Nafarroako Ikastoletako irakasleok aspaldidanik sentitzen genuen gure ikasleak ulermenezko irakurketan trebatu beharra. Jakintza osatzen duten kontzeptuak, teoriak... bereganatzeko, ikasleak irakurri, entzun eta idazten dena ulertzeko eta adierazteko gai izan behar du.
Horretarako, ulermena berariaz lantzea ezinbestekoa iruditzen zitzaigun, bai hizkuntzetan, baita gainerako arloetan ere, erantzukizuna irakasle guztiona baita. Gure helburu nagusia irakurketa-prozesuan zer pauso dauden jakitea eta zer-nolako estrategiak behar diren pentsatzea eta gauzatzea da; hau da, testuak ulertzeko hainbat trebetasun gauzatzea da.
Guztiok bat gatoz ulertu gabe ezin ikas daitekeela adierazterakoan, baina, ulertzea zer den, eta ulermena eta hizkuntza bera lantzearen inguruan, hainbat pentsaera desberdin ditugu.
Gisa berean, noraino ulertzen den irakurtzen dena irakasleok derrigorrez EBALUATU behar dugu. Normalean gelan egiten dugu era kontestualizatu batean. Hala ere, beste ikastola taldeekiko konparaketak nahi direnean ere gure gela bereko ikasleen ondorioak begiratzea nahi dugunean anitzetan ez dugu daturik. Horretarako testu batzuk egokitzeari eta neurtzeari ekin genion. Testu horiek dira hemen eskaintzen ditugunak. Ondorioak azkeneko erlauzan aurkitzen dira, datu kuantitatiboak nahi dituenentzat.
Bihoa hemendik, beraz, gure esker ona, lan honen bitartez protagonismoa ikasleen esku utzi nahi izan duten Nafarroako irakasle guztientzat.
Irene López-Goñi
"Irulemi" taldeko koordinatzailea (NIE)
2016/9/29