Arrada - Zarrakaztelu
(2023-02-21, Asteartea)
Aurrekoaren antzeko etapa, bai luzerari (25 kilometro inguru), bai eta metatutako desnibelari dagokionez ere. Oraingoan, gehienbat, Bardeako (wikipedia) iparraldean ibiliko gara, El Plano izeneko eremuan. Etaparen erdialdera (12. kilometroan, gutxi gorabehera), eguneko lekurik garaienetan ibiliko gara, Cornialto (509 m) mendiaren inguruan.
Bardeako larreak erabiltzen dituzten herriek sarrera bat baino gehiago dute larre horietara joateko. Horietako bat, Zarrakaztelutik gertu dago, eta herri horretatik Sádabara doan NA-128 errepidetik joan daiteke. Errepide hau 36,7 kilometroan utzi eta 4,3 kilometroz pistan ibili ondoren, El Paso izeneko sarrerara heltzen da. Hantxe daude izen bereko aterpetxea eta Bardeako Artzainaren Monumentua. Hemen, urtero, irailaren 18an, airean tiro eginda ematen zaie artzainei larreetara sartzeko baimena.
Cornialtotik aurrera, ordura arte bezala, ibilbidea nahiko laua da Zarrakazteluraino. 18. kilometroaren inguruan koskatxo bat izango dugu, lehenik behera eta gero gora egiten duena, eta azkenik, Zarrakaztelura heldu baino bizpahiru kilometro lehenago kilometro eta erdiko aldapatxo bat, baina oraingoan, amaiera gozoa izateko, goitik behera egiten duena.
· Arrada Murillo el Cuendeko kontzejua da. 2007an 541 biztanle zituen. XX. mendearen erdialdetik aurrera Nafarroa Garaiko nekazaritza guneetan eraikitako herri berrietatik handiena zen.
Arradako gaztelua herriko muino batean zegoen. XII eta XIII mendeen artean eraiki zuten. Arradan, antzinako eraikuntzen arrasto asko ditugu. 100 metro harresi inguru azaleratu dira, eta bi dorreen arrastoak. Egun aztarnategi arkeologikoa da.
San Nikolas baseliza XII.mendekoa da eta atzean nekropolia du, bizilagunak euren jabetzekin lurperatzeko erabiltzen zena.
· Gurutze Santuaren parrokia 60ko hamarkadan eraikia da.
· Festak San Isidrotan eta abuztuko azken asteburuan ospatzen dira.
ZARRAKAZTELU
Zarrakaztelu Nafarroako udalerria da. Arga-Aragon eskualdean kokatzen da, Tuterako merindadean, Iruñatik 70 kilometrora.
1.-San Salbador eliza.
Salbatore eliza XIII. mendeko eraikina da.
XIX. eta XX. mendeetan berreraiki eta handitu zen.
Kanpoaldean duen portada nabarmentzen da.
2.- Abad jauregia ("Malle etxea").
Eraikuntza zibilen artean, Abad jauregia nabarmentzen da. XVI. mendeko harrizko eraikin honek, apaindura errenazentista duen balkoi bat dauka eta Erriberako adreiluzko arkuez osatutako galeria batez errematatua dago.
3.- Santa María la Real de la Oliva monasterioa.
Santa María la Real de la Oliva monasterioa, Nafarroako Zarrakaztelu herrian dagoen XII. mendeko monasterio zistertarra da.
Bere izenak kondairatik asko du, tradizio herrikoiaren arabera, nafar errege bat, arabiarren aurkako borrokan zauritu egin baitzen eta olibondo baten oinean hiltzera joan zen. Olibondoaren lekuan La Oliva monasterioa eraiki zen 1149an zistertarren aginduz. Bere eraikuntza erromanikoa nabarmentzen da, nafar erromanikoaren eraikin garrantzitsuenetako bat delarik.
1880ko apirilaren 24an monumentu historiko izendatu zuten.
4.- Mahastiak.
La Oliva monasterioko mahastiak antzina-antzinakoak dira. Duela 900 urtetik, monjeek “garnatxa” mahastiak landatu eta zaindu dituzte. Gaur egun, mahastietan helduta, mahatsik onenak sortzen dituzte, mahats aberatsa eta ardo bikaina emanez.