Lizarrausti-Etxegarate

Lizarrausti-Etxegarate

Nafarroako bira mugaz muga 15. LIZARRUSTI – ETXEGARATE Eguna: 2012-07-03a, asteartea. NI ZER NAIZ? ZERTARAKO NAIZ? Gizakiari maiz sortzen zaizkio honako galdera hauek: ni zer naiz? Ni zertarako naiz? Galdera hauei ematen dizkiegun erantzuerek adierazten digute gizabidea. Joxe Migel Barandiaran Goizeko 6:34an abiatu gara Beasaindik. Eguna argituta dago eta fresko egiten du, 10ºC, baina eguraldi argi samarra egitea espero dugu. Kaleko argiak erdi-itzalita daude. Ordizian sartu eta beste ibiltari-mordoxka hartu ondoren, 6:45ean irten gara bertatik goizkorri arinekin. Lazkao eta Ataun zeharkatuta, berehala iritsi gara Lizarrustira, 7:15ean. Autobusetik tresnak hartu eta ia-ia ondo esnatzeko betarik gabe ekin diogu basoan zeharreko ibilbideari. Oso fresko, hotz-puntua ere bai Lizarrustin 7:25 inguruan abiatzean, aire finarekin, are gehiago basoan sartutakoan. Aparkalekutik (622 m) abiatu eta parketxearen beste aldeko goeneko etxearen atariko langa gurutzatuta, aurrera egin dugu mendebalderantz basoan zehar doan bide berde eta zabal samar batean, beti ere gorantz eginez. Bide horretan lehenengo bide-seinaleak agertu zaizkigu: Lizarrusti, Etxegarate, San Migel, Arbizu, Lakuntza, Arruazu eta Uharte markatzen ditu, Etxegaraterantz oso ondo markatutako bidea jarraituz, laster bidezidor bilakatu zaigu eta malda handiko bihurtu ere bai Askoaren (836 m) alboko lepoaren bila. Basoan iluntasun handia nabari da laiotz aldeko zokoetan. Askoaren lepora igota, lehenengo Nafarroa eta Gipuzkoa arteko mugarriak ikusi ditugu San Migelgo liosoro izeneko gunean eta bertan hegoaldera eta hego-mendebalderantz eginez igotzen jarraitu dugu. Lepo nagusira iristean, bide-seinaleak ikusi ditugu, Lizarrusti, Etxegarate eta Etxarri-Aranatzerakoak, azken horretarako bi aldeetako norabideak adieraziz gainera. Izenekin saltsa handi samarra dago eta ez datoz beti bat mendiko dokumentuetakoak eta Ataungo Udalak argitaratutako mapakoak. Etxegarateranzko bidea apur batean utzi eta aurkako norabidean Etxarri-Aranatz alderanzkoa hartu dugu hegoalderantz, Nafarroako lurretan. Antatxulara (930 m) iritsi gara eta gain ederrean gora apur bat gehiago igota Txaradigorrira (986 m) ere bai, gaurko punturik altuenera hain zuzen ere. Han trikuharri bikain bat ikusi dugu, gaina hondatu samar izan arren, oraindik ere erdiko ganbara nabarmen duena, inguruan harri askoz inguratuta eta harrespila zabal-handi baten gainean kokatua. Txaradigorriko trikuharria da baina bertan dagoen panel batek bertatik Etxarri-Aranatz alderako gainetan dauden beste 9ren izenak eta kokapenak ematen ditu. Guztiak ere 1917an On Joxe Migel Barandiaranek aurkituak dira. Txaradigorrikoa 1973an Mª Amor Begiristainek induskatu zuen. Barandiaran, Aranzadi eta Egurenek beren garaian, bi argitalpenetan eman zuten gaurko ibilbidean aurkituko ditugun trikuharrien aurkikuntzen berri: Exploración de siete dólmenes de Ataun-Borunda (Donostia, 1920) eta Exploración de ocho dólmenes en Altzania (Donostia, 1921). Txaradigorritik Antatxulara zerbait jaitsita, hego-mendebalderantz egin dugu lehenik Irumugataraino eta mendebalderantz ondoren Etxegaraterantz gainik gain jarraitzeko. Osiñagazuloeta aldean perretxikoak ikusten hasi gara, gibelurdin ederrak, etab. Batzuek saiatu dira afaltzeko adina biltzen. Gainik gain eta pagadi-baso itxian aurrera egin arren, tarteka agertu diren zuhaitz arteko argiuneetatik Aralarko Gaineta (1.280 m), Malkorri (1.330 m) eta Uharrainek (1.221 m) osatzen duten zeharra nahiz Alleko (1.017 m) eta Akaitz txiki (942 m) edota Aizkorri ikusi ahal izan ditugu. Berehala Mintegitxoetako (930 m) trikuharri ezabatu samarrarekin topo egin dugu eta haritzaz diharduen panela ere ikusi dugu bertan. Aurrera jarraituta, Zelatamuinora iritsi gara (940 m) eta bertako trikuharriaren harrespila ere ikusi dugu, erdialdea hustuta dauka. Gora eta behera baina beti ere gainik gain ibiltzen jarraituta hurrengo puntu nabaria Irumugata (962 m) izan da. Han postontzi bat eta prisma triangeluar erako 1777ko mugarri dotore bat aurkitu dugu. Hiru aurpegietan hiru erdal idazkun hauek ditu: Echarri Aranaz 1777, Valle de Burunda 1977 eta V. de Ataun 1977. Mugarriaren gainean mugen norabide-lerroak markatuak ditu. Bertan bide-seinaleak ere aurkitu ditugu: EtxarriAranatz, Lizarrusti eta Etxegaraterako norabideak agertzen dira. Aurrera jarraitu dugu pagadi-basoan igo-jaitsi txikiak eginez eta tarteka zuhaitz-tarteetatik Aralarko Errenaga (1.282 m) eta Putterri (1.299 m) ikusiz. Hala iritsi gara Berrenoko portuaren gainera (820 m). Bertan garbi asko ageri da antzinako galtzada, Ataungo Jauregiberri (Kaxeta) eta Atxurrene artean dagoen Galtzadatzar izeneko tokitik abiatu eta honaino datorrena eta Nafarroako Iturmendi, Urdiain nahiz Altsasu herrietara jarraitzen duena. XIX. mendean Lizarrustiko errepidea egin arte, Berrenoko portu hau izan zen Ataundik Nafarroako Sakanako herrietarako pasabide nagusia. Metro pare bateko zabalera du. Bertan, bide-seinaleak ere badaude eta Ataungo Kaxeta (Jauregiberri), Lizarrusti eta Etxegaraterako norabideak markatzen ditu. Berriz ere gorantz eginez Intsusburuko gainera (940 m) igo gara eta Intsusburuko trikuharriarekin egin dugu topo. Ganbera osatzen duten harlauza handi samarrak baditu baina desordenua da nagusi. Trikuharri hau ere harrespila handi baten gainean dago, ia dena belarrak eta landareek hartua. Inguruan plaka ofiziala ere badu. Goizeko hamarrak dira eta hamarretakoa bertan egin dugu. Intsusburun bertan hego-mendebaldea zuhaitzik gabe dago eta horrek Aizkorriko mendilerroaren (Aitxuri, 1.551 m) alderako bista ederra agerian jartzen dio. Baita Altzaniako mendiena ere, besteak beste Arbarrain (1.118 m), Allaitz txiki (1.174 m), Umandia (1.224 m) eta Allaitz (1.237 m) agerian direla. Tartean Aratz (1.446 m) da ikusgai. Hegoalderago Urbasa eta Olatzagutiko harrobi handia ageri dira. Iparraldean, pagoek utzitako tarteetatik, zatika-zatika ikusten da Ataun San Gregorio aldeko paisaia. Ataungo Iturritxo baserria, Arantzamendi (610 m), Irumugata (726 m), Igartzagarateberri, Arratiñe, Armuño, Muño eta Sabiaga baserriak eta beren mendi- eta muino-mazelak ere ikusgai dira. Ibilbidearen erdia egina dugu jada gutxi gorabehera. Hamarrak eta hogei inguruan abiatu eta ekin diogu berriro ibilbideari, hego-mendebalderantz lehenik eta mendebalderantz gero Igartza izena duen gunerik hegoaldekoenera (843 m) iritsiz. Bertan trikuharri bat aurkitu dugu eta plakak Igartza mendebaldekoa dela dio (espainieraz dago eta Igartza oeste dio). Hau ere, besteak bezalaxe, harrespila handi baten gainean dago baina dena landareek estalita eta harlauzarik ez zaio nabari, bestelako harri-pila galanta baizik. Gero ipar-mendebalderantz hartu dugu eta Saratsamendi (820 m), Larreluze (885 m), Muñogorana (912 m), etab., igarota, Aretza gainera (985 m) iritsi gara. Bidean aker beltz bat ikusi dugu ahuntz-taldeari segika. Basoaren argi-une batean Gabiria eta Zumarragako etxe-multzoak eta inguruak ere ikusgai izan ditugu. Inguru horretan bide-seinaleak ikusi ditugu, Etxegarate, Lizarrusti eta Ataun San Gregoriorako norabideak eta distantziak markatuz. Aretzara iristean, batzuek Balankaleku (913 m) dela esan dute eta gure planoan ere hala agertzen da, baina Ataungo mapak ez du zalantzarako aukerarik uzten. Balankaleku Aretzatik 400 bat metrora dago hegoaldera, beheraxeago eta bertan trikuharri bat dago, baina gu bildu garen gailurrean ez dago trikuharririk. Bista ederrak Aretzatik: hego-mendebaldean Urbasa-Entzia eta ertzean ozta-ozta Baio (1.198 m) eta Mirutegi (1.166 m) tontorrak, mendebaldean Altzaniako mendilerroa, Aratz eta Aizkorriko mendilerro osoa, azpian Etxegarate (658 m), jarraian ipar- -mendebaldean Orixol (1.131 m), Izpizte (1.062 m) eta Anboto (1.331 m) eta bertatik Urbasa-Entziaraino eta Altzania eta Aizkorriraino etengabeko basoak. Halako batean motor-hots durundatsu bat entzun dugu eta zuhaitzen paisaia handi horretan ondo kamuflatuta Espainiako armadaren hiru helikoptero ikusi ditugu, erleak bailiratekeen, beheko ibarrean Etxegaratetik Altsasurantz joaten. Aretza gainera iristean eguerdiko 12ak ziren eta Etxegaratera gehienera ere ordubete behar denez (3 km pasatxo), goiz gabiltzala eta zuzenean Idiazabala ere jaitsi gintezkeela pentsatu da. Gainera, Etxegaratetik bertaraino igo zaizkigu Igor Auzmendi gidaria eta Joxe Maiz ibiltaria. Beraz, bi aukera jarri dira: Etxegaratera jaitsi Igorrekin eta Joxerekin eta autobusa hartu, edota Idiazabaleraino jaitsi, bidea ondo ezagutzen dutenak badaudenez. Gutxi batzuek Etxegaraterako bidea hartu dute Aretzan eta Balankaleku (913 m) eta Beturtzin (875 m) igarota Etxegaratera (658 m) jaitsi dira, Alaska hotelera, 13:00ak inguruan, 17 km eginda. Beste guztiok gainik gain jarraitu dugu Izozkoko gainera (947 m), Pralatara (930 m) eta Aietsura (973 m). Hala goazela ehiza-postu batzuk ere agertu zaizkigu, bat oso bikaina zurezko eskailera eta guzti pago-puntaraino jasoa eta alboan mahai handi bat, jarlekuak lau aldeetan dituela. Dirudienez ehiztari-talde handi samarrak biltzen dira gain hauetan. Aietsuko gainaren (973 m) inguruan Aitxu izeneko trikuharriaren errotulu ofiziala ikusi dugu baina trikuharritik gutxi dauka, mairubaratza itxuran zirkuluan dauden harri banatu batzuek baino ez. Pralatan bertako trikuharria ikusi dugu errotulu ofizial eta guzti, beti bezala harrespila handi baten gainean baina bera nahikoa desegina eta landareek estalia. Aurreraxeago eta beherago, Napalatzako trikuharria azaldu zaigu, hura ere bere izen ofizialaren plakarekin eta itxura hobea du gainaldeko harriak barreiatuta eduki arren. Biak ere harrespila handien gainean eraikiak. Aietsutik behera aldapa gogorra jaitsi dugu pagadian barrena eta hor bereizketa garrantzitsua izan dugu ia konturatu gabe. Idiazabala jaisteko bidea ongien zekitenek, Ormaolatza eta Lizarragabeko gurutzerantz eta Arantzamendirantz jo dute eskuinaldetik baina haiek ikusi dituzten batzuek perretxiko-bila zabaldu direla pentsatu dute eta ez dute ezer esan eta ez diete jarraitu. Gainerako multzokook ezker alderantz egin dugu beherakoan eta Urtsuaran pareko basoetan ikusi ditugu geure buruak. Ostera eskuinalderako pista bat hartuta hurbildu gara Ormaolatza (656 m) aldera baina leporaino ez eta pista amaitzean bidezidor trakets eta sasitsu batetik pasatu gara beheragoko beste pista batean sartu arte. Gero pista horrek ere bi aukera eskaini dizkigu eta Markos Etxeberriak aurrera egin duen arren, gainerakook parean beherantz sigi-saga jaistea hobetsi dugu eta Urtsuarango errepide-irteerara ailegatu gara 13:45ean, 24 bat km eginda. Autobusari deitu telefonoz eta Igor zintzo asko etorri da gu jasotzera. Idiazabalgo eskoletan arropak aldatu eta Axari elkartera joan gara bazkaltzera. Ordurako aspaldixko iritsiak ziren Ormaolatzatik eta Lizarragabeko gurutzetik beherantz etorriak eta bazkaria banatzeko prestakuntzetan ari ziren. Mahaietan kokatzen ari garela, Markos Etxeberria iritsi da, pistan jarraitu, Bentatxiki ingurura jaitsi eta handik herrira espaloitik etorrita, 26 bat km edo gehiago eginda. Beraz, lau zatitan bada ere, denok onik iritsi gara bazkaltzera. Bazkaria, esan bezala, Idiazabalgo Axari elkartean egin dugu Ordiziako taberna batean prestatu eta eramanda. Idiazabaldarrek eta beste kide batzuek arreta berezia jarri dute jana eta edariak zerbitzatzen. Bazkalondoan ohiko hitzaspertuak egin ditugu eta 16:00etan Gazta-museora abiatu gara museoa bisitatzeko. Giro beroa baina ez gehiegizkoa eta haize apur bat ere badabil. Bi taldetan banatuta ikusi dugu museoa eta irteeran eskaini diguten gazta ere probatu dugu, bazkariaren azkenburukoetan ere gazta janda geunden arren. Museoaren atarian ibiltari-taldearen argazkiak egin ditugu. Argazkian 43 ibiltari sartu gara, beste 3ak geroago azaldu dira-eta. Gaurko banaketak direla-eta, Joanjo Muxika antolatzaile nagusiak, ahopean esan du gaur ez duela ezer esan nahi baina hurrengo batean, lasaiago, gauza batzuk esango dituela. Nire iritziz ez zaio arrazoirik falta. 17:30ean abiatu gara Idiazabaldik eta 17:38an iritsi gara Beasaina. Beasainen batzuek utzi eta autobusak Ordiziarantz jarraitu du gainerako ibiltariak han uzteko. Andoni Sarriegi

Lizarrustitik irteten

Estekak/Enlaces