1. EGUNA (2024/05/13)
Basilicatan gaude, Italiako eskualde menditsuenean. ¨Istituto Comprensivo Luigi La Vista¨ eskola publikoan gaude. Bertan, 550 ikasle daude eta 76 irakasleko klaustro bat dago. Eskola hiru etapatan banatuta dago: Haur Hezkuntza; Lehen Hezkuntza; eta Bigarren Hezkuntzako lehen zikloa. Haur Hezkuntza bi eraikuntzatan banatzen da, eta biak Via Roman kokatuak daude; Lehen Hezkuntza beste bi eraikuntzatan dago, Via Verdin eta Via E. Totin kokatuak; Bigarren Hezkuntzak erainkin bakarra du, La Vista, Via E. Totin kokatua, eta bertan zuzendaritza-bulegoak eta irakasle-gelak daude.
Gaur goizean, zuzendaritza-taldeak, irakasleekin batera, ongietorria eman digu eta instalazio guztiak bisitatzeko ibilbidea egin digu. Hasteko, Lehen Hezkuntzako klaseak agurtu ditugu eta ondoren Haur Hezkuntzako taldeak ezagutu ditugu.
Lehenengoz, hiru urteko gelako talde erdiarekin egon gara eskolako berrikuntza-gelan, sukaldaritza-tailer bat egiten. Ikasgela honen erabilerak hainbat berrikuntza-tailer eta -proiektu egiteko balio du, hala nola sukaldaritza-tailerra eta xake-proiektua. Era berean, gela honetako espazioa Montessori metodoarekin lan egiteko erabiltzen da. Gaur goizean, sukaldaritza tailer batean egon gara, eta pizza txikien orea prestatu dute. Ondoren, bost urteko gelako beste talde txiki batekin jarraitu dugu, hauek Montessori metodoarekin lan egin dute. Metodo honen bitartez esperimentazioaren bidez zenbakikuntza, geometria, grafismoa eta entzumen-diskriminazioa lan egin dute. Gelan bertan egon den isiltasunak, ordenak eta lasaitasunak arreta deitu digute.
Arratsaldean berriro hiru urteko gelakoekin egon gara, oraingoan eskolaz kanpoko ekintza bat burutzeko: Xake-proiektua. Adin horretan xake-jokora hurbiltzea da proiektuaren helburua, eta, horretarako, xake-formak ezagutzen hasten dira, irudiak erabiliz. Gainera, psikomotrizitatea xake-taula erraldoi baten bidez lantzen dute, gorputza modu askean erabiliz.
Proiektua amaitu ondoren eskolan geratu gara, eta zuzendariak gure Job shadowing-aren egunerokoa egiteko espazio bat utzi digu. Lanaldia amaitzean, eskolako zuzendariarekin eta Lurraldeko Hezkuntza Ministerioko zuzendariarekin batera, "Biblioaut" proiektuaren emaitzen aurkezpena ikustera joan gara. Proiektu hau inklusioa bilatzen duen proiektu berritzaile bat da; metodo inklusibo multisentsoriala erabiliz. Hitzaldia Potenzako Liburutegi Nazionalean egin da, egitura berritzailea duen eraikinean.
2. EGUNA (2024/05/14)
Gaur Via Verdin dagoen San Giovanni Bosco lehen hezkuntzako eraikina bisitatu dugu. Lehenik instalazioak ikusi ditugu, hiriko beste zona batean dagoen eraikin historikoa da. Hemen, guk bezala, bi klase dituzte maila bakoitzeko. Egiaztatu dugu, atzoko instalazioetan gertatzen zen bezala, solairu bakoitzean kanpoko laguntzaile bat dutela, garbiketaz edo egunean zehar ikasleekin ager daitekeen beste edozein beharrizan ez-kurrikularraz arduratzen dena.
Gure lankide italiarrek ingeniaritza elektronikoa eta nekazaritza ekologiko eta jasangarria batzen dituen proiektu berritzaile bati buruz hitz egin digute: "Geoponic". Proiektu hau hobeto ulertu ahal izateko, eskola batera joan gara. Arduraduna eskolako kanpoko ingeniari elektroniko bat da, asteartero hirugarren mailako geletara etortzen dena. Ikasleei transmititzen dien pasioa nabari da, adi eta oso modu parte-hartzailean jarraitzen baitute saio osoan. Proiektu hau ikastetxean garatzen ari den "Slow Food" proiektuarekin batu eta elkarlanean aritzen da. Proiektu honen bidez, ikasleek lurra errespetatzen eta lantzen ikasiko dute. Gaurko saioan, beste laguntzaile batekin amaitu dute klasea, eta Italiako metodo tradizionalean pasta mota desberdinak egiten parte hartu dute. Proiektu horiek ikasgelaren barruan garatzeaz gain, zati esperimental bat ere badute ikastetxeko lorategian.
Jarraian, Lehen Hezkuntzako laugarren mailako bi talderekin izan gara, 47 ikasleko taldea osatuz. Saio honetan ikusi dugu adin horretako ikasleak gai direla programazio informatikoarekin hasteko. Horretarako, "Coding" izeneko aplikazio informatikoa erabiltzen dute; programazio-lengoaiaren bidez lan egiteko modu bat da, eta saio honetan guri eskainitako gaztelaniazko olerki bat eraldatu eta egokitu dute.
Arratsaldean ingeleseko irakasleak Kamishibai Proiektuaren lagin bat erakutsi digu. Ipuinak kontatzeko modu originala da, eta XII. mendean du jatorria.
Eguna amaitzeko, "Snoezelen" gela ezagutu dugu. Hemen, irakasleak erlaxazio-saio bat gidatu du eta espazioko giroa erabili du aurreko proiektuaren jarduerarekin lotutako solasaldi bat sortzeko.
3. EGUNA (2024/05/15)
Gaur izango da gure azken eguna Luigi La Vista Istituto-an. Gaur goizean, Nicola, Musikako irakasle bat, gure zain dago Bigarren Hezkuntzako lehen zikloko (gure Lehen Hezkuntzako 6. maila, DBHko 1. eta 2. mailak) ikasgela eta aretoetan gidari lanak egiteko. Lehenengoz, Administrazio eta Zuzendaritza bulegoak bisitatu ditugu. Bertan azaldu digutenez, gure eskola publikoetan ez bezala, han administrazioko langileak berariaz prestatzen dira lan horretarako, eta ez dira irakaslegoaren parte hartzen. Berdin gertatzen da zuzendariarekin, horretarako oposaketa egin duen pertsona batek betetzen baitu kargua. Bere sistemarekin ditugun ezberdintasunak partekatu ondoren, Nicola hasi da musika gelak erakusten. Instrumentu bakoitzeko bat dago: gitarrarako bat; biolontxeloa; bibolina; eta pianoa. Espazio horietan saio batzuk taldean ematen dituzte, eta beste batzuk banakako klaseetan. Curriculum-ikasgaia da, gure Lehen Hezkuntzako 6. mailatik aurrera.
Gimnasioan eta areto nagusian jarraituko dugu, eta Nicolak esan digu eskolaz kanpoko beste jarduera batzuetarako ere erabiltzen dela.
Areto nagusian gauden bitartean, zalaparta gehiago entzuten hasten gara pasabideetan, atsedenerako ordua da. Haur eta lehen hezkuntzan gertatzen den bezala, hemen "jolastordua", gure hezkuntza-sisteman ezagutzen dugun bezala, ez da berdina. 10-15 minutu inguru dituzte zerbait jateko, komunera joateko edo hankak korridoreetatik pixka bat luzatzeko. Ikasleek bezala, irakasleen gelara joateko, kafe bat hartzeko eta institutuko gainerako ikaskideak agurtzeko aprobetxatzen dugu.
Atsedenaldia amaitutakoan, Nicolarekin jarraituko dugu, gaikako geletako batean, "Eztabaida" gelan, saio bat egiteko.
Gela honetan eserlekuak eta mahaiak daude, taldekako eztabaida eszenaratzen laguntzeko. Kasu honetan, bigarren hezkuntzako bigarren mailako 12 urteko ikasleekin gaude. Eztabaida ikasteko metodologia bat da, eta planteatzen den gaia historia ikasteko erabiltzen da. Saioa prest daramatela eta protokolo bati jarraitzen diotela ikusi dugu. Alde batetik, epaimahaiaren taldea dago, talde bakoitzaren parte-hartzea ebaluatzeko printzipio batzuk jarraitu behar dituena. Bestalde, zozketaz egokitu zaien jarrera defendatu eta argudiatu behar duten taldeak daude. Eta, azkenik, entzuleak daude, adi jarraitu eta hitzaldi guztiak entzun behar dituztenak. Asko gustatu zaigu ikustea zein ondo hitz egiten duten jendaurrean, nabari da motibatzen dituen klasea dela, eta batzuek beren argudioak emateko duten grina sumatzen da. Eskerrak Nicolak interprete lanak egin dizkigun, nahiz eta konturatzen ari garen italieraz uste genuena baino gehiago ulertzeko gai garela.
Goizeko jardunaldiari amaiera emateko, gaikako beste gela batera bisita egitea geratzen zaigu: "Podcast" ikasgela. Ikasgela hau berria da, istorioak kontatzeko tresna gisa sortu da. Nicolak azaldu digu ikastetxeak aholkulari digitalaren funtzioak betetzen dituen irakasle bat duela, eta irakasleek lan-ordutegian prestakuntza digitala jaso behar dutela edo ez. Arlo digitalean trebatzea aukeratu duten irakasleek Podcasteko gela erabiltzeko prestakuntza dute. Gu, Nicola bera irakasle dugula, saio batera joan gara ikasgela honetan, hezkuntza-premia bereziak dituzten ikasleekin. Irakasle laguntzaileekin batera, komunikatzeko zailtasunak dituen ikasle batek musikaren bidez komunikatzeko eta bere abestia grabatzeko egiten duen talde-lana ikusten dugu. Era berean, ikusten dugu gizarte-arloan zailtasunak dituen beste ikasle batek parte har dezakeela eta gitarra jo dezakeela gelako beste bi ikaskiderekin batera. Plazer handia da bertaratzea eta ikastetxeko eguneroko jardueretan nola sartzen diren egiaztatzea.
Bazkaldu aurretik, ikasketa-buruak esan digu Debora Infante, Basilicatako Eskualdeko Eskola Bulegoko eta Erasmus + Basilicata Enbaxadoreen Eskolako zuzendaria, zain dugula Potenzako Hezkuntza Ministerioaren bulegoan harrera egiteko. Bertan, bere lankideak aurkezten dizkigu. Bilera gela batean Basilicata eskualdeko Erasmus + proiektuari buruzko aurkezpen bat egiten digute. Amaieran, Txomin Aresti gure eskolari buruzko aurkezpena egiteko eskatu digute, Leioa eta Bilbori buruzkoa. Aipatzekoa da Leioa, Bilbo, gure kultura eta hizkuntza, Euskara, izan duten interesa.
Arratsaldean KHAko lehen hezkuntzako klase batera joan ginen. CAA Komunikazio Handigarriaren eta Alternatiboaren siglak dira.
«H» hizkiak komunikazio handigarriari egiten dio erreferentzia. Zerbait handitzen duzunean, beste zerbait gehitzen diozu edo osatzen ari zara. Komunikazio handigarria zure diskurtsoa beste elementu batzuekin osatzen duzunean gertatzen da (adibidez, zeinuekin, sinboloekin edo letra-taula batekin), zure mezua argiagoa izan dadin entzulearentzat.
«A» hizkiak Komunikazio Alternatiboari egiten dio erreferentzia. Hitz egiteko gai ez zarenean gertatzen da, edo zure diskurtsoak ulermenik ez duenean, beste elementu batzuk gehituta ere. Kasu honetan, komunikatzeko beste modu bat behar duzu.
Funtsean, KHA tresna, sistema eta estrategiak dira, pertsona bati komunikatzen laguntzen diotenak, hizketaren bidez modu eraginkorrean komunikatzeko gai ez denean.
Irakasleak eskolako liburutegian ematen du klasea. Saio honetan, irakasleak ikusizko eta ahozko komunikazio-sistema erabiltzen du, eta, horretarako, piktogramen eta irudien bidezko jarduerak egiten ditu. Piktogrametan, ikasleen hainbat familia-gairen hiztegia eta edukia agertzen dira.