Heldu zaigu, berriro ere, Agate Deuna ospatzeko saioa. Bezpera gauean, otsailaren 4an, Euskal Herrian oles egiteko ohitura izan dugu. Oles egitea norbaiti dei egitea da, atejoka laguntza eske ibiltzea. Ohitura honek oraindik dirau bizirik toki askotan.
Agate Deuna martiria Sizilia irlan jaio zen 230. urtean. Garai hartan Siziliako nagusi zen Quintinianok berarentzako nahi zuen. Honek ahalegin guztiak egin zituen neskaren bihotza irabazteko baina alferrik., Jaungoikoari eskeinia baitzegoen. Neska lortu ezinik, tortura eta oinaze gogorrak sufriarazi zizkion; ezagunena bi bularrak moztea. 251. urtean hil zen, 21 urte zituela. Haurtxoen eta bularretako gaixotasunen bat duten emakumezkoen babeslea da. Suteen kontrako abokata ere bada zenbait herritan.
Agate Deunaren inguruan Euskal herrian ohitura desberdinak izan dira. Kanpai jotze luzeak izaten ziren eta, Bizkaiko zenbait ermitatan, erromeriak. Beste toki batzuetan, egun horren goizaldean, baserrietako soro eta baratzetan, Kandelario egunean elizan bedeinkatutako kandelak pizten ziren. Tradizioak zioen egun horretan ezin zela labako edo garbiketa lanik egin.Bizkaiko, Gipuzkoako, Lapurdiko eta Nafarroako nekazal giro euskaldunetan, ohitura zaharra da Agate Deunaren bezperan etxez etxe kantari ibiltzea, makila bana eskuan. abesten den bitartean, eskean ere egiten da. Dirua eskatzen da batzuetan, janaria edo edaria beste askotan. Oles egiten den bitartean, bertso eta kopla ugari erabiltzen dira.