IBARBÜRÜKO LEPOA-BURDINKURUTXETA
(2025-06-24an, asteartea)
Ibarbürüko mendatetik abiatuko gara, garai bateko Ahüzkiko (wikipedia) bainuetxea atzean utziz. Lehen kilometroak arinak izango dira, Lutogainako muinoaren magalean, Arhantsüseko lepora iritsi arte. Handik Eskaleta (mendikat) tontorrera eramango gaituen eguneko igoerarik gogorrena egingo dugu, Bagargietako lepoa–Lojibarrea (gmb) etapan igo genuen mendira, hain zuzen.
Handik aurrera, gora eta behera, zenbait gailurretara igoko gara, ibiltzeko errazak diren belarrezko muinoetatik, eta ikuspegi bikainekin, Iratiko pagadiak, Pirinioak (aurreko etapan bezala) eta Zuberoako eta Nafarroa Behereko haranak ikusiz. Harsüdürra (mendiak) mendilerroko tontorrak zeharkatzen ari gara. Eskaleta, Arthanolatze (luberri), Xardeka, Ataramatze eta Mendibeltz (mendiak) mendi-gailurrak zapalduko ditugu.
Azken tontor horretatik Burdinkurutxetako (wikipedia) lepora jaitsiko gara.
IBARBÜRÜKO LEPOA-BURDINKURUTXETA
Gaurkoan haraino helduko ez bagara ere, Iratiko oihanak (wikipedia) merezi ditu hitz batzuk. Europako oihan garrantzitsuenetarikoa da eta pagadi hoberenetarikoa gainera. Irati Nafarroako oxigeno eta ur fabrika handiena da, herrialde osoaren onurarako. Irati ura da, oxigenoa, egurra, belardiak… Ez da baso bat, Oihan bat da.
Zuberoan eta Baxe-Nafarroan baso gutxiago dituzte larreak baino, Zaraitzun pagadi-izeidi zabala dago eta Aezkoan pagadia nagusitzen da. Badaude, hala ere, bestelako landare-espezieak. Han-hemenka haritzak ditugu, historia-aurreko basoaren arrasto, eta zona batzuetan hariztiak ere bai. Baso-berritzeko pinuak, zumarrak, astigarra… eta bestelako espezieak mendian barreiatuta, hurritzak, gorostiak eta bestelako sasiak. Iratzea ere ugaria da, eta honek ematen die izena oihanari eta ibaiari.
Faunari dagokionez, hartza egon zen XIX. mendearen amaierara arte. Otsoa XX. mendearen lehen herenera arte egon zen; datuak daude 1928an Luzaiden eta 1895 Orbaizetako Olan izandako erasoari buruz. Oreina ehizarengatik desagertu zen eta 1956an sartu zen berriro. Basurdeak, azeriak eta orkatzak ere badaude, beste animalia txikiagoekin batera: basakatua, azkonarra, lursagu gorria, ipurtatsa, sahatsuria, Pirinioetako igela (wikipedia), arrabioak…
Hegazti ugari ere badago Iratin, ikusten zailak direnak, baina errazak entzuten. Okil gibelnabarra (wikipedia) azpimarratuko dugu, altxor ornitologikoa izateagatik. Gainera, putreak, ugatzak, arranoak, belatzak, bestelako okilak, elur txoriak, erregetxoak.. ere ikus ditzakegu. Ezin dugu ahaztu Irati Europako hegaztien migraziorako pasabide dela.
Aurre-historiatik egon da gizakia Oihan honetan, noizean behineko bizilagun anitzekin. Erdi Aroko bidelapurrak, babesleku bila etorritako soldaduak, mendiko langileak (ikazkinak, artzainak, egurginak, mandazainak) eta baita II Mundu Gerrako naziak ere, ibili dira bertatik. Ezin ahaztu kontrabandoan ibilitakoak eta makiak. Gaur egun, zerrenda honetan gehitzen azkenak, turistak eta bisitariak, Iratiko paisaiak erakarrita.