NON DAGO MENDIBURU?

NON DAGO MENDIBURU? ESCAPE ROOMA

Etxean sartuta zer egin ez dakizula zaude? Lasai, Oiartzunaurreak eta Biyurrieneak etxetik jolasteko moduko doako escape room bat sortu dugu. Jolasaren helburua Covid-19aren eraginez bizi dugun konfinamendu egoera hau arintzea da, herrian zehar euskara hutsean ibilaldi bat eginez.

Ohiko escape roometan, denbora jakin bat izaten da enigma, arazo edo misterioari irtenbidea emateko. Guk sortu dugun jolas honetan ordea, iraupena ez da garrantzizko alderdi edo faktore bat izango eta ondorioz, ez da neurtuko. Norberaren erritmoan helmugara iristea da gakoa.

BEHARREZKO MATERIALA:

  • Interneterako sarbidea duen ordenagailu bat (beste gailuetan froga batzuk egitea ezinezkoa da).

  • Boligrafoa eta papera, oharrak hartzeko.

  • ZIP. artxiboak deskonprimatzeko programa bat. Ordenagailu askok berez badakarte, baina zuen ordenagailuaren kasua ez bada WinZIP edo UNRAR doako deskonprimatzaileak deskarga ditzakezue.

OHARRAK:

  • Jolasaren gutxi gorabeherako iraupena 90 -120 minutukoa da.

  • Zailtasun maila ertain-altukoa da jolasa, ondorioz printzipioz ez da haurrentzako egokia. Nerabeentzat aproposa izan daiteke, bereziki helduren baten laguntzaz jolasten bada.

  • Bakarka jolas zaitezketen arren, taldean jolastea gomendatzen dugu, dibertigarriagoa eta errazagoa izango baita horrela. Etxean bakarrik konfinatuta bazaudete edo lagunekin bideo-dei bidez jolastu nahi baduzue, elkarrekin jarraitu beharko dituzue jolasaren urratsak, bakoitzak bere ordenagailutik.

  • Google edo maps bezalako online baliabideak erabiltzea baimenduta dago.

  • Jolaseko irudiren bat kargatzeko orduan arazorik baduzue, orria berriz kargatu dezakezue (F5 botoia sakatu).

  • Prozesuan zehar frogaren batekin trabatu eta aurrera egin ezinik bazaudete, PISTAK atalera jotzeko aukera duzue. Irtenbide hau ahalik eta gutxien erabiltzea gomendatzen dizuegu, jolasa dibertigarriagoa eta luzeagoa izan dadin. Izan pazientzia eta eutsi, guztiok ebazteko modukoak dira frogak.

  • Jolastu ondoren ikusitakoa sekretuan gorde, oraindik jolastu ez direnek istoriaren eta frogen berri izan ez dezaten.

  • Jolasa gustatzen bazaizue gomendatu ingurukoei!


TESTUINGURAKETA

Lo zaudela mugikorrak esnatu zaitu. Etengabe ari da dardarka. Begiak ireki, mugikorra hartu eta berri, mezu eta irudiz bete da pantaila. Herriko komunikabide guztietan adierazi dutenez Sebastian Mendibururen estatua desagertu da. Korrika jaiki eta etxeko postontzira joan zara, bertan informazio gehiago izango delakoan.