Hezkuntza da pertsonok ingurua eta mundua begiratzeko eta bizitzeko dugun modua eraldatzeko garatu beharreko prozesuaren gako garrantzitsuetako bat. Hala ere, horretarako hezkuntza egitasmoen ikuspegia zabaldu beharko genukeela uste dugu. Herri hezitzailearen filosofiatik hezkuntza, eskolaz eta familiaz haratago, herriko eragileen arteko ardura konpartitu moduan ulertzen dugu: tokiko udalek, hezkuntza formal zein ez formaleko eragileek eta herrigintzakoek partekatzen duten ardura, hain zuzen ere.
Azaroaren 30ean Hiri Hezitzailearen Nazioarteko Eguna ospatzen da, hezkuntzaren garrantziaz jabetzea eta tokiko gobernuen konpromisoa ikusaraztea helburu duena, ongizatea, bizikidetza, oparotasuna eta gizarte-kohesioa sortzen dituen bektore gisa kokatzeko.