Perriain
Perriain
(2024-04-27an, larunbata)
EMFaren mendeurreneko “100 urte 100 mendi” ekimenaren barruan, GMBko mendizaleok Perriain mendiko tontorrera igoz parte hartu dugu.
Goizeko zazpietan Goierritik bi autobusetan abiatuta, 84 mendizale (gizon etaemakume) Arabako Done Bikendi Harana herrira hurbildu gara; han, euria zarra-zarra ari zuenez, ia ordubetez atzeratu dugu irteera, baina atertzen ez eta Alda aldera abiatu gara landa eremuko bide eta bidezidorretatik, pago, haritz eta soro artean. Alda herrian, jada ateri, pistan gora egin dugu Mojonlargo izeneko mendi-lepora, Perriaingo azken aldapa pagadi eder batetik igotzeko. Tontorrean ostarte batzuk izan ditugu, eta Mikel Laboaren “Txoriak txori” abestuz, giro hunkigarrian egin dugu mendizaleon argazkia GMBren eta eguneko ekimenaren banderak aurrean ditugula.
Gailurretik gertu hamaiketakoa babesean egin ondoren, Makillanoko bidezidor aldera jo dugu. Hara goazela, Pirinio arrazako bi behi-talde aurkitu ditugu, nahiko aztoraturik, baina kontu handiz eta haiek gehiago ez aztoratzen saiatuz, Berrabiako sakanean murgildu gara. Jaitsiera polita duen sakan malkartsu horretan, beste zaparrada bat jasan behar izan dugu.
Hegoalderantz goaz, eta landaredian ere antzematen da, lehen gorakoan pagadiak bezala, orain beherakoan geroz eta Mediterraneo aldeko zuhaitz mota gehiago ikusten baitira, artadiak batik bat, eta, beherago berriz, koltza, gari eta garagar soroak.
Beatasisko Andre Mariaren baselizatik igaro ondoren, Zuñigako herri dotorera iritsi gara. Han, bi autobusak zain ditugu Maeztura bazkaltzera joateko. Ederki bazkaldu eta egun on bat igaro ondoren, pozik itzuli gara Goierrira arratsaldeko seiak aldera.
Ibilbidea eta denborak:
Done Bikendi Harana (804 m), Gomizara (801 m; 1,5 km; 0:28), Urkitza (806 m; 2,1 km; 0:40), Alda (811 m; 3,2 km; 1:00), Mojonlargo inguruan (1.001 m; 5,2 km; 1:36), Perriain/Cruz de Alda (1.122 m; 6,1 km; 1:56), Markilanoko bidexka (987 m; 7,7 km; 2:52), Errekabion erreka (977 m; 8,5 km; 3:06), Berrabiako sakana (686 m; 10,6 km; 3:37), Beatasisko ermita (624 m; 12,2 km; 4:15), Zuñiga (566 m; 13,9 km; 4.44).
Desnibel metatua: igoeratan: 347 m; jaitsieratan: 573 m.
Mapa
Profila
Aireko bista
Done Bikenditik irtetzeko unea
Euria, hotza, haizea, txingorra... bainan mendizaleak aurrera
Alda herria pasatuta
Perriain gailurrera iristen
Taldea Perriainen
Zuñigako bidean
Zuñigara iristen
Bukaeran 84 mendizale
100 urte 100 mendi (Perriain)
Estekak/Enlaces