Arthanolatze
Arthanolatze
Ibarbürüko lepoa - Burdinkurutxetako lepoa
(2025-06-24an, asteartea)
Gaur asteartea, ekainak 24, goizeko 5:30ean Goierrin elkartu eta autobusez Maule herrira joan gara 27 mendizale, zazpi euskal hiriburuetako Maule eta Donibane Garazi arteko 3. zeharkaldia egitera. Goizeko 8:50ak aldera abiatu gara Ibarbürüko mendatetik. Hasieran behe-lainoa zegoen, baina igotzen hasi eta pixkanaka desagertzen joan da, eguraldi eta paisaia ederraz gozatuz.
Lehenengo bi kilometroak arinak izan dira Arhantsüseko lepora iritsi arte. Hemendik aurrera, igoera gogortzen hasi da eta Eskaleta mendiko igoeraren erdian mokadu bat jan dugu indarrak berritzeko. Gero, igotzen jarraitu dugu eta tontorrera iritsi baino lehen taldeko argazkia atera dugu. Jarraian, batzuk gailurrera joan diren bitartean, besteak poliki-poliki ibilbidean aurrera jarraitu dugu eta Arthanolatze tontorrean elkartu gara berriro denok. Gora eta behera eginez jarraitu dugu ikuspegi bikainekin, Iratiko pagadiak, Pirinioak, eta Zuberoa eta Nafarroa Behereko haranak ikusiz. Ondoren, Xardeka eta Mendibeltz tontorrak zapaldu ditugu. Azkenean, jaisten hasi eta Burdinkurutxetako lepoan 13:20ak aldera amaitu dugu ibilaldia.
Autobusa hartu eta Donibane Garazira joan gara bazkaltzera eta arratsaldeko laurak inguruan abiatu gara Goierri aldera.
Ibilbidea eta denborak:
Ibarbürüko lepoa (967 m), Bürdüñolhatzeko lepoa (904 m; 1 km; 0:15), Arantsüseko lepoa (934 m; 3,4 km; 0:50), Hiribidea utzi (1.158 m; 4,2 km; 1:20), Eskaleta mendia (1.466 m; 7 km; 2:35), Arthanolatze mendia (1.530 m; 8,3 km; 2:50), Burkidoïko lepoa (1.393 m; 9,1 km; 3:10), Xardeka mendia (1.437 m; 9,8 km; 3:20), Mendibeltz mendia (1.403 m; 11,5 m; 3:55) eta Burdinkurutxetako lepoa (1.127 m; 13,4 km; 4:30).
Desnibel metatua: igoeratan: 834 m; jaitsieratan: 691 m.
Mapa
Profila
Aireko bista
Ibarbürüko lepotik abiatu berritan
Lainopean zegoen Ibarbürüko lepotik abiatu gara, Zuberoan, Ahüzkiko iturritik gertu. Ikusmira lausotua gorabehera, giro bikaina dago ibiltzeko eta gartsuki heldu diogu Maule eta Donibane Garazi arteko 3. etapari. Laster utzi ditugu atzean Ibarbürüko lepoko aterpea eta Bürdüñolhatzeko lepoa.
Lainoak ezkutatzen zuena
Gu bezalaxe eguzkia ere goiz hasi da lanean eta, poliki-poliki, xurgatu ditu hemen goiko lainoak. Orduan hasi gara lainoak ezkutatzen zituenak ikusten eta miresten. Espektakulu zoragarria benetan, galeperren kantu eta guzti!
Malda gogortzen hasi zaigu
Ez dago asti handirik begira egoteko. Eskaleta mendira hurbiltzen ari gara eta maldak zailtzen hasi zaizkigu. Aldapan gora goazela, une batean, pagadi eder bat zeharkatu dugu, hango itzalaren gerizpean. Bide gozoa dugu, gure oinen gozagarri.
Eskaletako maldetan
Egia esan, Eskaleta mendiak badu eskailera baten antza, mailaz maila igotzen baita; tarte batzuetan aldapa tenteak egokitu zaizkigu, beste batzuetan, berriz, gune lauago eta errazagoak. Ibilaldiko igoerarik gogorrenetako bat, dudarik gabe.
Zeharbidean
Zeharbide gozo hau da lehen esandakoaren adibide garbia. Eskaleta mendira igotzeko aurreikusitako aukera baztertu dugu, besteak beste bide argirik ikusten ez zelako, Lepo txipi aldera doan beste bide leunago hau hartuz. Eguneko gunerik garaienetara hurbiltzen ari gara.
Lepo txipian (1.423 m), atzean Orhi dugula
Lepo Txipian, jada 1.400 metrotik gora gabiltza eta hantxe egin dugu mendira etorritakoen argazkia, atzealdean Orhi mendi dotorea dugula (2.019 m). Gero taldea bitan banatu da, eta, talde nagusiak aurrera egin duen bitartean, taldetxo bat Eskaleta mendiko gailurrera igo da (1.477 m).
Arthanolatzetik behera
Gure Txindokik baino garaiera handiagoa duten mendietan gabiltza. Hurrengo mendia Arthanolatze izan dugu (1.531 m), eguneko gunerik garaiena, eta hantxe elkartu da berriro talde osoa. Handik jaitsi eta jarraian Xardeka tontorra (1.440 m) zapaldu dugu. Berebizikoak dira hemen goitik ikusten diren amildegi eta sakanak.
Hegoak ebaki banizkio...
Goi hauetan ez gaude bakarrik, ordea. Gu inguratzean, amildegi horietara jauzi egin eta hegan hasi dira argazkiko saiak. Ez dira amildegien beldur, gure beldur baizik. Ingurutik igaro garenean, haiek utzitako aztarnak ikusi ditugu harkaitzetan eta harkaitz ondoetan.
Mendibeltzeko maldetan
Xardeka atzean eta saiak hegan utzi, eta hurrengo mendi tontorrerantz abiatu gara. Hantxe egin dugu azken ahalegina malda estu eta tente batean, Mendibeltz mendira (1.411 m) heldu aurretik. Zuberoa eta Nafarroa Beherea artean dagoen Harsüdürra mendilerroko mendiak dira hauek guztiak.
Helmugara iristen
Azken tontor horretatik ederki ikusten da Iratiko soroa izeneko gunea. Gaur, ordea, ez goaz hara eta mendian behera egin dugu helmugara bidean. Laster bistaratu zaigu autobusa Burdinkurutxetako lepoan eta hara heldu gara 4 ordu eta erdiko ibilaldiaren ondoren. Jarraian Donibane Garazira joan gara bazkaltzera (Cafe Ttipia jatetxea).
Paisaia zoragarri hauetaz gozatu nahi duenak, klikatu beheko Argazkiak laukitxoan. Ez da damutuko.
Bideoa
Estekak/Enlaces