusten. Halako batean zeharka doan bide zabal batera irten gara eta gure bidezidorrak parean jarraitzen du hegoalderantz baina oso zikin dagoela ikusten da. Eskuin alderantz ehun bat metrora Markosek aurkitu du beste behin bidezidor egokia (Zuñiga 2,6 km dioen errotuluarekin) eta bertatik abiatu gara. Bide ona eta itzala dexente, baso naturalaren barnean. Hala iritsi gara Eztuinaga ingurura eta azken kilometroa pista zabal gorrixta gogorrean egin dugu, alboetan zuhaitz landatuak dituzten soroen artean. 19 km ibili ondoren, 14:15ean iritsi gara Eztuinagara eguneko 49 ibiltariak eta han Igorrekin eta gaur ibili gabe harekin egotea nahiago izan duen Joxe Migelekin egin dugu topo. Estimazio izan du Eztuinagako iturriko askak. Asko bertan freskatu gara. Arropak aldatu, txukundu eta autobusean Kanpezura bazkaltzera. Bazkaria, iazko ibilaldian egin genuen toki berean: Casino jatetxea, Arrabal kalea, 29, SANTIKURUTZE KANPEZU (01110) Araba. Telefonoa: 945405420. Bazkalondoan udako kontuak elkarri kontatu ondoren, kalera irten eta taldearen argazkiak atera ditugu; gaur 50 lagun guztira. 16:35ean autobusean sartu eta abiatu gara Goierrirantz. Eguraldi beroa une horretan baina trumoi-lainoak ere agerian tarteka. Azatzeta igaro 17:02an eta Etxegaratetik behera Idiazabala 17:44an. Azeriak bertan utzita, bareak 17:53an gelditu gara Beasainen eta azak, otsoak, ijitoak, arkakusoak, antzarrak, pikuak eta gainerakoak, 18:00ak inguruan Ordiziara iritsi dira. Eguzki-izpiak Goierrin, baina lainotu samar eta denok bihar euria egingo duen itxaropenez. Andoni Sarriegi

Larragoatik irteten

Estekak/Enlaces