Zarauzko obren artean aurkitzen den Azken Portuko putzuzuloan egin zuten topo hamar piratek altxor preziatuaren bila. Zailtasunak zailtasun heldu ziren gaztetxera hamar koplariak, azken aldiz Putzuzulon jokatuko den Kopla Txapelketan kantatzeko prest. Gaztetxea gainezka bete orduko itzali ziren argiak. Fokoak oholtzara begira. Banan bana, txiste txarren eta aurkezpenen artean, hamar piratak igo ziren tabladura, beraiekin ekaitza ekarriz. Eta hasi ziren arraunean zintzarriaren bila.
Lehenengo fasean ofizioak egin behar izan zituzten koplariek. Agurretatik hasi zen umorea Koplaren Tenpluan, baina lehen errondan jo zuen goia eta azken agurreraino ez zen jaitsi. Iñaki Gurrutxagak eta Hodei Iruretagoienak ekin zioten lehen ariketa "puntuagarriari". Haserre zeuden bi lagunen azaletik kantatu zuten, euren koadrilakoen erruz biak batera scape room batean zeudelarik. Parranda garaiei erreferentzia eginez publikoaren irriak piztea lortu zuten. Haien atzetik heldu zen Aroa Arrizubieta eta Maialen Lujanbioren txanda. Bi hauek aitonak herentzian utzitako mapa hartuta onddo bilketara joan ziren. "Onddo" zebiltzan ala ez ez dakigun arren, ofizio itzela utzi ziguten.
Lehenengo faseko aurrenengo ariketak goia jo zuen Aitor Sarriegiren eta Oihana Aranaren ofizioan. Enpresa txiki bateko nagusia zen lehena, bigarrena haren langilea. Nagusiak langileari talasoterapia batera eraman zion, bien arteko harremana sendotze aldera. Ia biak batera kantuan hasi izana ez zen atzetik zetorrenaren lagin txiki bat besterik izan. Sarriegik bere enpresari buruz "gorantza joan behar du, aparrak bezala" zioen arren, gorantza joan zena Oihana izan zen. Aranak garbi utzi zuen indartsu zetorrela. "Nor itoko da lehenau, enpresa ala zu?" galdetzen zion ezkoriatzarrak Aitorri. Eta erantzuna txalo zaparrada bat izan zen.
Nerea Elustondok eta Xabi Maiak hartu zieten testigua. Hauek azoka batean jarri zituzten trukean. Liburuak, betaurrekoak... eta ilea ere trukatu zuten! Azkenik Aitor Salegiren eta Aimar Sorazuren txanda izan zen. Bi hauek surfeko taulak eskuan hartuta eta surfeatzen jakin gabe hurbildu ziren ur-ertzera. Olatu gutxi hartu zituzten, baina hartu zuten hura nahikoa izan zen saio osoan zehar bultzaka izateko.
Ariketa hau bukatzean jolasean jarri zituzten bertsolariak. Koplari bakoitzari oin bat ematen zioten, zoriz hautatua zorro batetik, eta errima hori mantenduz jardun behar ziren poto egin gabe eta gai baten barruan. Umorea izan zen nagusi. Errimak agortzen joan hala koplariak halanola moldatu behar ziren. Koplek geroz eta zentzu gutxiago zuten arren eta oinak geroz eta surrealistagoak izan arren, guztiek gainditu zuten proba.
Jarraian, hamar piratek pertsonaia baten azaletik kantatu behar izan zuten ofizioka. Pello Zabala eta Euskamet, rally eta anbulantzia gidariak, karakola eta barea, semaforoko koloreak eta Chill Mafia eta Xabier Lete izan ziren putzuzulotik bisitan azaldutako pertsonaiak. Azken bi horien artekoa izan zen joku gehien eman zuena. Chill Mafiako kide izatea tokatu zitzaion Xabi Maiari eta Aitor Salegiri, berriz, Xabier Leterena egitea zegokion. Porroetatik Ez dok amairura, Errotxapeatik Kattalin Minerrera eta gazte arruntetatik Leteren Seiscientos zaharrera saltoka ibili ziren.
Azkenik, lehen fasea bukatzeko librean jardun ziren. Dena den, ia kartzelako gai bat zutela zirudien. Adina izan zen gehienen mintzagaia. Zaharrenek eta gazteenek, guztiek hartu zuten parte Adinaren Kopla Txapelketan. Gazteenek zaharrenen jarrera imitatzen zuten umoretik, zaharrenek beren gazte garaiei abesten zieten. Beti adin eta doinu librean.
Lehen faseko hamar ontzietatik bik soilik lehia zezaketen altxorraren bila. Guztien ahoetan zen Oihana Aranaren izena. Bigarrena zen, aldiz, zalantza gehien sortzen zituena. "Agian Aroa?", "Ala Maialen?", "Aimar ere ez da gaizki aritu". Zurrumurruen artean igo ziren gai jartzaileak oholtzara. Euren eskuetan ziren buruz burukoa lehiatuko zuten bien izenak. Erredoblea... Oihana Arana eta Maialen Lujanbio!
Lehenik librean egitea tokatu zitzaien. Baina lasai, adina ez zen gai nagusia izan. Biek atera zituzten kanoiak eta hasi ziren bata besteari tiroka. Gero, objektu batekin egin behar izan zuten ofizioa: kartoizko kutxa bana. Putzuzulo gaztetxearen eraisketa hurbila dela eta, gaztetxe berrira eramateko gauzak kutxa horietan jasotzea izan zen bi hauen lana. Hainbat proposamen egin zituzten, gauza materialak zein inmaterialak jaso zituzten hitzen kutsa horretan eta gogoetan jardun ziren "ametsen fabrika" bizitzen ari den egoeraren inguruan.
Atzetik iritsi zen azken ariketa puntuagarria: kartzelakoa. Maialeni egokitu zitzaion gaztetxeko kalabozoetara joatea, Oihanari ohotza osoa utziz. Gaia, ohiko moduan, abesti bat izan zen: Ruper Ordorikaren Ez da posible. Aranak esperientzia pertsonalarekin lotu zuen gaia, zehazki Putzuzulon buruz burukoa jokatzen egotearekin, eta posible zela erakutsi zigun, lanak bere fruituak ematen dituela azalduz. Jarraian Lujanbiori egokitu zitzaion gai horri erantzutea. Honek gaia ikuspegi zabalago batetik hartu zuen, eta, lehen lerroak errepikatuz, era ederrean osatu zuen ariketa.
Azken bozketari eman zion bide buruz burukoaren amaierak. Bi ontziak zeuden X gorriaren gainean. Bietako nork eskuratuko zuen Putzuzuloko azken zintzarria? Urduritasuna musika artean nahastuta zegoen. Gai jartzaileek mikrofonoa eustean, hala ere, dardarek txalo itxura hartu zuten. Oihana Aranak jantzi zuen zintzarria, azken bi edizioetako irabazlea Koplaren Tenpluko tronutik tronugabetzen. Bejondeiola! Merezia benetan! Zintzarriak ezin zuen portu hoberik topatu.
Orain, ordea, bidaia berri bat ekiteko garaia heldu zaio Kopla Txapelketari. Putzuzulotik ateratzea tokatzen zaio. Koplaren Tenplua uztea. Ametsen fabrikatik alde egitea. Baina bidelagun ederra du bide berri hau ekiteko, ez baita besterik portuak hain ondo ezagutzen dituenik. Ziur naiz berarekin gaztetxe berria ere koplaren tenplu bihurtuko dela.