ETXALARKO ESKOLA KOMUNITATEA ZUHAITZAK LANDATZEN
Martxoak 21 ortziralean, Landagain eskolako eskola komunitate guztia “Axeri Lepo” inguruan zuhaitzak landatu genituen.
Urteko ohiturari jarraituz, ikasleak, irakasleak, familiak eta udalak, “ zuhaitzaren eguna “ ospatzeko aukera izan genuen.
Goizeko 9:00etan ikasle guztiak beti bezala eskolara etorri ziren. HH-ko ikasleak eskolara sartu ziren bezala, LH-ko ikasleak kirol pistan elkartu ziren. Behin denak elkartu ginenean ( ikasle zein irakasleak ) Axeri Leporantz abiatu ginen. Bidean, Meakako parajean hamaiketakoa egin genuen eta bertan dagoen iturrian, ur botilak betetzeko aukera izan genuen.
LH-koak hamaiketakoa egiten ari ziren bitartean, HH-koak familien kotxeetan Axeri Leporantz igotzen hasi ziren. HH-koek egunaz gozatu ahal izateko, familien laguntza ezin bertzekoa dugu; beraiek baitira ikasleak garraitzen arduradunak. HH-koak Axeri Lepora iritsi eta hamaiketakoa egiten zuten.
Aurreko egunetan, herriko albinteak, zuhaitzak landatu behar genituen lekuan, zuloak egin zituen.
11:30ak inguru, LH-ko ikasleak iritsi, motxilak kendu eta ur pixka bat edan ondoren, udal langilearengana gerturatu ginen. Eskolako ikasle eta irakasle guztiak lurrean eserita genundela eta familiak gure inguruan zeudela, udal langileak landaketa nola izanen zen adierazi zigun; hau da, Landaketaren inguruko xehetasunak eman zizkigun. Landatu genituen zuhaitzak, Pagoak izan ziren.
Adierazpenak entzun ondoren, ikasleak eta irakasleak 8 taldeetan banatu ginen: HH-ko 3 talde eta LH-ko 5 talde sortuz. Talde guztietan adin ezberdinetako ikasleak zeuden; 1.mailatik 6.maila bitarteko ikasleak nahasturik zeuden, baita 3 urte 5 urte bitarteetan ere. Familiak taldeetan txertatu ziren eta landatzen lagundu gintuzten.
13:00etan landatzen bukatu eta bazkaltzera joan ginen. Axeri Lepoko magalean denak elkartuta, bazkaldu genuen. Jolasteko denbora izan genuen baita bertako parajeaz gozatzeko aukera ere.
14:00etan itzultzeko ordua iritsi zen. HH-ko ikasleak etorritako kotxeetan sartu eta eskolarantz itzuli ziren. LH-koak berriz, etorritako bidetik eskolara bueltatu ziren. Egun zoragarria izan zen. Ekintzari bukaera emateko, talde argazkia atera genuen. Horrelako ekintzak egiten jarraitu behar dugu, honek, eskola komunitatearen harremana indartzeko balio baitu.
OTSAILAK 11, NAZIOARTEKO EMAKUME ZIENTZIALARIEN EGUNA
Otsailak 11 egunean, eskola mailan, Nazioarteko emakume zientzilarien eguna landu genuen.
Egun honetako helbururik garrantzitsuena,“ Matilda efektua “ zertan oinarritzen zen, jakitea zen. Horretaz gain, zenbait emakume zientzilari ezagutzea eta beraien asmakuntzak jakitea ere zen. Egunaren bukaeran, ikasle guztien artean “ lapbook “ bat osatu nahi genuen.
Goizean zehar, ikasgela bakoitzak bere lanketa egin zuen. Arratsaldean, bazkaldu eta gero, eskola guztia aretoan elkartu ginen “ lapbook “-a puzzle baten antzera osatzeko.
Lapbook-a zatika osatu genuenez, talde bakoitza erdigunera ateratzen zen beraien lanaren aurkezpena egiteko. Aurkezpena bukatzerakoan, beraien lana Lapbookean itsasten zuten. Erdigunera ateratzen lehenak HH3 eta LH 1-eko ikasleak izan ziren. Ondoren HH 1 eta 2 mailetako ikasleak. Gero LH 2 eta 3-ko neska mutilak. Hauek bukatu eta gero LH 4 eta 5-ekoak eta azkenak eskolako zaharrenak izan ziren.
Lapbooka osatua zegoenean, kirol pistara atera ginen argazkia ateratzeko. Egun honetan egindako lana, eskolako atarian jarri genuen, eskola komunitateak ikus zetzan.
Aski ekintza polita eta aberatsa izan zen.
ESKOLAKO KONPOSTA
Abenduak 4 asteazkenean, Bortzirietako zabor mankomunitateko teknikaria den Txomin, eskolara etorri zen eskolako konpostaren egoeraren berri ematera. Orain dela lau bortz urte, eskolan konposta jarri genuen. Bertara, hamaiketako hondarrak eta sukaldean sortzen zen zabor organikoa botatzen genuen. Denbora luze horretan, konposta betetzen joan da eta zer gertatu den eta zer gertatzen ari den ikusteko garaia iritsi da. Konposta bete-betea dago eta ezin daitekeenez zabor organiko gehiagorik bota, teknikariari deitu genion laguntza eske.
Saioarekin hasteko, Txominek bere burua aurkeztu zuen. Ondoren, herrian zehar banaturik dauden zabor ontzi ezberdinen erabilpenaren errepasoa egin genuen; hau da, hori, berde, marroi eta urdin koloreetako ontzietan zer bota behar den, alegia. Hau egin eta gero, Txominek konposta ireki zuen eta honekin topatu ginen: bi koloreetako ongarriarekin.
Txominek erran zigunaren arabera, azpikoa( beltza koloreduna ) konposta bihurtua zegoen, lurra alegia eta erabilgarri egonen litzatekeena. Honen gainean zegoena, usteltzen ari zela erran zigun. Egia errateko bertara joan ginenean ikaragarrizko kiratsa zegoen. Badirudi, azken zati hau ez genuela ongi zaindu eta horregatik zerion usain desatsegina.
Txominek konpostaren zaintza eta nondik norakoak azaldu zizkigun: - zabor organikoari errautsa, hostoak… bota behar zitzaizkiola.
- noizean behin nahasi egin behar zela aire boltzak sortzeko. Nahasteko tramankulua erakutsi zigun.
- konposta ona ateratzeko ongarriak zer behar zuen: janaria, ura eta oxigenoa. - Sortutako lurra zabaldu, idortzen utzi eta iragazi behar zela.
Aski interesgarri iruditu zitzaigun ikusi eta entzun genuena. Orain zein erabilpen emanen zaion pentsatzen hasi beharko dugu.
UDAZKENEKO TXANGOA
Urriak 22 asteartean eta arratsaldez, Landagain eskolako ikasle eta irakasle guztiek “ Udazkeneko txangoa “ burutu genuen.
Ordutegia errespetatuz, eguerdiko 2:20ean ikasle eta irakasleak ohiko sarrera ateetan bildu ginen. Tutoreek gelakideak bildu ondoren, txangoari hasiera eman genion. Adin ezberdinetako ikasleak nahasi ziren elkarri laguntza emateko asmoz.
Eskolatik abiatu eta Iñarreta auzorantz joan ginen. Bide guztian Artañeko erreka ezkerrean genuela, goranzko bideari ekin genion. Bidean aurkitu genituen gaztainak biltzen hasi ginen. Ikasleen artean gaztainak biltzeko poltsak zeudenez, jasotzen ziren guztiak poltsarazten genituen.
Jaso genituen gaztain guztiak eskolako ikasle eta irakasleentzat izan ziren. Eskolara iristerakoan, gaztain guztiak mahai batean zabal zabal jarri genituen idor zitezen.
Hurrengo egunean eskolako sukaldera jeitsi genituen Mireia sukaldariak egosi zitzan.
Behin egosiak zeudela, Mireiak gela bakoitzarentzako gaztain baldeja bat prestatu zuen. Geletara eraman eta ikasleen artean banatu ondoren, jan genituen.
Txango aski polita eta aberatsa izan zen. Ikasleek aunitz gozatu zuten.
GURASOEN BILERARARKO GAILETAK PRESTATZEN
Haur Hezkuntzako 5 urteko eta Lehen Hezkuntzako 1.mailako ikasleek, urriaren 1an, errezeta goxo bat egin genuen gelan; oloa eta platanozko gailetak, hain zuzen ere.
Egun horretan, ikasturte hasierako guraso bilera orokorra genuen. Gelako gurasoak arratsaldez eskolara etorri behar zirela aprobetsatuz, goizean gailetak prestatu genituen, bilerako momentuan gurasoek jateko. Eta horrelaxe izan zen: guraso bileran, ikasleek prestatutako gailetak jaten amaitu genuen. Gailetak bezain momentu aberatsa eta gozoa izan zen.
Aipatu bezala, goizean gailetak prestatu genituen; horretarako eskolako sukaldeko labea erabili genuen. Era berean, gailetak egin bitartean, ingeleseko espezialistaren laguntza izan genuen, eta gailetak egin bitartean 2 hizkuntzak uztartzeko aukera izan genuen (euskara eta ingelesa).
Lehen aipatu bezala, arratsaldean gurasoek gaileta hauek dastatzeko aukera izan zuten eta hurrengo egunean ikasleekin, hamaiketako eder bat egiteko aukera izan genuen: gailetak esnean bustirik. Hau plazarra!!!
Ekintza hau errezeta lantzeko aprobetxatu dugu. Ikasle bakoitzak gaileten errezeta idatzi du. Eta orain, ikasleak eskolako gainerako geletara joango dira errezeta ahoz azaltzera.
ZIANOTIPIA TEKNIKAREKIN ESPERIMENTATZEN
2023-24 ikasturteko 3. hiruhilekoan, Etxalarko Landagain eskolako HH 1 gelako ikasleek, tailer berezi bat burutzeko aukera izan dute. Tailer hau zianotipia teknikaren ingurukoa izan da.
Honela, kamararik gabeko argazkigintzari buruzko esperimentu bat burutzeko parada izan dute ikaskide baten gurasoen eskutik.
Hasiera batean, eguraldia lagun izanik, eskolako parkera atera eta bertan, gustoko dituzten loreak eta hosto desberdinak bildu dituzte. Ondoren psikomotrizitate gelara sartu dira. Bertan bakoitzak, bere egurrezko ohol txikiaren gainean, aurretik produktu kimiko berezi batekin tratatutako kartulina zatitxo bat jarri dut, zeina kolore berdekoa den. Honen gainean bakoitzak nahi duen hosto eta loreekin konposizio bat sortu du eta berehala, metakrilato xafla batekin estali eta pintza batzuekin eutsi dute.
Behin hori egin ondoren, berriz ere kanpora ateri dira, bakoitzak bere hosto eta lore osaketa eguzkitan jartzera. Laister konturatu dira kolore berdeakoa dena, kolore urdineko bihurtzen ari dela. Magia ikusi dute!
Esperimentuarekin bukatzeko, gela arruntera joan dira eta koloretako orritik lore eta hostoak kendu ondoren, urarekin beteriko erretiluetan pasatu dituzte kartulinak. Honela, koloretako tinte soberakina kendu dute. Hortik aintzinera, ile lehorgailuarekin lehortzea bertzerik ez zaie geratu.
Baina lan handiena egin ondoren, aurkezpena zaintzea ere garrantzitsua da. Horregatik, diptiko modura, alde batean erabilitako hosto eta lore naturalak itsatsi dituzte eta bertze aldeano, zianotipia teknikaren bidez osatutako konposizioaren argazkia.
Benetan esperimentu interesgarria eta aberasgarria izan da eta HH 1eko ikasleak gustora ikusi ditugu.
Eskerrik asko familia zuen ezagutza eta esperientzia gurekin partekatzeko agertu duzuen borondateagatik eta baita bertze adineko ikasleekin ere praktikan jartzeko interesa eta prestutasunagatik ere.
ZENTZUMENEN TAILERRA
Landagain eskolako LH 6 ikasmailako ikasleek prestatu duten “Zentzumenen tailerrean” parte hartzeko aukera izan dute HH-ko ikasle guztiek.
Bikoteka elkartuta, zentzumen bakoitza nola erakutsiko zieten pentsatu eta antolatu zuten. Kontuan hartuta, eskolako gazteenentzat esperientzia esanguratsua eta motibagarria izan behar zuela, beraien adinerako aproposak ziren zaporeak, usainak, abestiak, etab. aukeratu zituzten. Gainera, plastikako saioan, sari gisa domina batzuk prestatu zituzten.
Jolasak burutu baino 2-3 egun lehenago, ikasleen eskutik, beraiek antolatutako jardueran parte hartzeko gonbitea jaso zuten HH-ko tutoreek eta proposatu zizkieten denbora tarteen artean, egokiena iruditu zitzaiena aukeratu zuten.
Hitzorduaren eguna eta ordua iritsi zenean, LH-ko 6. mailako ikasleak txikienengana hurbildu ziren beraien bidelagun izateko.
Jarduerak 60 minutu inguru iraun zuen. Hasiera batean LH 6 ikasmailan bildu ziren guztiak beraien azalpenak entzuteko.
Ondoren, beraiek erabakiak zituzten taldeak kontuan harturik, pixkanaka, bakoitza egokitutako zentzumenaren txokora joan zen. Honela, ikasleak DASTAMENA, IKUSMENA, ENTZUMENA, USAIMENA eta UKIMENAren txokoetara joan ziren. Bertan, eskolako zaharrenek prestatutako jarduerak burutu zituzten.
IKUSMENA DASTAMENA ENTZUMENA
UKIMENA USAIMENA
Jarduerari bukaera emateko gure eskolako txikienek domina bana jaso zuten zaharrenen eskutik.
Erran behar da ikasle guztiek hagitz ongi pasatzen ari zirela trasmititu zutela, alaitasun eta lasaitasun aurpegiak ikusten ziren. Txikiak joan-etorrian lasai eta babestuak sentitu zirela uste dugu eta aldi berean zaharrenak bidelagun eta arduratsu. Bertzelako jardueretan ere prozedura honekin jarraitzea positibotzat ikusi zen.
ESKERRIK ASKO GUZTIEI, BATZUEI ANTOLATU ETA BIDELAGUN IZATEAGATIK ETA BERTZEEI HAIN ONGI PARTEHARTZEAGATIK!!
"ASTEKO PROTAGONISTA" EGITASMOA
Etxalarko Landagain eskola publikoa “Asteko Protagonista” egitasmoan murgilduta dago bururu-belarri. Egitasmoa hau Ikastetxeko Hezkidetza Planean (IHP) txertaturik dago eta landu nahi den helburua 3. ikaskuntza-helburua da: ahalduntzea, aintzindaritza eta erabakiak hartzeko gaitasuna lantzea da eta Skolae programaren barne proposatzen den "Identitatea eta konfidantza" jardueran oinarritzen da.
Argazki honetan, HH 1. mailako familia baten ekarpena biltzen duen irudia ageri da. Bertan aita batek zuzendutako paseotxo bat eman zuten herriko bazterretan barna. Ondoren adinari egokitutako “Altxorraren bila” jolasa burutu zuten. Bukatzeko beraien etxeko lorategian jolas librerako denbora tarte bat izan zuten.
Hau burutzeko prozesuari dagokionez, lehendabizi, ikasgelako ikasturteko bilera orokorrean famili berriei egitasmo honen inguruko azalpenak ematen zaizkie eta gainontzekoei, egitasmo honekin jarraitzeko asmoa adierazten zaie. Gero, familiei parte hartzeko gonbidapena bidaltzen zaie eta beraiek zein garaitan eta nolako ekarpenarekin parte hartu nahiko luketen adierazten digute. Jasotako erantzunen arabera, ikasturtean zehar jarraituko ditugun txandak egiten dira eta familiak informatzen ditugu. Datak hurbildu ahala familia eta tutorearen arteko koordinazioak hasten dira.
Gauza jakina da ikasle bakoitza, bakarra, berezia dela, baina egitasmo honen izenak berak adierazten duen bezala HH 1. mailatik hasi eta LH 6. maila bitarte, astean zehar protagonista bat izaten dugu gelan eta jarduera desberdinak burutzen dira zeinetan protagonista dagokion ikaslea den: izendapena, marrazkiak egin, ipuinez hornitutako motxila etxera eraman,... Honela bada ikasle guztiek izaten dute beraien aste berezia, nahiz eta ikasmailaz goiti joan ahala, jarduera kopurua gutxitzen den.
Jarduera hauez gain, familien bisita ere hor izaten dugu. Borondatezko jarduera izanik ez dira ikasle guztien familiak etortzen eta Haur Hezkuntza familia anitzen bisita izaten dugun bezala, LHko azken ikasmailetan ez dira hainbertze bertaratzen. Kasu hauetan beraien ekarpena etxean prestatzen dute eta ondoren gelakideekin partekatzen dute. Ateratzen ditugun argazkiak familiekin partekatzen ditugu Drive bidez eta bereziki familien bisita egunean taldearen argazkia ateratzen dugu familiarekin burututako jardueraren laburpena biltzen duen dokumentu batean txertatzen dugu.
Ondoren dokumentu guztiak inprimitzen ditugu liburuxka bat osatzeko eta, egitasmoari bukaera emateko, ikasle, familia zein irakasleei galdetegi bat pasatzen zaie eta balorazioa egiten da.
Jarraian txertatuko argazkian, HH 1. mailako ikasle baten familiaren bisita ageri da. Haurren gustokoa suertatu zen ipuina kontatu zigun amak eta ondoren, etxetik ekarritako eta alabari hainbertze gustatzen zaizkion jokuekin jolasteko aukera izan genuen.
Ahal den heinean, berdintasunaren bidean aintzinera jarraitzeko egiten dituzten pausoak dira hauek.
Ekarpen hauek eta bertze batzuei bukaera emateko, familikideekin ateratzen dituzte argazkiak.
Eskertzekoa da familiek agertzen duten prestutasuna, egitasmoa aitzinera ateratzeko ezinbertzekoa da eta.
MARTXOAK 8 EGUNA
Martxoaren 8an, Emakumeen Nazioarteko eguna izan zen. Landagain eskola publikoko ikasleek, egun horrek dakarrena landu zuten.
Astean zehar, gelaka, adinari egokitutako lanketa egin zuten. Egunean bertan, kalera atera eta egunak dakarren erreibindikazio ekitaldia burutu genuen Eskola Komunitatea osatzen dugun ikasle, irakasle eta familiak elkartuta.
Goizeko 10:30ak inguruan denak eskolako atarian elkartu ginen. Kolore moreko arropak, puxikak eta M8 EGUNERO lelopean egindako kartelaren laguntzaz herriari, musikaz alaituriko itzulia eman genion, ikasle zein irakasleek, familiez jarraiturik. Bekolandan eskolako ikasle eta irakasleek prestatutako dantza dantzatu genuen eta kalejirarekin plazaraino joan ginen.
Plazan berriz ere dantza dantzatu genuen, bigarren aldi honetan familiek ere parte hartu zutelarik. Eskola Komunitatea osatzen dugun kideen arteko argazki kolektiboarekin bukatu genuen herriko itzulia eta eskolara bueltatu ginen.
Eskola Komunitatea elkartuz eta hurbiltasuna sendotzeko balio izan zuelarik.
Eta horretaz gain...
BETI GAZTE SOKA-TIRA TALDEAREN BISITA
2. hiruhilabete honetan bisita berezia izan dugu eskolan. Karmele Pikabea Lesakako Beti Gazte taldeko sokatiralaria etorri zaigu Iñigo Altzugarai lagun zuela.
Karmele eskolako bi nesken ama bezala ezagutzen badugu ere, oraingoan indarra eta erresistentzia eskatzen duen kirolari bezala ezagutu dugu. Gainera, ez orokortua dagoen kirol bateko kirolari bezala, baizik eta herri kirolen munduan txertaturik dagoen soka-tiran. Izan ere futbola, pilota,... ohikoagoak izaten dira eta ondorioz, horiek praktikatzeko eta ezagutzeko errazagoak dira. Hau gutxi ez balitz, bere taldearekin batera, aurtengo otsailean munduko txapelketan parte hartu ondoren, txapeldun suertatu dela jakin dugu.
Eskolako ikasleria bi taldetan banatu dugu, batetik HH guzia eta LH 1-2 mailak bertzetik LH 3-4-5 eta 6 mailak. Modu honetara, denok Karmeleren ibilbidea, motibazioak, entrenamendu errutinak,... ezagutzeko aukera izan dugu. Ikasleek arreta jarri dute bere azalpenak aditzean eta galderak eginez, sokatirarekiko interesa agertu dute. Txapelketetan parte hartzen dutenean erabiltzen dituzten kamisetak, oinetakoak esku artean edukitzeko aukera izan dugu. Testura desberdinak, usaia, pisua,... aztertu ditugu eta bertzetik munduko txapelketatik ekarritako sariak, dominak eta txapelak ikusteko aukera izan dugu. Gainera, bertan bizitako esperientzia biltzen duten argazkiak, bideoak gurekin partekatu dituzte. Honela, beraien arteko tiraldiak eta taldeko kideen arteko bizikidetza nolakoa den ikusi ahal izan dugu.
Beraiek erabiltzen duten soka ere bertan zegoenez, pixka bat praktikatzeko modua izan dugu. Egunari bukaera emateko, eskolako belardian ikasle zein irakasleak nahastuz, tiraldi batzuk egin ditugu eguraldi ona aprobetxatuz.
Egitasmo hagitz polita izan da, ESKERRIK ASKO KARMELE ETA IÑIGORI SOKATIRAREN MUNDURA ETA BERAIEN ESPERIENTZIETARA HURBILTZEAGATIK!!
ETXALARKO ESKOLA KOMUNITATEA ZUHAITZAK LANDATZEN
Martxoak 7a ortzegunean, Landagain eskolako eskola komunitate guztiak “Axeri Lepo”inguruan zuhaitzak landatu genituen. Ohiturari jarraituz, Eskola Komunitatea osatzen dugun kideek; ikasleek, irakasleek eta familiek, udalaren laguntzaz, “ zuhaitzaren eguna “ ospatzeko aukera izan genuen.
Goizeko 9:00etan eman genion hasiera egunari. Lehen Hezkuntzako ikasle eta irakasleak, kirol pistan elkartu eta poliki poliki Axeri Leporantz abiatu ginen. Bidean, Meakako iturriaren magalean hamaiketakoa egiteko geldialditxo bat egin genuen eta bertan dagoen iturrian ura bete ondoren azken txanparantz abiatu ginen.
Bitartean, HHko ikasleak eskolan egon ziren eta LHko ikasleak hamaiketakoa egiten ari ziren bitartean, familien laguntzaz kotxeetan Axeri Lepora igotzen hasi ziren. HH-koek egunaz gozatu ahal izateko, familien laguntza ezin bertzekoa dugu; beraiek baitira ikasleak garraitzen arduradunak.
11:30ak inguruan, LH-ko ikasleak iritsi, motxilak kendu eta ur pixka bat edan ondoren, udal langilearengana gerturatu ginen. Eskolako ikasle eta irakasle guztiak lurrean eserita genundela eta familiak gure inguruan zeudela, udal langileak Landaketaren inguruko xehetasunak eman zizkigun eta 50 pago zuhaitz inguru landatuko genituela adierazi zigun.
Adierazpenak entzun ondoren, ikasleak eta irakasleak 9 taldeetan banatu ginen: HH-ko 3 talde eta LH-ko 6 talde sortuz. Talde guztietan adin ezberdinetako ikasleak nahasita zeudelarik. Talde bakoitzak, landatzen zituen zuhaitzetan jartzeko adierazgarriak zituen. Era horretara, norberak landatutako zuhaitzak zeintzuk direneta zer nolako bilakaera izanen duten jakiteko. Familiak taldeetan txertatu ziren eta landatzen lagundu gintuzten.
13:00etan landatzez bukatu eta bazkaltzera joan ginen. Axeri Lepoko magalean denak elkartuta edo taldeetan, bazkaldu genuen. Jolasteko denbora izan genuen baita bertako parajeaz gozatzeko aukera ere, eguraldi ederra izan bait genuen.
14:15etan itzultzeko ordua iritsi zen. HH-ko ikasleak etorritako kotxeetan sartu eta eskolarantz itzuli ziren. LH-koak berriz, etorritako bidetik eskolara bueltatu ziren.
Egun zoragarria izan zen. Horrelako ekintzak egiten jarraitu behar dugu, honek, eskola komunitatearen harremana indartzeko balio baitu eta.
ARTROPODOAK LH3 eta 4ko GELAN!
Lehen Hezkuntzako 3. eta 4.mailako ikasleak artropodoen inguruan lanean aritu gara. Ikasitakoarekin dokumental bat sortu dugu, argazki, musika eta bideoak sortuz.
Espero dugu gustatzea eta asko ikastea!
LH3-4ko ikasleak.
LIBURUTEGI BERRIA DUGU!
Landagain eskolako 6. mailako ikasleok liburutegi bat egin dugu.
Txoko hau guztiok gozatzeko helburuarekin sortu dugu. Banaka, taldetxoetan edo gela osoa elkarrekin joan zaitezkete.
Dakizuen bezala, irakurketaren bidez, gauzak ikasi eta mundu berriak ezagutzen ditugu. Bide berri horiek ireki ahal izateko, ezinbestekoa izango da irudimena martxan jartzea, ezarritako arauak puskatzea, denak berdinak garela ikustea, akatsak onartzea eta noski, gozatzea eta ongi pasatzea.
Eskolako txoko berri honetaz gozatzea espero dugu!
EGUBERRIETAKO JAIALDIA
Aurtengoan ere Eguberrietako jaialdia ospatu dugu, Olentzeroren bixita zoragarriarekin! Gure gutunak emateaz gain, kantu ederrak eskaini dizkiogu Olentzerori. Jarraian, herriko frontoian bildu gara eta, gurasoen laguntzaz, kantuan eta dantzan aritu gara. Egun bikaina izan da gaurkoa!
USATEGIETARA TXANGOA
Azaroak 13 astelehenean, Landagain eskolako ikasle eta irakasleek, Usategietara txangoa egin genuen.
Jakin dakigun bezala, Etxalar herriak ospea baldin badu, bere Usategiengatik da. Udazken garaia iristen denean, Euskal herriko txoko askotan ehiza postuak ikusten dira. Etxalarren ehiza postuak ikusteaz gain, usoak ehizatzeko sareak ikusten dira.
Sare hauei esker, Etxalarko usazaleek iparraldetik hegoaldera joaten diren usoak “korneta, txatarra eta palak” tresnak erabiliz, ehizatzen dituzte.
Egunero bezala, ikasle eta irakasleak goizeko 9:00etan eskolara etorri ginen. LH-ko ikasleak bildu eta usategietarantz abiatu ginen oinez. Bidean, hamaiketakoa egin genuen eta goizeko 11:30etarako Gorosurreta auzoan kokatuta dauden Usategietara iritsi ginen. LH-ko ikasleak mendi buelta egiten ari ziren bitartean, HH-ko ikasleak eguneroko errutinak egiten ari ziren. 10:30etan eskolako txikienak, familiak gidatutako kotxeetan Usategietarantz abiatu ziren. HH-koak iritsi, jolas librean aritu eta hamaiketakoa egin zuten.
11:30etan ikasle guztiak bi taldetan bereiztu ginen: HH eta LH 1+2koek talde bat osatzen zuten eta LH 3+4+5+6koek bertzea. 1. taldea sareak ikusten zituzten bitartean, 2. taldea “ Sareen bidezko ehiza “ nolakoa den, zein urtetik ezaguna den, zergatik eta nola sortu den eta abar luze bat azaltzen zuen bideoa ikusi genuen. Bidea bukatu zenean, sareetara joan ginen.
Sareetan, bertako arduraduna den Lauraren azalpenak entzun genituen. Sortu zitzaizkigun zalantzak argitu eta berak egiten zizkigun galderei erantzun genien. Azalpenak entzun ondoren, palak hartu eta Usazale bihurtu ginen.
13:00etan denak elkartu eta bazkaltzeko tenorea iritsi zen. Eguerdiko 2:15etan LHko ikasle eta irakasleak eskolara oinez itzuli ginen eta HHko ikasle eta irakasleak, familien kotxeetan.
Egun ederra eta giro politean joan zen eguna. Ekintz honi esker, gure arbasoen bizitzaren zati bat ezagutzeko aukera izan genuen.
Landagain eskolako ikasle eta irakasleak.
EUSKAL HERRIKO
ANFIBIOAK ETA NARRASTIAK
2023ko urriaren 23an, anfibioen eta narrastien inguruko tailerra egin genuen Etxalarko Landagain eskolan. Arantzadi elkarteko Iñaki Romero espezialista etorri zen LH3, LH4 eta LH5eko ikasleekin tailerra egitera.
Anfibioei eta narrastiei buruzko ezaugarriak eta desberdintasunak ikasi genituen. Horretarako, lehenik, Iñaki Romero aurkeztu egin zen, bere lana zein zen eta zer egiten zuen kontatuz. Ondoren, anfibioei eta narrastiei buruzko informazioa eta argazkiak erakutsi zizkigun, animalia hauen desberdintasunak eta ezaugarriak erakutsiz. Jarraian, igel, apo eta suge hilak eta lehorrak ikusi eta ukitu genituen. Amaieran, anfibio eta narrastiak ikusterakoan, zer egin jakiteko gomendioak eman zizkigun.
Oso interesgarria iruditu zitzaigun eta horregatik, asko gustatu zitzaigun anfibioen eta narrastien inguruko tailerra.
MILA ESKER IÑAKI!
LH3 eta LH4ko ikasleak.
MAIRA OKINDEGIRA IRTEERA
Etxalarko Landagain eskolako LH3 eta LH4ko ikasleak, urriaren 18an Etxalarko Maira okindegira joan ginen. Tailer honetan, gailetak eta pastak egiten eta garia nondik datorren ikasi genuen.
Gailetak egiten hasteko, masa egin behar izan genuen: katilu batera irina, bikarbonatoa, esnea, olioa, bi arrautza eta gurina botaz. Masa handitzen zen bitartean, gosaldu egin genuen. Gosaltzen ari ginen bitartean, garia eskuekin ukitu eta horren inguruko informazioa eman ziguten. Jarraian, gailetei eta pastei forma eman genien: izarrak, bihotzak, borobilak, letrak... Azkenik, labean sartu, 10 minutu itxaron eta azkenean, probatzeko aukera izan genuen!
Tailer hau asko gustatu zaigu errezeta bat egiteko eta benetako okindegi batean egoteko aukera izan dugulako.
MILA ESKER MAIRA OKINDEGIA!
LH3 eta LH4ko ikasleak.
LGTBIQ+ fobiaren aurkako eguna.
(2023/05/17)
Etxalargo eskolatik bat egiten dugu LGTBIQ+ fobiaren aurkako egunarekin. Hona hemen ikusgai LH 6 ko ikasleek egin duten bideo zoragarri hau.
LGTBIQ+ fobiarik ez!
Etxalargo eskolako LH 5-6. mailako ikasleak Zuhatzako irlan egon berri dira, kanpaldia ospatzen. Bertan, ur ekintza ezberdinak burutu dituzte Arantza, Igantzi eta Lesakako lagunekin batera.
A zer gozatua hartu duten!
Martxoaren 16ean, ortzegunean, eskola guztiko kideek txango zoragarria burutu genuen, zuhaitzaren eguna ospatzeko. Tenperatura altuak eta nekea gaindituta, ikasleek irakasle eta gurasoen laguntzaz haien zuhaixkak landatu zituzten Axeri Lepoko eremuan.
Nekatuta baina gustora bueltatu ginen.
EMAKUME LANGILEAREN NAZIOARTEKO EGUNA
M8
(2023/03/08)
Martxoak 8, asteazkenean Emakume Langilearen Nazioarteko Eguna ospatu genuen Landagain ikastetxeko ikasle zein irakasle guztiok.
Egun guztian zehar, hainbat jarduera gauzatu genituen ikasgeletan. Eguna borobiltzeko, plazara jetsi ginen eta bertan dantza txiki bat egin ostean Eskola Komunitatea osatzen dugun kide guztiok argazki ederra atera genuen elkarrekin.
EMAKUMEAK GORA!
EGUNERO DA MARTXOAK 8!
EMAKUME ETA NESKA ZIENTZILARIEN NAZIOARTEKO EGUNA
(2023/02/10)
Otsailak 11, larunbatean EMAKUME ETA NESKA ZIENTZILARIEN NAZIOARTEKO EGUNA ospatzen da nazioartean. Landagain ikastetxean, emakume zientzilariak eta haiek eginiko ikerketa zein aurkikuntzak ezagutzeko zenbait jarduera zein jolas antolatu genituen. Lanketa guzti hori, mural batean bildu genuen. Hona hemen gure ikasleek egindako lana!
ZIENTZIA ERE BADA NESKEN KONTUA!
LH 3. eta LH 4.ko ikasleen TXANGOA
(2023/01/12)
Urtarrilak 13, Ortziralean, LH 3 eta LH4 ko ikasleek txango ederra burutu zuten, Igantziko eta Arantzako ikastetxeetako haurrekin batera. Lehendabizi, Jorge Oteiza eskultorearen museoa bisitatu zuten Alzuzan. Bazkalostean, Uharteko izotz pistara abiatu ziren, izotz irristaketa esperimentatzeko helburuz.
Gustora eta kontent eta neka-neka eginda itzuli ziren denak!
GABONETAKO JAIALDIA
(2022/12/22)
Aurten ere gabonetako jaialdia ospatu dugu. Lehenbizi olentzeroren bisita izan dugu eskolan. Ondoren, herritik barrena, gabon kantak abestu ditugu gurasoen laguntzaz! A zer giroa, gaurkoan!
ZORIONAK ETA URTE BERRI ON!
AZAROAK 25
(2022/11/25)
Landagain ikastetxetik , Emakumeen Kontrako Indarkeriaren Aurkako Nazioarteko Eguna-rekin bat egin bat egiten dugu. Begira zer nolako lanak burutu genituen!
ERASOEN AURREAN DENOK BAT! INDARKERIA MATXISTARIK EZ!
EUSKARALDIA
(2022/11/24)
Landagain ikastetxean ere euskaraldiarekin bat egiten dugu. Hitzez ekiteko garaia iritsi da!
GAU BELTZA
(2022/11/01)
Urriaren 31, astelehenean Landagain eskolako ikasle zein irakasleok, Gau Beltza ospatu genuen.
Herritik barrena gymkana beldurgarri batean murgildu ginen. A zer gozatua hartu zuten haurrek!
Hemen argazki sorta: