(2024-09-19an, osteguna)
Gaur, irailak 19 osteguna, Ordiziatik autobusez irten gara goizeko 6:00etan GMBko 48 mendizale. Basinagre auzora joan gara EHB-ko 16. ibilaldia egitera. Goizeko 8:05ak aldera abiatu gara, primerako eguraldiarekin. Bidexka estu eta, tarteka, nahiko itxi batetik igotzen hasi, Pico de la Rasa eta Jorrios mendien azpitik eta albotik pasatu eta borda baten inguruan gelditu gara mokadu bat jatera. Ibilbideari jarraituz, bidezidor nahiko harritsu eta itxia zeharkatu dugu Campapedro lepora iritsi arte. Jarraian, besteak beste, Berezal, Crucelares, Carcelares eta La Rasa tontorrak pasatu ditugu. Hemendik aurrera bidea itxiagoa eta harritsuagoa bihurtu da berriro, gure erritmoa motelduz. Raneroko lepotik behera jaisten hasi eta 14:15ak inguruan Pozalaguako kobazuloaren ondoan bukatu dugu ibilaldia. Kobazulo ikusgarria bisitatu ondoren, bazkaltzera joan gara ondoko jatetxera.
Ibilbidea eta denborak:
Basinagre auzoa (130 m), Pico de la Rasa (665 m; 3,5 km; 1:25), Jorrios mendia (832 m; 4,9 km; 2:15), Campapedro lepoa (746 m; 5,3 km; 2:45), Berezal (796 m; 5,9 km; 2:50), Crucelares (733 m; 7,7 km; 3:15), Carcelares (723 m; 8,4 km; 3:25), La Galupa (648 m; 9,3 km; 3:40), Surbias (629 m; 10,5 km; 3:55), La Rasa tontorra (618 m; 11,5 km; 4:05), Mazarredonda (640 m; 12,9 km; 5:05), eta Pozalaguako kobazuloa (506 m; 14,8 km; 6:15).
Desnibel metatua: igoeratan: 874 m; jaitsieratan: 524 m.
Mapa
Profila
Aireko bista
Mendizaleok Basinagretik abiatuta
Turtzioz udalerriko Basinagre herritik abiatu eta berehala, Armañongo parke naturalean gora egiten du bideak. Turtziozko beste herri baten, Pandoren, eta Kantabriako mugaren artean dagoen herri honetan, Basinagre errota dago, Eusko Jaurlaritzak 2001ean monumentu izendatu zuena.
Malda harritsu eta gogorretan Jorriosko lepora bidean
Jorrios mendira bidean, ibilaldiko lehen zati gogorra egokitu zaigu. Tarte batzuetan bidea nahiko ondo seinaleztatua dagoen arren, zenbait unetan seinaleak galdu edo lausotu egiten dira eta, horrek, are gehiago zaildu digu zoru lakar eta gorabeheratsuan ibiltzea.
Mendizaleok Jorrios mendatean
Jorrios mendiko lepora iristean, ordura arteko bidea ikusita eta handik tontorrerainokoa eta itzulera antzekoak izango zirela iritzita, aurrera egitea erabaki da. Erabaki zuzena inolako zalantzarik gabe.
Armañon mendilerroa zeharkatzen
Lehen zati gogorra gaindituta, bidea leundu egin zaigu eta alfonbra berdearen gainean goaz. Bizkaiko mendebaldean dagoen Armañongo mendilerro eta parke naturalean gabiltza. Argazkien karpetan ikus daitekeenez, ganadu asko dago goi-larre hauetan, behiak eta zaldiak batik bat.
Alto de Carcelares mendiaren inguruetan
Carcelares mendia Armañongo mendilerroan dago eta haren hegoaldean (argazkian ezkerraldean) Karrantzako haran xarmagarria ikus daiteke. Iparraldean, aldiz, tarte luzean atentzioa eman digun Pico de las Nieves mendia, tontorrean ermita duela. Gainez gain gabiltza eta bidean historiaurreko hainbat tumuluen ondotik ere igaro gara.
Taldea inguru ederretan
Eguraldi zoragarria izan dugu ibilaldi osoan zehar. Laino izpirik gabe eta zeru urdinarekin, Armañongo hainbat tontor atzean utzi eta azken zati gogorrari ekin aurretik irribarretsu ageri gara argazkian. Laster hasiko zaigu aurpegia aldatzen.
Pozalaguara iristen
Eremu karstikoan murgildu gara berriro eta horrekin batera zailtasunak areagotu egin zaizkigu. Jorrios aldeko bide harritsuaren antzekoan gabiltza eta Raneroko lepora arte aldapa gogorra igo behar izan dugu. Igoera ez ezik, Pozalaguako jaitsiera ere tentea da eta hori nozitu dute bai gure zangoek.
Pozalaguako leizezuloko irudi bat
Pozalaguara iritsi orduko, hango kobazuloa bisitatzera joan gara. Gida jatorrak ongietorria euskaraz eman digu, baina gero gaztelaniaz (lastima) azaldu dizkigu lurpeko katedral hartan ikus daitekeen guztia: estalaktitak, estalagmitak, zutabeak edota norabide guztietan hazten diren estalaktita eszentrikoak. Bizirik dagoen kobazuloa dela esan digu eta hori frogatzeko argiak itzali eta erabateko ilunpean ur-tanten jarioa entzun ahal izan dugu. Oso bisita polita izan da.
Bideoa
Estekak/Enlaces