Sarea

Garaperenako eredu moduan

Eskola Txikiak.

Eskola Txikiak adin aniztasuna bultzatzen duten tamaina txikiko eskola PUBLIKOAK dira, landa eremuan kokatuta daude, eta hiru ezaugarri horien ondorioz lan on bat egiteko aukera ugari eta anitzak dituzten eskolak dira.

Egun, definizio horren baitan biltzen diren eskolak 54 dira, 7 Araban, 21 Bizkaian eta 26 Gipuzkoan. Bakoitzak bere ezaugarri propioak ditu, baina, aurrez aipatu diren ezaugarri horietan bat egiten dute. Gainera, ondoko adierazpenei loturiko estrategia bateratuan parte hartzeko asmoa adierazten dute:

  • Eskola Txikiek “Guztion eskola” izateko bideak bilatzea printzipio nagusi moduan ezartzea adostu dute.

  • Eskola Txikietan “aniztasuna aberastasuna da” printzipioarekin bat egiten da.

  • Eskola Txikietan hobetze prozesuen fokoak ikasleengan ezarri dituzte, norbanakoengan talde bateko partaide izanik.

  • Eskola Txikietan ikasle guztiak irakasle guztienak izateko berezko estrategiak sortzen dituzte.

  • Eskola hauetan herriari begiratzen dioten herri eskola izaera izango duten komunitateak eraiki nahi dira.

Eta lanerako ildo bateratu horretarako Eskola Txikien Sarean parte hartzea adostu dute, euren beharrei eta epe ertain luzerako helburuei elkarrekin erantzuteko modurik eraginkorrena horixe izango dela pentsatu delako.

Zergatik Sare bat.

Eskola Txikien Sarea osatzeko arrazoiak anitzak izan daitezke, baina, garrantzitsuenak diren horietan fokoa jarri behar da. Ondokoak aipatu beharrekoak dira:

  • Lan ildo bateratu batek sortzen dituen sinergien eta hobetze bideen eraginkortasunerako beharrezkoa da elkarrekin aritzea eta elkarrekingandik ikastea, eta planteamendu horren motorrik efektiboena Sare bat eratzea dela aurreikusi da.

  • Koordinazio egitura sendoa sortzea beharrezkoa da Eskola Txikien kopuruari behar den neurriko erantzuna emateko, Euskadiko Autonomia Erkidegoan errealitate garrantzitsu bat da Eskola Txikiena, eta behar bezalako erantzuna emateko modurik eraginkorrena Sare bat eratzea dela analizatu da.

  • Formazio dinamikak Eskola Txikien errealitate propiora ekartzea beharrezkoa dela ikusi eta aztertu izan da urte askotan zehar, eta horretarako beharrezkoa da formazio dinamika horien gidaritza garatuko duen lan talde eta formazio egitura sendoa osatzekoa, eta erantzun egokia eman ahal izateko beharrezkoa da Sare bat eratzea.

  • Eskola Txikien dokumentazio lanketan analisi sakon propioa eskatzen du, diseinatzen diren proiektu, plan, ekimen eta bestelako eginbideak euren errealitate konkretura diseinatu ahal izateko, horri erantzun egokia eman ahal izateko beharrezkoa da Sare bat eratzea.

Horiek eta beste motibo batzuk kontuan hartu dira Eskola Txikien Sarea osatzeko. Gainera, dokumentu honi atxikitako lan plana diseinatu da, Hezkuntza Sistema Hobetzeko Plan Estrategikoa Eskola Txikien Sare izaera honekin nola uztartuko duen definitzeko ahaleginean. Beraz, Sare honek, nagusiki, ondoko lan lerro nagusiei erantzungo die Eskola Txikien behar propioetatik abiatuta:

  • Hezkuntza Komunitatearen prestakuntza: Zer nolako prestakuntza behar da Eskola Txikien errealitate propioari erantzuteko, adin aniztasuna bultzatzen duten eskolak eraikitzeko, adin aniztasun horren baitan diseinu metodologiko aproposak egiteko, txikitasunaren ezaugarri kualitatiboak aprobetxatzeko, gertutasunez jokatzeko, ebaluazio prozesuak hobetzeko, inguru hurbiletik abiatzen diren lan dinamika eta egitasmo pedagogikoak diseinatzeko; zer egin Unibertsitateko irakasle izateko prestakuntzarekin, nola ziurtatu Eskola Txikien Sarearen ezagutza jasoko dutela Unibertsitateko hasierako prestakuntzan …

  • Hezkuntza inklusiboa eta aniztasunari erantzuna: zer egin behar da inklusioa lortzeko eta aniztasunari erantzuteko diseinatzen diren plan, egitasmo eta proiektuak Eskola Txikien errealitatera hurbitzeko, zein plan eta zein balore bultzatu behar dira Eskola Txikien Hezkuntza Sistemarenak diren helburu estrategiko hauek eraginkortasunez garatu daitezen …

  • Elebitasuna hezkuntza eleaniztasunaren baitan: euskara, gaztelera, ingelera, zein trataera du hizkuntzak Eskola Txikietan, nola garatzen ari da eleaniztasuna Eskola Txikien gertuko esparruan, zein proiektu eta egitasmo bultzatu behar dira Hezkuntza Sistemak ezarritako garapen helburuetara hurbiltzeko …

  • Ikasmaterialak eta IKTak: Komunikaziorako teknologia berrien munduari buruzko zein planteamendu lantzen ari da Eskola Txikietan, zeintzuk dira ikasmaterialak Eskola Txikietan, nola partekatzen dugu sarean topatzen duguna …

  • Ebaluazioa eta ikerketa: nola hobetu barne ebaluazio prozesuak Eskola Txikietan, Konpetentzien garapenaren ebaluazioaren irizpide, adierazle eta ebidentziak nola ekarriko dira Eskola Txikien errealitate hurbilera, kanpo eta barne ebaluazioaren arteko oreka eta elkarbizitza nola sustatu Eskola Txikietan, ikerketa esparru berriak nola diseinatu Unibertsitatearekin batera …

  • Eskola Txikien Autonomian sakontzea: zein proposamen bultzatu nahi da Eskola Txikietatik autonomian sakontzeko eta Eskola Txikien Hezkuntza Proiektuak ahalik eta gehien garatzeko formak bilatzeko, zein plan estrategiko osatuko da Eskola Txikien autonomian sakontzeko …

Lan gai horietarako beharrezkoa da, beraz, Sare egitura sendo bat osatzea Eskola Txikiekin batera.

Parte hartzeko baldintzak.

Sare honetan parte hartzen duten Eskola Txikiek ondoko baldintzak betetzea onartu dute:

  • Eskola Txikien Sarean antolatzen diren formazio eta koordinazio mintegietan parte hartze aktiboa izatea.

  • Eskola Txikien Saretik bultzatzen diren koordinazio egiturak eskoletan martxan jartzea.

  • Eskola Txikien arteko elkartrukaketa eta zabalkunde anitzetan partehartzea, ikastetxearen beraren praktikak eta gogoetak emanez.

  • Eskola Txikien Sarean definitzen diren proposamenak eta proiektuak martxan jartzea norberarentzat egokia den erritmo batean, eta horien barneratzetik sortzen diren materialak eta esperientziak partekatzea.

  • Eskola Txikien hobetzeko diseinatzen diren gogoeta prozesuetan parte hartze aktibo bat izatea, eta horretarako propio diseinatzen diren ekimen eta lan ildoetan parte hartzea.

  • Esperientzia onen partekatzea Eskola Txikietan dabiltzan kideen arteko ezagutza eta formazio zuzena eta praktikoa areagotzeko.