(2026-03-24an, asteazkena)
Gaur martxoak 24, asteartea, goizeko 7:30ean 48 mendizale Goierrin elkartu eta gure ingurutik gertu dagoen paraje zoragarrienetariko batera joan gara. Autobusez ordu-erdiko bidea egin ondoren, Ilarduia herriaren ingurutik irten eta Aizkorri-Aratz parke naturalean zehar egin dugu txangoa, Araian bukatu arte.
8:20an abiatu eta, lehenik, handik gertu 70 metro inguruko altuera duen Lezea haitzuloa bisitatu dugu. Lezea hau Altzaniako mendilerroan dagoen barrunbe natural ikusgarria da: mendia zeharkatzen duen lurpeko sakana; eta espeleologia eta arroila-jaitsiera zaleentzat harribitxia. Argazki batzuk egin ondoren, etorritako bidetik itzuli, eta Olano (Aitzandia) mendi tontorrerako bidea hartu dugu.
Bidezidor estu batetik, kareharrizko harkaitz artean, gora egin dugu erritmo lasaian, denok isilik. Izan ere, aldapa gogor amaigabeak ez du ematen gehiagorako. Horrela jarraitu dugu bi kilometro inguru mendi lepo batera iritsi arte. Urrutira aurrez aurre ditugu Umandia eta Aratz mendiak, eta behean inbutu antzeko zuhaizti zabal bat bi mendien arteko arroila batean ezkutatzen da. 700 metro gorago dago Olano gailurra. Bidean arantzaz jositako zuhaixka ugari daude eta tentuz ibili beharra dago.
Handik berehala, jaitsiera malkartsu baten ondoren, Aiztxikiko muinoa igo dugu; eta aurrerantz pista batean gora Mugarrinagusira (Arbarain) iritsi gara, antena handi bat dagoen tokira eta Gipuzkoa, Araba eta Nafarroa arteko mugarri dena. Bertan gosaldu eta aurrera egin dugu mendi-bide eta pagadi artean, Aginaran, Harrobigana eta Pagoelortza muinoen albotik, Umandia-Aratz bidegurutzeraino.
Denboraz juxtu xamar gabiltzanez Umandiara igotzea erabaki dugu, eta ezkerrerantz bidea gora hartu eta Atabarrateko leporaino iritsi gara. Handik mendi pikoa berriro. Uste genuen baino luzeagoa egin zaigu Umandiako gailurrera iristea. Han goitik Arabako lautada, Araia eta inguruko herrixkak ageri zaizkigu; eta aurrean, bestaldean, aldenik alde Urbasaraino doan Entziako mendilerroa.
Beherantz egiteko ordua da eta basoan aldapan behera egin dugu, pagoak eta haritzak lagun ditugula, argigune batera iritsi arte. Eskuinera, urrutira, Marutegiko gaztelua ikusten da mendixka baten gainean. VIII. mendean Nafarroako Gartzia Iñigez erregeak eraiki zuenetik, Gaztelaren aurkako borroketan gaztelu giltzarrietako bat izan zen, bere kokapen estrategikoagatik.
Handik hurbil zuhaiztian sartu gara berriz, erreka hotsa entzun dugun arte. Han azaldu zaigu Zirauntza errekaren iturburua. Ur-jauzia haitzetatik behera dator, ur-emari handiarekin. Hortik aurrera, ur-kanala eta Zirauntza ibaiaren arteko xenda batean bizkor, Ajuriako fabrika zaharrera heldu gara. Handik aurrera, errepidea eta bidexka bat txandakatuz, ibaia bistatik galdu gabe, Araia herrira ailegatu gara eguzki ederrarekin.
Arropak aldatu, herriko Bene tabernan bazkaldu eta 16:45 aldera Goierrirantz abiatu gara, egun eguzkitsu eta zoragarri bat ederki aprobetxatuta.
Ibilbidea eta denborak:
Lezea (593 m), Lezea haitzuloa (611 m; 0,5 km; 00:07), Mendi lepoa (962 m; 2,1 km; 1:01), Olano gaina (Aitzandia) (1.081 m; 2,8 km; 1:34), Aiztxiki (1.055 m; 3,2 km; 1:54), Mugarrinagusi (Arbarain) (1.115 m; 4,9 km; 2:23), Aginaran muinoa (961 m; 6 km; 2:40), Harrobigana (918 m; 6,6 km; 2:49), Pagoelortza gaina (890 m; 8 km; 3:11), Umandia-Aratz bidegurutzea (1.056 m; 9,25 km; 3:42), Atabarrateko lepoa (1.090 m; 9,99 km; 3:57), Umandiako gaina (1.221 m; 10,89 km; 4:17), Zirauntza errekaren iturburua (775 m; 12,5 km; 5:25), Ajuriako fabrika zaharra (648 m; 13,8 km; 5:40), Araia (598 m; 15,2 km; 6:12).
Desnibel metatua: igoeratan: 914 m; jaitsieratan: 901 m.
Mapa
Profila
Profila
Aireko bista
Lezea atzean dugula abiatu gara
Goierritik oso urrun ez dagoen Arabako Ilarduia herrixkara joan gara gaurkoan. Handik hurbil dago Lezea haitzuloa eta haren ondoko aparkalekutik ekin diogu gaurko etapari. Haitzuloraino hurbildu gara lehenbizi, ikusteko moduko leizea baita hura. Guk hamaika argazki atera dizkiogu, baina han beste zereginik gabe argazkiak ateratzen ari den gizaseme bat topatu dugu; antza denez, ur-zozoren bat ibiltzen omen da han atzera eta aurrera, eta hura kamerarekin noiz harrapatu zain dago. Ez du pazientzia makala.
Arabako lautada behean utzita
Leize-zulotik berriro aparkalekura itzuli eta La Leze gaztandegi sonatuaren ondotik igaro ostean, Lezea inguruko malkarretan gora abiatu gara. Hasieran, tarte batean, kate batzuk daude goialdeko harkaitzetan loturik norbaitek haren beharrik izanda ere, eskura, erabiltzeko moduan. Tarte hura igarota, jarraian porlanez estalitako hodi lodi baten azpitik igaro behar izan dugu. Metro batzuk gorago, Agurain aldeko lautada eguzkiaz argiturik ikusi ahal izan dugu gure behealdean.
Aldapa pikoan gora
Arabako lautada behean dugula eta urrunean, besteak beste, Aratz mendia gailur aldean oraindik elur pixka bat duela ikusten dugula, Aitzandia edo Olano mendian gora goaz; aldapa pikoa da eta igoera honetan abiadura ez da handia izan. Lasai, ez dago presarik; baina poliki-poliki iritsi gara Aitzandia mendiko lepora. Handik ere ikusmira ederra dago; haitzarte batean, gero Lezeako haitzulotik irteten den Artzanegiko errekaren ura nondik abiatzen den ikusten aritu gara.
Aitzandia (Olano) tontorrera iristen
Goizeko freskurak uxatzeko ondo etorri da hasierako aldapa hau. Goizeko freskurak uxatzeko ondo etorri zaigu, halaber, goizean goizetik dugun eguzkia. Eta bidean hasierako zenbait jantzi erantzita inguratu gara Aitzandia mendiko tontorrera (1.083 m). Merezi du haraino igo arteko ahaleginak, handik ikusten den panorama mundiala baita. Iparralde nahiz hegoaldera, ekialdera nahiz mendebaldera begiratu, ikuspegia zoragarria da.
Aitzandia (Olano) mendian
Eta hantxe, leku ikusgarri hartan egin dugu taldearen lehen argazkia (48 lagun). Gero handik apur bat jaitsi eta Olanoko Aiztxikira (1.058 m) igo gara. Hango ikuspegia ere ez da atzean gelditzen. Gure begiei gozatu bat eman diegu, tontor batean zein bestean. Inguruko baso eta pagadiak, Entzia mendilerroa, urrunean Aratz eta Aizkorri mendiak,… zer ez da ikusten goi hauetatik!
Arbarain mendira heltzen
Olanoko Aiztxikitik Arbarain mendira (1.118 m) joan gara hurrena. Hemen dago Araba, Gipuzkoa eta Nafarroa arteko muga eta Euskal Mendi Federazioaren Ehun Urte Ehun Mendi ekitaldiaren barruan zegoen mendia ere bada. Guk ere, horiek denak ez bada, horietako batzuk igo nahi ditugunez, hau behintzat zerrendan sartuko dugu. Hemengo ikuspegia hain dotorea ez bada ere, hamaiketakoa hantxe egitea erabaki dugu, ibilaldiko bigarren zatiari ekin aurretik.
Pagadi ederretan barna
Indarrak berritu ondoren, eguneko baso gune handienean murgildu gara. Pagadi lerden eta dotoreen artean, ehizarako postu ugari topatu ditugu; batzuk berritu premia dutenak, baina ondo berritutakoak ere bai, eta garaiera handikoak asko. Pagadietan goroldio gune xarmantak ageri dira, hango harri eta harkaitzetara ondo itsatsiak. Zuhaitzak oraindik hostorik gabe ageri badira ere, gure botekin kraska-kraska zapaltzeko nahiko orbela badago zoruan.
Harkaitz baten tontorrean Marutegi gaztelua
Pagadi artean gabiltzala, azken mendi-tontorra igotzeari ekin diogu. Bidezidor argirik gabe, emeki-emeki igo gara Umandia mendiko gailurrera (1.225 m). Ibilaldiko gune gorenean gaude. Taldearen argazki berri bat egin ondoren, goitik beherako bideari heldu diogu. Pago eta haritzen artean, soilgune batera iritsi eta harkaitz baten erpinean XI. mendeko Marutegiko gaztelu zaharraren aztarnak ikusi ahal izan ditugu. Leku egokian dago, bai, han ingurutik igarotzen diren bideak zaintzeko.
Zirauntza errekaren iturburua
Goitik beherako bidean jarraituz, Zirauntza errekaren iturburura edo iturburuaren ingurura iritsi gara. Presa moduko bat dago eta handik ura ubide batetik eramaten dute zentral hidroelektrikoraino. Presaren gainetik ere urak jauzi egiten du ibilguan behera jarraitzeko. Tarte batean ubide haren ondotik joan gara, erreka bera geroz eta beherago gelditzen dela. Garai honetan duen emariarekin, ikusgarria dago, tarteka-marteka osinak eta ur-jauzi txiki dotoreak eratuz.
Zirauntza erreka
Zirauntza errekarekin batera gu ere inguratu gara Araia herrira. Herriraino iritsi aurretik, garai bateko Ajuria lantegiaren eta zentral hidroelektrikoaren ondotik igaro gara; azken honen inguruan, herriko zenbait gunetan bezala, orduko lantegietan erabiltzen zituzten makina eta tresna zaharrak ageri dira aire zabalean.
Gaur helmuga dugun Araia herrian zain dugu autobusa. Egin beharreko aldaketen ondoren, Bene tabernara hurbildu eta hantxe bazkaldu dugu harmonia paregabean. Araiako Goikoetxea kaleko 1. zenbakian dagoen tabernan, etxekoandreak modu ezin hobean artatu gaitu, Goierrira itzuli aurretik. A ze egun ederra gaurkoa ere!!!
Bideo
Estekak/Enlaces