Normalizazioaren helburua erabilera hedatzea da. Hori hezkuntza, politika eta kulturaren bitartez ematen den berrantolaketa prozesua da. Erabileraren hedapena honako lau xede hauek jorratuz egiten da:
Hiztun kopurua haztea.
Erabileraren maiztasuna handitzea.
Erabilera eremu eta funtzio anitzetara hedatzea.
Hizkuntza minorizatuaren presentzia areagotzen lagunduko duten erabilera- arau adostuak indarrean jartzea.
Euskararen Normalizazio Legea (10/1982 Euskararen Erabilpena Arauzkotzezko Oinarrizko Legea) abian jarri zenetik, aurrerapen handiak egin dira eskolari dagokionean, hots: irakasleen hizkuntza prestakuntzan, didaktikan, materialgintzan...
Aipatutako ekimen horiek guztiak modu bateratuan eta osagarrian biltzea du helburu Ulibarri Programak. Horretarako, ikastetxe bakoitzak plan osatu bat eratu behar du, hezkuntzako normalizazio ekimen guztiak barnebilduz; hala nola, hezkuntza-komunitatea osatzen duten gainerako partaideak eragile bihurtuz. Ikastetxeek hartzen dute parte programan 84/2019 Dekretuak araututakoaren arabera.
Horretarako, aintzat hartu behar dira eskola-komunitateko eragile guztiak: ikasleak, irakasleak, gurasoak... Horien adostasuna bilatuz, orain arte landutakoa finkatuz, helburu lorgarriak jarriz, urratsez urrats aurrera ekitea dagokio eskolari.
Eskolaren ahalegin horri lagundu, baliabideak eskaini, eskolen arteko koordinazioa eta lankidetza sustatzea du helburu Ulibarri Programak.