Errolan edo Arrolan izugarrizko indarra duen izaki mitologikoa da. Batez ere Nafarroan da ezaguna, baina Iparraldean eta Gipuzkoan ere bada haren aipamenik. Karlomagnoren Errolan zaldunaren bertsio mitifikatua da euskal tradizioan. Jatorri historiko-literarioa duen arren (Orreagako guduagatik ezaguna), euskal folkloreak gaingizakiaren indarra zuen erraldoi bihurtu zuen.
Errolan erraldoia mendi batetik bestera edo aran batetik bestera harritzarrak botatzen ageri zaigu elezaharretan. Euskal Herriko hainbat lekutan topatzen ditugu Errolanen harriak, trikuharri edo menhir itxurakoak gehienak. Maiz baselizak, elizak edo herriak suntsitu nahian ibiltzen dela kontuan izanda, pertsonaia kaltegarri modura azaltzen zaigu. Jeinu honen antzeko ezaugarriak, Sugaar-ek, Sanson-ek edo Jentilek dituzte Euskal Herriko beste hainbat lekutan.
Errolan VIII. mendeko buruzagi frankoa izan zen, Karlomagnoren iloba, franko karolingiar kronikek ematen dute haren berri, 778ko Orreagako gudua dela eta. Zaragozari jarri zioten setioak huts egin ondoren bere herrira (frankoen herrira) bueltan zetozela, karolingiar espedizioak Iruñe suntsitu zuen. Ondoren, Pirinioetako bortuak zeharkatu zituen. Karlomagnok aise pasa zuen mendatea Orreaga eta Astobizkarretik, baina Errolan atzeko zutabeko buru zihoala, euskaldunek eraso egin zioten eta garaitua izan zen. Borroka horretan Errolan hilik atera zen.
Gertaera haren inguruan sortutako XII. mendeko Errolanen kantuagatik da ezaguna Karlomagnoren iloba nazioartean; Euskal Herrian, Pirinioetan eta beste ahozko tradizio batzuetan, berriz, kantu hori oinarri hartuta sortutako pertsonaia mitologikoarengatik eta kondairengatik.
EUSKARAZ ERRALDOI HITZA MITO HONETATIK DATOR.
Euskal geografia osoan ugarituak dira Errolanek mendi tontor batetik jaurtitako harriei buruzko kondairak, herriak, elizak edo eraikitzen ari ziren monasterioak suntsitzeko asmoz.
Ezagunenetariko batek kontatzen du nola Errolanek Aralarko San Migeletik harri izugarri bat bota zuen Madoz herria suntsitzeko asmoz. Jaurtitzeko unean arroparekin trabatu eta erdibidera iritsi zen harria, Atako zelaira, eta han dago Errolan-harria (menir bat izan daiteke zutik dagoen harritzar hori). Beste batzuk diote, harria botatzeko orduan erraldoiak behi-gorotz batekin egin zuela irrist, eta harriak indarra eta norabidea galdu zituen, bide erdian eroriz; gaur egun ere han ikus daiteke harria, Ata zelaian bere hatzen markekin.
Nafarroan, Zalba herrian kontatzen dute Errolan haitzulo batean bizi izan zela, hemezortzi urte arte. Urte haietan guztietan berarekin zuen ahuntz baten esnearekin elikatu zen soilik, eta esne hari esker omen du hainbesteko indarra.
Nafarroako beste kontakizun batek dio Erroldan Karlomagnoren tropekin etorri zela Nafarroa menderatzera, eta, bertan zela, jendez beterik zegoen herri bateko eliza txikitu egin nahi izan omen zuela. Horretarako, Iga de Monrreal mendira igo, eta, handik, izugarrizko harritzarra botatzen hasi zen elizara. Baina, hara non, gorotz batean irristatu eta bost bat kilometrora zegoen Urrotz herrira jausi omen zen harri izugarri hura. Oraindik herri horretan da bi metro luze eta metro bat zabal dituen harritzarra.