BIOLOGIA-GEOLOGIA (DBH3)

NINIKA PROIEKTUA

SARRERA

Lanaren zergatia

Heziberriko konpetentziek eskatzen duten ikuspegira egokitzeko euskarazko ikas-materialaren eskaintza oso eskasa eta sakabanatua da, DBHri, eta zehazki, Biologia-Geologia arloari dagokionez. Argitaletxeetako materiala ez dago konpetentzietan ardaztuta erabat; metodologia berrien zenbait elementu eta osagai txertatzera mugatzen da gehienetan. Horregatik, proiektu hau, NINIKA, hutsune hori betetzeko asmoarekin sortu da.

Proiektuaren ardatz nagusiak

Proiektua osatzen duten materialen diseinuak ardatz hauek ditu:

  • Heziberri 2020 planaren “Hezkuntza-eredu pedagogikoaren markoak” ezartzen duen konpetentzien araberako ikuspegiari jarraitzea. Horrek aldaketak ekarriko ditu, batik bat, metodologian eta ebaluazioan.
  • Irakasleen rola aldatzea eta ikasleei eginkizun aktiboagoa ematea: irakasleen lanaren oinarria konpetentziak garatzea da, eta ez ezaguerak transmititzea eta buruz ikasaraztea. Irakaslearen lana, batik bat, bideratzailea, bitartekaria, gidaria edo laguntzailea da.
  • Ebaluazioari garrantzia ematea, eta, batez ere, ikas- eta irakas-prozesuen erregulaziorako autoebaluazioari. Ikasleek hasieratik ezagutu behar dituzte ikas-helburuak eta ebaluazio-irizpideak (norberaren akatsak eta trebetasunak antzemateko), eta pentsamendu- eta jarduera-estrategien bidez proposatzen zaizkien atazei aurre egitea lortu behar dute. Bestalde, ikas-prozesuaren datuak jasotzeko ebaluazio-tresnek askotarikoak izan behar dute eta ikasleen autonomia sustatu.
  • Proiektuetan oinarritutako metodologia baliatzea curriculumaren edukiak eta helburuak lantzeko; hau da, oinarrizko konpetentziak garatzeko. Materialak diseinatzean bizitzako egoera konplexuak simulatzen dituen atazak proposatu dira eta bizitza errealean aplikatzeko aukerak eman.
  • IKTak integratzea informazioa bildu, aztertu, antolatu eta ekoizpen digitalak sortzeko.

Materialen diseinua

Aipatutako irizpideetan oinarrituta, DBH3ko Biologia-Geologia ikasgaiko curriculuma sei proiektu hauen inguruan antolatu da:

    1. Txertoak, bai ala ez?
    2. Gure zelulak ondo elikatuta al ditugu?
    3. Patata frijituaren bidaia
    4. Kontrol-dorrera deika!
    5. Ugaritik dator ugaldu
    6. Plastikoak jango al ditugu etorkizunean?

Proiektu bakoitzaren sekuentziazioak hurrenkera hau du:

    • Arazoaren enuntziatua eta deskribapena
    • Landuko diren oinarrizko konpetentziak (zeharkakoak eta disziplinakoak)
    • Ikas-helburuak
    • Jarduerak:
        • Hasierako fasea
        • Garapen fasea
        • Aplikazio fasea: azken produktua
        • Transferentziarako proposamenak (kasu batzuetan)

Bestalde, jarduera bakoitzaren barruan atal hauek bereizi dira:

    • Sarrera. Jardueraren helburua adierazten da.
    • Jarraibideak. Ikasleei zuzenduta. Ataza aurrera eramateko urratsak zehazten dira, baita erabili behar dituzten materialak edo baliabideak eta lanerako antolamendua ere (taldekatzeak eta abar).
    • Baliabideak eta tresnak. Bi ataletan zerrendatu eta estekatuko dira hauek: batetik, ikasleek jarduerak egiteko beharko dituztenak azalduko dira; eta bestetik, irakasleak beharko dituenak.
    • Irakaslearentzako oharra. Atal honetan irakasleentzat lagungarriak izan daitezkeen iradokizunak eta aholkuak eskaintzen dira.

Euskarria

Materialaren euskarria digitala da, eta proiektu bakoitza plataforma edo ikasgela birtual baten bidez erabil daitezkeen jarduera-sekuentzietan antolatuta dago. IKT-baliabideak eta aplikazioak erabiliko dira, bai jarduerak lantzeko (buru-mapak, denbora-lerroak, infografiak eta bideo interaktiboak...), eta baita jarduerak ebaluatzeko ere (CoRubrics, Google inprimakiak…). Material horiek guztiak hezkuntzarako Gsuite (Google) plataformarekin bateragarriak dira eta aplikazio eta tresna guztiak modu integratuan egokituta daude.

Hala ere, kontuan hartuta ikastetxe askok ez duela digitalki lana egiteko baliabide nahikorik, material guztia paperean eskuratu eta erabil daiteke.

Egileak

Esker ona

Euskarazko zuzenketa eta aholkularitza egin duen Elixabete Izagirre Olaizola irakasleari (Irale R400 programaren baitan).