Urte bat beranduago baina heldu zen gugana Bizkaiko finala abenduak 19an. Miribillan elkartu ziren 8 bertsolari sailkatuak, talde antolatzailea, gai jartzaile, epailegoa, langile bolondresak… Eta nola ez, bertsozaleak. Pandemiaren neurriak gora eta behera, ia 4000 lagun bildu ziren Bilbon, aretoan giro ederra sortuz. Hauek izan ziren finalistak: Xabat Galletebeitia, Onintza Enbeita, Nerea Ibarzabal, Etxahun Lekue, Gorka Pagonabarraga, Aitor Bizkarra, Jone Uria eta Aitor Etxebarriazarraga.
Goitik hasi zen saioa agurrekin, bereziki horrenbeste txunditu gintuen Nerearen agur “magikoarekin”, Harry Potterren kantaren doinuan “Beharbada ez duzu ezer sinetsiko / baina nik ez nituzke begiak itxiko” abestuz. Aipagarria da baita Etxahun Lekueren agurra txapelketatik, bi hamarkadatan zehar finaletan ibili ondoren, gogotsu eta alai aurkeztu zena haren azken Bizkaiko txapelketa jokatzeko.
Lehen faseari sakonetik eman zitzaion hasiera zortziko handiekin, eta horretan hunkigarria izan zen, bi aldeetatik, Nerea eta Etxahunen arteko ofizioa, gurasoekin denbora gutxi igarotzen zuten bi nerabeen azaletik.
Ondoren sintonia alai eta umoretsu batera igaro zen saioa, barrez lehertarazi zuten bertsolariek ikuslegoa: Xabat eta Etxahunen desorden arazoak, Bizkaiko finalean aspertuta zeuden Bizkarra eta Jone nerabeak… Orokorrean irria ezpainetatik irristatzea erraztu zuten bertsoak joan ziren airera.
Ofizioak amaitu eta puntu erantzunak heldu ziren, eta hauetan, txalo zaparrada galanta jaso zuen Etxebarriazarragak, euskal musikari buruz botatako bertsoen ondoren: “kalitatezkoa da/ ta anitza bebai”.
Ondoren hamarreko txikian, seriora itzuli ziren bertsolariak, eta hainbat gai ezberdin ukitu zituzten: etorkinen egoera, eraso homofoboak ikasgeletan, pentsiodunen borroka eta Covid ziurtagiria… Harri bitxi batzuk eskuratu genituen, Bizkarraren “lehen polizia denak / hortxe derrigorrez / bereizten genituen / kaskoez ta porrez / ta egun polizia / denok ta inor ez”. Hausnarketa ederra eskaini ziguten Jonek eta Gorkak pentsiodunen lekutik ere, hurrengo belaunaldiei ardura eta erantzukizuna eskatuz.
Lehendabiziko zati hau amaitzeko, bakarkako gaietan murgildu ginen. Horretan, erronka baten aurrean gailendu zen Onintza bat ikusi genuen, gaztaina saltzaile baten azaletik indarrez beteriko hiru bertso osatuz. Nerea Ibarzabalek, berriz, Uxue Alberdiren papera hartu eta “Kontrako Eztarritik” liburuari buruz abestu zuen, publikoaren txaloak irabaziz: “gu elkartzeko egin nuen hau / ez euren erantzun bila”. Baina froga honetan puntu kopuru handiena pilatu zuena Jone izan zen, Olentzeroren izenetik haurrei pandemia garaian izandako jarrera eskertzen, urteko garai honetan bereziki “Nire trajeak gordetzen / hortan pentsatzen nengoen / eurak zigortu beharra / bi urte pasa ondoren / zer ta beraiek portatu / zaizkigunean ondoen”.
Jone Uria eta Nerea Ibarzabal pasatu ziren buruz burukora, eta harrigarria izan zen jakin orduko eman zuten besarkadatik oholtza gainean ikusi genuen konplizitatea eta ahizpatasuna. Emozio malkoz eta goxotasunez aurrera egin zuten biek, eta zortziko txikian ez zen izan publiko osoan irri egin ez zuen inor. Gaiaren arabera, Nerea finalistak Jone zuen entzungailutik bertsoak txibatzen, eta guztiz zukutu zuten biek txantxetarako aukera, aurreko saioari erreferentziak eginez. Jone Uriaren bigarren bertsoa ahazteko zaila izango da, hau izan baitzen bere erantzuna: “Jonek ez du sartuko / berehala hanka / Maialen Lujanbio du / pinganilloan ta”. Barre algarak eta oihuak entzun ziren publikotik bertsoa burutu orduko.
Seiko motzean, Jone etxez etxeko arreta zerbitzuen erabiltzailea izan zen, eta Nerea murrizketak direla eta berarekin egoteko denbora gutxiago izango zuen langilea. Bikain aritu ziren biak, batak bestea erantzuten une oro eta puntu ederrak oparitzen, adibidez, Ibarzabalen “lehen pertsona bat zinen ta orain/ hamabost minutu”.
Kartzeleko frogarekin amaitu zen saio puntuagarria, eta txin-txinaren hotsa ardatz, “gerta dadila gertatu behar dena” mezua transmititzea zen nesken betebeharra. Nereak, bere hizkera poetiko eta istorioak kontatzeko doaiak erakutsi zituen, maitale bat bisitatzen zuen emakume baten begietatik, azken puntu liluragarri batekin amaituz bertsoak “berriro itzul gaitezen / maite gaituzten lekura”. Jonek, aldiz, umoretsu eta itxaropenez hartu zuen gaia, gabonetan familia osoa biltzen zuen 80 urte inguruko emakume baten hitzetatik, eta bizitzeko grinari buruz abestu zion neurriz betetako garai honi.
Txapela Nerea Ibarzabalek jantzi zuen, 874.5 punturekin, Jone Uria txapeldun-orde 866 puntu pilatuta. Poza zabaldu zen Miribillan, irrifarreak eta txalo beroak eskuak gorritu arte. Saio eder bat amaitzeko era zoragarria izan zen Joseba Etxebarriak eta Moises Enbeitak txapela jartzea Nereari, bertso-saioen inguruan lanean dabilen jendearen erakusgarri paregabeak.
Agurren artean, azpimarratu beharra dago Jonek abestutakoa, “finalak jartzen ditugun hontan / Barakaldon, Iruñean / ia aldaketa noiz sumatzen den / baina oholtza gainean”.
Amaitzeko, nola ez, txapeldunaren agurra izan zen bidaia amaitu zuen bertsoa, eta halaxe esan zuen markinarrak “baina itzarrik eusten gaituzten / ideia horiei oratu / hormak higatu daitezkelako / ta arrakalak loratu”. Saioan zehar erakutsitako mailarekin itxi zuen Nereak eguna, eta oroitzapen politez josiak irten ginen aretotik.