Hezkuntzari buruzko maiatzaren 3ko 2/2006 Lege Organikoa aldatzen duen abenduaren 29ko 3/2020 Lege Organikoak honako hau ezartzen du 110. artikuluan: "Gure biodibertsitatea babesteko ingurumen jasangarritasunaren eta gizarte lankidetzaren kultura sustatzeko, hezkuntza administrazioek, beren inguruneko instituzio eta erakundeekin koordinatuta, ikastetxeen jasangarritasuna, natura-ingurunearekiko harremana eta klima-aldaketaren ondorioetara egokitzea bultzatuko dute".
ldo beretik, Nafarroako Foru Komunitatean hezkuntza etapen antolamendua eta gutxieneko irakaskuntzak ezartzen dituzten arauek printzipio pedagogiko gisa hartzen dute arlo guztietatik zeharkakotasunez sustatu eta bultzatuko dela kontsumo arduratsurako eta garapen jasangarrirako hezkuntza.
Halaber, Jasangarritasunerako Ingurumen Hezkuntzaren Nafarroako Estrategiak ere (ENEAS 2030) ingurumen hezkuntzaren ikuspegi berrietara egokitutako esparru bat taxutzen du. Esparru-dokumentu horren helburua da Nafarroako Gobernuak Jasangarritasunerako Ingurumen Hezkuntzan bultzatu beharreko jarraibideak eta lan-ildoak ezartzea.
Bestalde, 2024ko apirilaren 19an, Nafarroako Gobernuko Hezkuntza Departamentuko Hezkuntza Zuzendaritza Nagusiaren eta Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuko Ingurumen Zuzendaritza Nagusiaren arteko lankidetzarako esparru-akordioa sinatu zen, Nafarroako Eskola Jasangarrien Sarea bultzatzeko. Akordio horren xedea da Hezkuntza Zuzendaritza Nagusiaren eta Ingurumen Zuzendaritza Nagusiaren artean beharrezkoak diren lankidetza eta koordinaziorako mekanismoak ezartzea, helburua izanik Nafarroako Gobernuan dauden baliabideak optimizatzea eta ingurumen hezkuntza eskola-jardunean txertatzen laguntzeko hezkuntza jarduerak bateratzea.
Arau eta ikuspegi horietatik guztietatik sortzen da Nafarroako Eskola Jasangarrien Sarea sortzeko beharra. Hauek dira sare honen helburuak:
Konpetentzien ikuspegitik, ingurumenerako hezkuntzaren edukiak txertatzea ikastetxearen urteko programazio orokorrean eta programazio didaktikoetan (ikastetxeko edo inguruneko hondakinen, energiaren eta ur-baliabideen kudeaketa, eskola-baratzeak eta abar).
Bizimodu jasangarriak bultzatzen dituzten ohitura, jarrera eta balioak sortzea hezkuntza-komunitatean.
Ikasleek ingurumen-arloko erabaki egokienak hartzeko duten gaitasuna handitzea. Hala, ingurumena hobetzeko prozesuak abiarazteko gai izanen dira, bai eskolan, bai herrian, geroago, lagungarriak izan daitezen problematika globalari erantzuteko.
Ikastetxearen ingurune fisikoa hobetzea, ingurumenari lotutako neurriak hartuz.
Egin beharreko ekintzen artean kontuan izatea ingurumen-osasunari eta ikastetxeko arriskuen prebentzioari lotutako alderdiak.