HASI AURRETIK

Oiartzunaurrea eta Biyurrieneako kideok nerabe eta helduentzako escape room berria sortu dugu: “PASTA FRESKOA”.

“NON DAGO MENDIBURU?” escape roomeko balorazioei esker, mazedoniaren errezeta izugarri gustatu zitzaizuela dakigu. Horregatik, errezeta bat izango da jolas berriaren ardatz: Pasta freskoarena. Hala ere, ez gurekin gehiegi fidatu.

ZER DA ESCAPE ROOM BAT?

  • Escape roomak abenturazko jolasak dira.

  • Jolas horiek kokatzeko istorio bat egoten da eta helburu bat zehazten da hasieratik.

  • Jokalariek enigmak, arazoak eta asmakizunak ebatziz helburua lortu behar dute.

  • Escape roomak ez dira ariketa multzo bat. Ondorioz, askotan ez da froga bakoitzean zer egin behar den esplizituki zehazten, hau ez da akatsa, sortzaileek kontzienteki hartutako erabakia baizik. Unean uneko egoera edo arazoaren aurrean norbere sena erabili behar da, eskatzen dena zer den asmatzeko eta arazoari irtenbidea emateko.

SORTUTAKO BESTE ESCAPE ROOMAK:

  • NON DAGO MENDIBURU? (Nerabe eta helduentzat): Sebastian Mendibururen estatuaren desagerpenaren inguruko jolasa, Oiartzungo herrian kokatua. Ez da beharrezkoa herria ezagutzea jolastu ahal izateko.

  • PIRATAK ALTXORRAREN BILA! (Haur eta familientzat): Altxor baten bila egindako abenturazko jolasa.

BEHARREZKO MATERIALA:

  • Interneterako sarbidea duen ordenagailu bat (beste gailuetan froga batzuk egitea ezinezkoa da).

  • Boligrafoa eta papera, oharrak hartzeko.

  • ZIP. artxiboak deskonprimatzeko programa bat. Ordenagailu askok berez dakarte, baina zuen ordenagailuaren kasua ez bada WinZIP edo UNRAR doako deskonprimatzaileak deskarga ditzakezue.

OHARRAK:

  • Ohiko escape roometan, denbora jakin bat egoten da enigma, arazo edo misterioari irtenbidea emateko. Guk sortu dugun jolas honetan ordea, iraupena ez da garrantzizko alderdi edo faktore bat izango eta ondorioz, ez da berez neurtuko. Norberaren erritmoan helmugara iristea da gakoa. Dena den, hala nahi izanez gero, kronometroa erabil dezakezue.

  • Jolasaren gutxi gorabeherako iraupena 90 -120 minutukoa da.

  • Jolasa zailtasun maila altukoa da, “NON DAGO MENDIBURU?” baino korapilatsuagoa eta konplexuagoa. Beraz, eta bereziki escape roometan esperientziarik ez baduzue, lehenengo “NON DAGO MENDIBURU?” egitea gomendatzen dizuegu. Zailtasun mailagatik, escape rooma printzipioz ez da haurrentzako egokia. Nerabeentzat egokia izan daiteke, bereziki helduren batekin jolasteko.

  • Etxean bakarrik konfinatuta bazaudete edo lagunekin bideo-dei bidez jolastu nahi baduzue, elkarrekin jarraitu beharko dituzue jolasaren urratsak, bakoitzak bere ordenagailutik. Hala ere, escape roomean zehar mezuren bat bidali behar baduzue, guztiek bidali behar duzue.

  • Prozesuan zehar frogaren batekin trabatu eta aurrera egin ezinik bazaudete PISTAK atalera jotzeko aukera duzue. Irtenbide hau ahalik eta gutxien erabiltzea gomendatzen dizuegu, jolasa dibertigarriagoa eta luzeagoa izan dadin.

  • Jolaseko irudiren bat kargatzeko orduan arazorik baduzue, orria berriz kargatu dezakezue (F5 botoia sakatu).

  • Erantzunetan letraz osatutako koderen bat sartu behar baduzue, letra larriz eta lotuta idatzi, hitzen artean tarterik utzi gabe.

  • Jolaserako hainbat baliabide erabil daitezke, hala nola: google, posta elektronikoa, oharretarako bloka, google maps, google traductor, patatap, youtube, paint...

  • Escape roomean zehar ez duzue telefono deirik egin behar (ez deitu inori).

  • Jolasa bukatutakoan, ikusitakoa sekretuan gorde, oraindik jolastu ez direnek istoriaren eta frogen berri izan ez dezaten. Ez igo sare sozialetara eta ez zabaldu escape roomeko irudirik. Sare sozialetan erronka gainditu duzuela partekatu nahi duzuenontzat, escape roomaren bukaeran POSTUREORAKO TXOKOA sortu dugu. Orri hori eta bertako irudiak erabil ditzakezue sare sozialetarako.

  • Jolasaren bukaeran lau galderako galdetegi bat dago. Guretzat oso erabilgarria da bertan biltzen dugun informazioa eta horregatik betetzeko eskatu nahi dizuegu.

  • Escape rooma gustatzen bazaizue gonbidatu ingurukoak jolastera!

TESTUINGURAKETA

Ezagutzen ez duzun igorle baten mezu berri bat iritsi zaizu postontzira. Oso inuzentea iruditu zaizu mezuaren edukia hasieran, baina adi begiratu ondoren tentsioa eta urduritasuna sentitu dituzu. Pasta freskoa gustuko duzu?

OHAR GARRANTZITSUA: EZINBESTEKOA DA HASI AURRETIK GOIKO INFORMAZIOA ONGI IRAKURTZEA.