SHE sarea (Schools for Health in Europe network) Osasunerako Europako eskolen plataforma bat da. Helburu nagusia du eskolan osasuna sustatzearen alde lan egiten duten erakunde eta profesionalak laguntzea. Sarea Europatik koordinatzen du NIGZ erakundeak (Nationaal Instituut voor Gezondheidsbevordering en Ziektepreventie), osasuna eskolaren esparruan sustatzeko OMEren erakunde laguntzailea den aldetik. Espainian, Hezkuntza Ministerioko IFIIE (Irakasleen Prestakuntzarako, Ikerketarako eta Hezkuntza Berrikuntzarako Institutua) erakundea da koordinatzaile.
"Osasuna sustatzen duen eskola" batek plan egituratu eta sistematiko bat gauzatzen du ikasleen, irakasleen eta irakasle ez diren langileen osasunaren eta ongizatearen alde.
Helburuetako bat da lankidetza harremana ezartzea Lehen eta Bigarren Hezkuntzako ikastetxeen, inguruko zentro soziosanitarioen, familien eta erkidegoaren artean, osasunaren hezkuntzako programa koherenteak egiteko.
Osasunaren Hezkuntza osasuna sustatzeko tresna bat da. Xedea da aztura osasungarriak irakastea eta horrela, arrisku faktoreak ezabatzea eta, hartara, modu positibo batean eragitea biztanleen osasunean.
Osasunaren Batzorde Teknikoak ikastetxeetako jarduerak koordinatzen eta dinamizatzen ditu. Osasun Publikoko Institutuko, Emakumeari laguntzeko zentroetako eta Hezkuntza Departamentuko kideek osatzen dute batzorde hori.
Ikastetxe hauek ernamuin ona dira, hainbat gairen gaineko praktika egoki anitz bateratzen dituztelako.
SHE Sarearen balioak eta euskarriak
Europan eskola osasuna sustatzeko SHEk duen ikuspegiak bost balio eta bost euskarri ditu: SHE Sareak osasunaren eta ongizatearen kontzeptu positiboa erabiltzen du eta onartu egin du Haurren Eskubideen gaineko Nazio Batuen Konbentzioa.
SHE Sarearen balioak
Ekitatea.- Osasuna sustatzen duten eskolek berdintasunezko irisgarritasuna bermatzen dute hezkuntza eta osasun arloetako aukera orotara. Hala, osasuneko desberdinkeriak murriztu daitezen ahalbidetzen dute.
Jasangarritasuna.- Osasuna sustatzen duten eskolak jabetzen dira osasuna, hezkuntza eta garapena arras loturik daudela. Eskolak aldi berean dira bai ikaskuntza akademikorako zentroak, bai laguntza-zentroak ikasleak etorkizunean gizartean izanen duten eginkizunari buruzko ikuspegi positibo eta arduratsua garatzeko. Osasuna sustatzen duten eskolak bikainen garatzen dira baldin eta epe luze batean eta modu sistematikoan gauzatzen badituzte beren ahaleginak eta lorpenak. Emaitzak (hala hezkuntzan, nola osasungintzan), gehienbat, epe ertainean edo luzean lortzen dira.
Inklusioa.- Osasuna sustatzen duten eskolei aniztasuna onuragarria zaie eta eskolak ikaskuntza-erkidegoak izan daitezen ziurtatzen dute, kide guztiek konfiantza eta begirunea senti ditzaten. Garrantzitsuak dira hezkuntza-erkidegoa osatzen duten guztien arteko harreman onak.
Ahalduntzea (Empowerment) eta Ekintza-gaitasuna.- Osasuna sustatzen duten eskolek haurrak, gazteak eta hezkuntza-erkidegoko kide guztiak gaitzen dituzte bai parte-hartze aktiborako, osasunari loturiko xedeak lortzearren, bai eskolan zein erkidegoan jarduteko, haiek erdiestearren.
Demokrazia.- Osasuna sustatzen duten eskolek balio demokratikoak dituzte oinarri eta eskubideen erabilera praktikatzen dute, baita norberak erantzukizunak bereganatzea ere.
SHE Sarearen euskarriak
Parte-hartzea.- Parte-hartze esanguratsuak eskolako partaide sentitzen laguntzen die ikasleei, irakasleei, irakasle ez diren langileei eta familiei. Sentimendu hori aldez aurreko baldintza da osasuna sustatzeko jarduerak eskolan eraginkorrak izan daitezen.
Hezkuntza-kalitatea.- Osasuna sustatzen duten eskolek irakaskuntza/ikaskuntza prozesu hobeak sortzen dituzte. Ikasle osasuntsuek hobeki ikasten dute, irakasle eta langile osasuntsuek hobeki egiten dute lan eta gogobetetze-maila handiagoa dute lanean. Eskolako emaitzak maximizatzea da eskolen eginkizun nagusia. Osasuna sustatzen duten eskolek eskola orokor baten hezkuntza eta gizarte arloko jomugak erdiesten laguntzen dute.
Ebidentzia.- Osasuna sustatzen duten eskolek ezagutzen dituzte, eskola-osasuna sustatzeko ikuspegian eta praktikan ardazturik, dauden ikerketak eta ebidentziak hala osasun-gaietan (adibidez: osasun mentala, elikadura, substantzien kontsumoa), nola eskolako beste afera orokorragoetan.
Eskola eta erkidegoak.- Osasuna sustatzen duten eskolak beren inguruko erkidegoko parte dira. Eskolaren eta erkidegoaren arteko elkarlan aktiboa sustatzen dute, eta eragileak dira osasun arloko gizarte-kapitala eta alfabetatzea sendotzen.
Osasunari buruzko ikuspegi globala.- Politiken eta hezkuntza-jardunen arteko koherentzia behar da eta eskola-erkidego osoak onartu eta ulertu behar ditu jardun horiek. Ikuspegi horrek honako hauek dakartza berarekin: curriculumeko osasunaren hezkuntzarako ikuspegi parte-hartzaile bat, ekintzara bideratua; kontuan hartzea ikasleek osasunaz duten kontzeptua; eskola-osasunerako politiken garapena: eskolaren ingurune fisikoa eta soziala garatzea; bizitzarako gaitasunak garatzea; eskolaren eta erkidegoaren arteko loturak gauzatzea; osasun-zerbitzuak modu eraginkorrean erabiltzea.