Egin ihes Mairulegorreta kobazulotik escape room jolasetan oinarritutako jolas kooperatiboa da. Lau pertsonak jolas dezakete aldi berean, eta ez da beharrezkoa fisikoki elkarrekin egotea; beraz, nork bere ordenagailuarekin edo mugikorrarekin jolas dezake eta bideokonferentzia bidez ikus dezakezue elkar.
Jokoaren protagonistak Txomin, Mikel, Ane eta Miren zarete, lagun talde txangozalea, eta txangoa egin duzue Gorbeiako parke naturalean.
Gorbeia mendiaren gailurrera iritsi eta gero, haize handia dabilenez eta hamaiketakoa gailurrean egitea ezerosoa litzatekeenez, Egiolarra borda/aterpera jaistea erabaki duzue. Bat-batean, Txominek zarata karrankari eta arraro bat entzun du, ustez hegaztiren batena izan daitekeena, eta korrika hasi da zerura begira eta, orduan, leize batean behera erori da. Taldeko gainerako kideok, Txominen laguntza oihuak entzun dituzue, eta erori den tokiraino hurbildu, eta zuloan behera jauzi egitea erabaki duzue, zuen lagunari laguntzeko.
–Ondo al zaude, Txomin? –galdetu dio Mirenek, eta buruko linterna piztu du, elkar ikus dezazuen.
–Jo, Txomin!! Hiltzeko zorian egon gara... Eta zergatik eta basoan entzun duzun zarata arraro horren atzetik joateagatik. Eta? Ikusi ahal izan duzu zein animalia zen? –galdetu dio Anek.
–Bada, tamaina handiko hegazti bat zela iruditu zait, eta urteko zein sasoitan gauden kontuan hartuta, okil bat izan zitekeen, bere eremua defendatzen... Sentitzen dut nahaste hau eragin izana! Nola irtengo gara hemendik? Ez dakigu non erori garen! Gainera, Mirenen linterna besterik ez dugu, eta bateriak 45 minutu baino ez du iraungo! –esan du Txominek.
–Itxaron! Kutxa bat aurkitu dut! –egin du oihu bat-batean Mikelek pozik–. Begira! Mapa bat eta hainbat pista ditu, eta horiei esker Mairulegorreta kobazuloaren sarreraraino heldu ahal izango gara.
–Orain ez du ezertarako balio kexatzeak. Ez dezagun denborarik gal! –esan du Mirenek–. Ordubete besterik ez dugu ihes egiteko! Eta denbora pasatzen hasia da!
Beraz, orain hasiko da zuen benetako abentura: bizirik atera behar duzue Mairulegorreta kobazulotik, galeriak erabiliz. Horretarako, 6 proba gainditu beharko dituzue eta lau zenbakiko kode bat lortu horietako bakoitzean. Proba guztiak gainditu eta kode guztiak lortzen dituzuenean, formula batean txertatu beharko dituzue eta Mairulegorretako ateko giltzarrapoa zabaldu ahal izango duzue ihes egiteko.