Ongi etorri Plaieroen txokora
Bi astean behin gertatzen da, itsasbeherak denbora tarte bat eman ohi digu zarauztar guztioi hondartzaren zabaltasun guztia eskainiz. Bertan, harearen gainean, jolas bat marrazten dugu; laukizuzen bat eta bi ate alde banatan. Lau marren artean bi talde nor baino nor, eta epaile bat, joko guztiek arau bat dutela ahantz ez dezan inork.
Eta han elkartzen gara protagonista guztiok, mundu pila mundu bakarrean. Badira partiduaren zain loa bildu ezin izan dutenak eta partidura lo azaltzen direnak. Badira, iratzargailua jarriagatik, gogoak lehenago esnatu dituenak eta, iratzargailua jarri arren, gogoa manta goxo artean lokartu zaienak. Badira partidu garrantzitsu baten atarian goiz etxeratu direnak eta goizean goiz etxeratu direnak ere badira. Badira jokalari hotzak eta beroak, eta, badira hotzegiak eta beroegiak ere. Badira jokalari isilak eta isiltzen ez direnak. Badira galtzen ez dakiten jokalariak eta irabazten ez dakitenak ere, izan, badira. Badira jolasera datozenak eta jokatzera datozenak. Badira hasiberriak eta asegaitzak, zahar nola gazteak, lasaiak edo urduriak, langileak ala alferrak, harroak nahiz umilak, dotoreak eta traketsak; Zarauzko plaieroak badira eta bagara, mundu pila eta bakarra.