ONGI ETORRI HAUR HEZKUNTZAKO GURE TXOKORA!!!

2022-2023 IKASTURTEA

IRTEERAK

Ikasturtea borobilduz,  2 urtekoak Adunara  eta 3-4-5 urtekoak Orendainera joan gara.

Komunikatzeko gaitasuna, kuriositatea, naturarekin harremana, sormena, mugimendu gaitasuna… landuz, eguraldia lagun, elkarrekin gozatzeko aukera paregabea izan dugu!!!   

ARGAZKI GUZTIAK HEMEN

JOLASAREN GARRANTZIA

Haurrak jolasaren bitartez, bere garapeneko dimentsio guztiak garatzen ditu. Haurrak harremanak behar ditu, objektu eta material anitz manipulatu eta hainbat ekintza burutu, eta guzti hori jolastuz lortzen du.

Haurrek pertsona eta objektuekin harremanezko esperientziak bizitzen dituzte, haien ezaugarriak, nolakotasunak, harremanak,… aurkituz. Ondoren, lotura guzti horiek bere buruan irudikatzen dituzte, hori dela eta ekintza eta esperimentazioa abiapuntutzat hartuz , pixkanaka haurra bere nortasuna eta mundua eratzen joango da.  

Jolasaren bitartez, haurra “norberaren ezaguera eta autonomia pertsonala”  eraikiz doa; nork bere ulertzeko moduak antolatuz, nork bere gaitasunak probatuz eta erronka txikiak ipini eta gaindituz, emozioak bizitu eta menderatuz, eta guzti honekin, bere burua ezagutzeko bidean aurrera egiten du.

Jolasa haurren egunerokotasunean bermatua izan dadin, gelako zein kanpoko espazioak eskaintzen dizkiegu, inguru aberats eta seguruak. Guztia haurren interes eta beharren arabera egokituz.  

ARGAZKI  GUZTIAK  HEMEN

MATEMATIKA

PENTSAMENDU MATEMATIKOAREN GARAPENA HAUR HEZKUNTZAN


  Haur Hezkuntzako matematikak bizitza arrunteko hainbat egoera eta jardueratan aplikatzen dira, intuizioa eta prozesu logikoak haurraren esperientziaren bidez garatzen dira.


  Matematika bizitza praktikoaren premien ondorioz sortzen da, eta ezinbestekoa da haurraren  eguneroko bizitzako problemak ebazteko gaitasunak garatzeko. Zentzu horretan, irudikapen (errepresentazio) matematikoak, hizkuntzak bezala, protagonismoa hartzen du Haur Hezkuntzako arlo guztietan.


  Haurrengan garuneko heltze-prozesuak modu naturalean ematen direnez, matematikaren bidez, Haur Hezkuntzan, haurraren garapenaren  hainbat esparrutan lortutako eskuratzeak finkatu eta zabaldu egiten dira, ikaskuntza desberdinak lortzeko aukera emanez". 

Haurrek zer dakiten jakinda, maisu-maistrek proposatutako materialen eta jardueren bidez eraikitzen dira ikaskuntza berriak.


Egunerokotasunean, hizkuntzarekin batera pentsamendu matematikoa haurraren garapenean presen dago.


Pentsamendu magikotik pentsamendu logikora, matematikora eginez joango da.


Abstrakziora bidean, esperimentazio eta bizipenaren garrantzia ezinbestekoa izango du.

Horretarako konkretutik, abstrakziorako bidea egiteko eskura jartzen dizkiegu material eta egoera ezberdinak.  


Egoera errealekin esperimentatzeko aukera etengabea dute: askotariko testuingurutan matematika-adierazpenak erabiliz, objektuen ezaugarriak deskribatuz eta inguruneko egoerak interpretatuz errealitatea ulertuz doaz.

Guk prozesu horiek behatu eta aurrerapausoak ematen laguntzen diegu, egitera gonbidatuz, egiten dutenari hitza jarriz, kontzientzia hartze bidean.


Esperimentazioaren bidez, modu intuitiboa eta “informalean” burutzen dituzten lehen eragiketa horiek dira ondorengo eskola matematiketarako oinarri. 

 Bizitza matematika da…


Pentsamendu matematikoa: pentsamendu algebraiko, zenbakizkoa, geometriko espaziala, neurriarena garatzen hasten da egoera errealen bitartez. 


ARGAZKI GUZTIAK HEMEN

ESPERIMENTAZIOA

 

Esperimentazioa da pertsonak garatzeko dagoen bide nagusietako bat.

Esperimentatzea norberak gertuko testuinguruarekin elkarrekintzan aritzeko prozesua da: prozesu horretan, haurrak bere buruarekiko, inguruarekiko eta esperimentatzen ari den materialarekiko informazioa eskuratzen du.

Umeak bere ingurunea arakatzeko berezko gaitasuna dauka.

Gure Ikastolan gaitasun horri erantzuteko egituratutako espazioetan  material desberdinak manipulatu, esploratu edo esperimentatzeko aukera eskaintzen diegu.

Ekintzan oinarritutako ikaskuntzaren aldeko hautua egin dugunez, esperimentatzen uztean, haurrak bere irudimena modu librean erabili, ukitu, probatu, erabili, ikertu, sortu eta sentitu egingo dute ingurua, errealitatea ulertu ahal izateko. Hau da,   haurra sentsazio eta bizipenen bitartez ikaste prozesuan aurrera egiten arituko da etengabe.

 

Esperimentazioaren bidez, haurra bere kabuz saiatzen da bere jardunak ingurunean dituen ondorioak egiaztatzen. Objektuek ekintzaren aurrean duten erreakzioa egiaztatuko du, eta, horretarako, manipulazioa, miaketa edo behaketa bezalako prozedurak erabiliko ditu helduaren begiradapean.

Horrela, esperimentazioaren bidez haurren bizipenetatik abstrakziorako bidea erraztu nahi diegu. Gure geletan materialetatik, egoera errealetatik eta konkretuetatik abiatzen saiatzen gara, bost zentzumenak eta gorputz osoa aktibatuz abstrakziorako bidea egiteko.

 

Modu honetan lan eginez, zenbait ikaslek berehala egiten dute salto hau, baina aldi berean, denbora gehiago behar dutenei aukera ematen diegu konkreziotik abstrakziorako urratsa egiteko, beraien erritmoak errespetatuz. Horrela, haurrak behar duen konfiantza garatuko du. Eta hau izango da egiteko motibazioa eta ausardia emango diona, bere buruarengan sinetsi eta aurrera egiten lagunduko diona.

 

Esperimentazio-prozesua esanguratsua izateko, espazioak berebiziko garrantzia du, eta gure Ikastola barruko espazioez gain NATURA izango da guk hautatutako espazio pribilegiatuenetakoa.

ARGAZKIAK HEMEN

TALDEKATZEAK ETA ADIN NAHASKETAK


ERAIKIZ proiektuan taldekatzeak modu ezberdinetara egiten ditugu eskainitako ekintzaren arabera: talde erreferentetan(gelaka), mailako taldeetan (adinka) eta zikloka (3-6urte) edo/eta ekintza puntualetan etapen artean.

 

Oso aberatsa iruditzen zaigu adin desberdinen nahasketa bat ematea. Hau ez da berria guretzat, izan ere, duela urte batzuetatik era naturalean egiten dugu.

 

Egunerokoan, gure espazio eta denbora antolaketari esker ematen da adin nahasketa hau. Talde heterogeneoak, dinamikoak, naturalak ahalbidetzen ditugu. Honek, aukera ematen dio haur bakoitzari, berak erabakitzeko norekin elkartu, beraien interes, behar edo erritmoaren arabera. Horrela, gune eta une batzuetan adin ezberdinetako haurrak elkartzea gertatzen da. Horrela lan egiten dugunetik, gure geletan liskarrak asko gutxitu dira: bakoitzak erabakitzen duenez non, noiz eta norekin egon, eta badakienez, orain aukerarik ez badu (espazio bat beteta dagoelako adibidez), datorren saioan izango duela, askoz lasaiago bizi ditu egoerak).

 

Adin nahasketa honek aberastasun handia dakar: haurren arteko harremanak areagotzen ditu. Izan ere, batzuek helduagoei begira ikasteko aukera izango dute (imitazio rol desberdinak hartzen joateko aukerak), helduak txikiagoekin elkartzean (nagusiagoak izanik) beren zaintza jokabideak ateratzen dituzte, laguntza jarrerak sortzen dira, afinitate handiagoak bila ditzakete beste adinekoekin...



ESPAZIOEN EBALUAZIOAREN GARRANTZIAZ. MUGIMENDU ETA GORPUTZ ADIERAZPEN GELAREN IREKIERA


Gure egunerokoan, ikastolan, helduon egiteko garrantzitsuenetako bat  da behaketa.

Baina,  zertarako behatu? 

Errealitatea ezagutu, ulertu, interpretatu, baloratu, hausnartu eta esku-hartze bat egin ahal izateko, hitz batean esanda:  EBALUATZEKO.

Eta… zertarako ebaluatu?

 

Haur bakoitzaren garapen osasuntsu eta naturala errespetatuz,

·         Haurraren garapen osoena ahalbidetzeko 

Prozesuan parte hartzen dugun guztiok ikuspegi komuna partekatuz, 

·         Haurrari laguntzeko, prozesuan agertzen zaizkion erronkei (haurraren garapen propioari lotuak) edo/eta oztopoei (testuinguruan egon daitezkeenak) aurre egiten. 

 

Zer behatu ebaluatzeko?

HAURRA ERDIGUNEAN hartuz, helduak (eta berauen eskuhartzeak), denboraren kudeaketa, komunitatea, materialak eta espazioak, hau da, haurraren garapen TESTUINGURU osoa behatzea beharrezkoa/ezinbestekoa dugu, haurraren garapenean duen eragina kontuan hartuz. 

Lehen hiruhilekoan jasotako behaketen ostean, abenduko espazioen inguruko ebaluaketa saioan egokitzapen batzuk beharrezkoak genituela baloratu eta aldaketarako erabakiak zehaztu genituen, espazioetan identifikatutako beharrei (erronka beharra, mugimendu eta gorputz adierazpen askerako beharrak, motrizitatea, harreman berrietarako beharrak, autonomia bermatzeko beharra) erantzute bidean. 

 

Horrela 2023a 2020az geroztik berreskuratu ezin izan dugun MUGIMENDU eta GORPUTZ ADIERAZPEN GELA berri batekin hasi dugu!!!

 

Ditugun espazioak egokitu ditugu, mugimendu, gorputz adierazpena eta harreman berrien mesedetan.  Gure ikasleei  gorputz adierazpen eta mugimendurako toki zabal, ireki eta erosoa eskaintzeko aukera egin dugu. 

Zergatik?

Mugimendua da aprendizairako atea!

Haurra jaiotzen denetik hasten da mugimenduari esker inguruan duen informazioa jaso eta honekin, munduari buruzko ezagutza eraikitzen. 

Garapen motoreak haurrari independentzia eta autonomia emango dio, antolaketa neurologiko eta gorputz kontrolarekin batera. 

Adin tarte honetan guztiz beharrezkoa da haurrak mugitzea, horregatik espazio berri honen eskaintza (guztiz  beharrezkoa baita, haurrak garatu ahal izateko, haurrari mugimendurako aukerak eskaintzea). 

 

Mugimendu askatasunean oinarrituko gara: inoiz ez dugu mugimendu gaitasuna  azkartzeko saiakerarik egingo. Honek berak bere gaitasunak deskubritzea, bere erronka propioak ezarri eta gainditzea ekarriko du. Emozio, satisfakzio eta konfiantza handia lortuz. 

 

Materialei dagokienez, definitu gabeko objektuak eskaintzen saiatzen gara, honek erabilera ezberdinak eman ahal izatea ahalbidetzen du, beraien irudimena eta sormena garatuz. Aukera emango diote haurrari objektu bera orain funtzio batekin erabiltzeko eta gero beste batekin eta sinbolizaziorako bideak irekiko dizkie (euren barnea proiektatzen lagunduz:  beldurrak, kezkak, desioak, bizipenak… 

Musika gehituz eta honen bitartez, beraiek nahi dutena izan eta gorputzaren bidez sentitzen duten hori adierazteko aukera ematen diegu. Musika entzutean haurrek materialekin edo gabe, dantza, jolas, antzerki… edo sentitzen duten hori azalaratzeko aukera izango dute, norbera izaten lagunduz. 

 

Gainera, sozializatze aukera berriak irekitzen direla ikusi dugu. Denbora eta espazio irekitasunari esker, haurrak beharren baitan espazio desberdinak aukeratzen dituzte, horrela, gune eta une batzuetan adin ezberdinetako haurrak elkartzea gertatzen da eta honek haurren arteko harremanak areagotu eta aberasten ditu. 

ARGAZKI GUZTIAK HEMEN

HIZKUNTZA

Gu euskaldunak gara, Euskal Herrian bizi gara eta gure hizkuntza EUSKARA da. Helduak hizkuntzaren iturri nagusia gara, batez ere, etxean euskara ez dutenentzat. Gure hizkuntzan esaten duguna, haur guztiek ulertzen dutela bermatu behar dugu: keinuekin, irudiekin, hitzekin, errepikapenak erabiliaz, galderak eginez.… Hizkuntza erabiliaz ikasten da, erabiliaz garatzen da eta horregatik egunero horretan dihardugu.

Helduen ahotsa eta hitz egiteko modua funtsezkoak dira haur bakoitzaren komunikatzeko eta entzuteko gogoa pizteko, motibatzeko eta zabaltzeko.

Guk ezin dugu elkarrizketa eduki eta hitz egin komunikatzen ez bagara, partekatzen ez badugu, emozionalki ondo sentitzen ez bagara, lotzen ez bagara. Ezinezkoa da haur batek hitz egitea gauza hauek guztiak gertatzen ez badira.

Berdin gertatzen da entzutearekin, haurrek ezin dute entzun komunikatzen ez badira, partekatzen ez badute, emozionalki ondo sentitzen ez badira eta lotzen ez badira. 


 

        

Elkarrizketa txandak dira, orain niri dagokit, orain zuri dagokizu. Hor egon behar da eta itxaron egin behar da, nik maite zaitut, nik itxarongo zaitut. Hemen zurekin egotea gustatzen zait eta isilik egoten naiz, nahi duzunean zure txanda har dezazun.


Jarrera bideratzaileak eta elkarrizketa oztopatzen duten jarrerak daude.

 

-Hizkuntza oztopatzeko jarrerak:


1.- Haurraren denbora inbaditzea, haren ordez hitz eginez, erantzunaren zain egon gabe, keinu bakoitzari hitzak jarriz eta beti esango duena aurreratuz. Denbora eman behar zaie, ez da haien ordez hitz egin behar.


2.- Hiperestimulazioa, une honetan, haur hiperestimulatuak ditugu, gauza guztiak egiten dituzten haurrak, eskolaz kanpoko jarduerez betetako haurrak.


3.- Interakzio kopurua murriztu behar da, ez da beharrezkoa uneoro gure haurrekin elkarreraginean aritzea.


4.- Ez da galderaz bete behar, ez galdera irekiez, ez itxiz, ez handiz ez txikiz. Galderak komunikazioaren etsai handiak dira, haur eta nerabeengan, galderak elkarrizketaren oztopo garrantzitsuak dira.

 

5.-Txupetea eta biberoia: bizitzako lehen bi urteetan, haurraren errealitatea ahoaren inguruan eraikitzen da, aurrean duena ahora eramaten du, jaten ikasten du, txupetea erabiliz zurrupatzeko beharra asetzen du... Baina behar hori, hazkundearekin batera, desagertuz doa. Horregatik, pixkanaka-pixkanaka erabilera murriztu behar da. 2 urtetik aurrera kalteak eragin ditzake (ahozko malformazioak, ahoskatzeko arazoak). 

 

6.-Bi urtetik aurrera, denbora luzez, purea eta jaki likidoak soilik hartzeak murtxikatzeko funtzioa atzeratzen du. Murtxikatzerakoan eta hitz egiterakoan egiten ditugun mugimenduak berdinak dira eta honek eragin dezake artikulazio desegokia erabiltzea hitz egiterakoan.  


 

-Hizkuntza errazteko jarrerak:


1.- Haurraren edozein adierazpen jasotzea, hark esan nahi digun edozein adierazpen. Erakutsi behar zaio, halaber, egin digun adierazpen adierazkor hori jaso dugula eta esanahi bat emango diogula.


2.- Ume batek gaizki hitz egiten duenean, berak esan diguna erantzun behar da, beti ondo jarrita, beti ondo eraikita.

 

3.- Denbora eman behar zaio, entzuteko jarrera nabarmenarekin, eta berriz txanda hartzera gonbidatuz. Bere txanda hartzera gonbidatzea isiltasuna eskaintzea da, doan itxarotea da, presarik gabe.


4.-Ahotsa afektiboki transmititzeko zuzeneko bidea da; ahotsaren eta hitzaren arteko disoziazioa badago, ahotsak irabazten du beti. Arauak ezartzen dituen ahotsak, mugak jartzen dituen ahotsak, ahots horrek hor egon behar du, mugak jarri behar dira, ezetz esan behar da, baina ahots horrek ezin du inoiz maitasun transmisioa galdu, inoiz ez. Ezetz esaten dizut maite zaitudalako, hozka egiten baduzu ez zaizu ondo joango bizitzan, eta ez dut nahi hozka egitea maite zaitudalako, ez haserretu naitekeelako, baizik eta esaten dizut ez hozka egiteko zuregatik. Ahotsak haur bat ukitzen du, ez bakarrik belarriarekin, baizik eta gorputz osoan eta emozio osoan, ahotsa besarkada bat baita distantzian.

 

5.-Komenigarria da zintz egiten erakustea belarriak ez isteko (entzuten duena ez bada garbia, hitz egiten duena ere ez da garbia izango), eta mukiak bakarrik kentzeko aukera eman behar zaie paper zati bat emanez.

 

6.-Sudurretik hitz egiteak ikaskuntza arazoak ekar ditzazke, egoera hau antzematean espezialistarengana eramatea gomendatzen da.

 

7.-Gauetan zurrunga egin dezake edota kontzentratuta dagoenean maiz ahoa irekita eduki dezake. Hauek sudurra mukiz beteta izatearen ondorioak dira.     

 

 

-Emozio bidez: esamolde, esku-jolas, abesti, hiztegi eta olerkiak.

-Errutinetan: errepikapenaren baitan ikasten diren hizkuntza formak. Egunero errepikatzen diren esaldiak.

-Argitxoren laguntzaz: gutun, bisita eta bere magiaren bidez.

-Eguna idatziz: sehaskako egutegian eguneko izena idatziz, berdin hasten diren hitzak jarriaz, silabak txalotuaz, hitz luzeena/laburrena identifikatuz, etorri ez diren ikasleen izenak izendatuaz…

-Ipuinen bidez: Mundua azaltzeko eta ulertzeko erabiltzen ditugu, baita sentimenduak interpretatzeko, esperientziak azaltzeko eta gizartea kritikatzeko ere. Haurraren garapen-prozesuan, aukeraz beteriko “kutxa” da ipuina; izan ere, irudimena eta fantasia garatzeko, eta gozamena eta sentikortasuna sendotzeko, aberasteko eta indartzeko aukera ematen dio haurrari. Ipuinen bidez, errealitatearen eta ametsen arteko oreka lortu eta bere munduari aurre egiten dio haurrak. Beraz, haurtzaroan ipuinak guztiz funtsezkoak dira, eta garrantzi handia dute bai garapen linguistikoari begira, bai garapen afektibo-emozionalari begira ere.


Aipatutakoaren praktika ikus dezazuen, HEMEN ARGAZKI GUZTIAK!


MUGIMENDUA

 MUGIMENDUA, ZERTARAKO?  

Umea lehenengo urteetan (1-3) gorputz mailan bizi da (fase sentsorio-motorea) eta mugimendua oso garrantzitsua da. Momentu honetan mugimendua da ikasteko bide nagusia, mundua eta ingurua horri esker ezagutzen ditu. Honez gain, nor bere burua ezagutzen hasten da, bere buruarekiko sentsazioak ezagutzen hasten da eta bere izatea (NAIZ) eraikiko du. Gorputzaren batasuna lortuko du eta horrekin gorputzaren jabetza, ondorioz, bera noraino den eta bestea non hasten den banatzen hasiko da. 

     Hemen ume garaia amaitzen da eta haurra ezagutzen dugu (3-6): bestearengandik bereizten da, haurrak gorputzaren kontrola dauka eta mugimendua oso garrantzitsua izaten jarraitzen badu ere,  pentsamendu sinbolikoa garatzen hasten dira.

    Hau guztia kontuan hartuz eta behar duen garrantzia emanez, Uzturpe Ikastolan haurrak mugimendu hori lantzeko aukera eskaintzen diegu eguneko momentu gehienetan: zirkulazio librean, kanpo espazioan, psikomotrizitate saioetan eta irteerak egiten ditugunean esaterako.

 

ZER EGIN ETXEAN ETA NOLA JOKATU? 

Adin tarte honetan (HH) guztiz beharrezkoa da haurrak mugitzea. Adibidez: 2-3  urterekin mugimenduaren maximoa lortzea ez badiogu ahalbidetzen, 6-7 urterekin ez dute lortuko eserita  mantentzea. Horregatik haurrak mugitzea nahi dugu eta horretarako AUKERAK eskaini behar dizkiegu:  

 

  Aipatutakoaren praktika ikus dezazuen, HEMEN ARGAZKI GUZTIAK!




AUTONOMIA

ZER DA AUTONOMIA?


Norbera izateko egiten den ibilbidea da. Barne-gogoarekin, askatasunarekin, eraikuntza subjektiboarekin, harremanetan oinarritutako prozesu psikikoarekin, plazerarekin, norbere kabuz pentsatzeko gaitasunarekin, mundura irekita egotearekin, erabakiak hartzearekin… lotzen dute autonomia aditu askok. Gero eta autonomoago izan, gero eta konfiantza eta segurtasun gehiago izango du haurrak eta pixkanaka, erronka eta ardura berriei inoren beharrik gabe aurre egiteko konfiantzarekin batera, maila pertsonal eta sozialean oreka eta bizitza kalitatea hobetuko zaizkio haurrari. 



ZER EGIN ETA NOLA JOKATU AUTONOMIA MODU OSASUNTSUAN GARATZEN LAGUNTZEKO?

Heltze  bidean, helduok dugun paperak garrantzi handia izango du. Autonomia lortze honetan,  lehendabizi adin bakoitzaren ezaugarriak ezagutu eta haur bakoitza dagoen unea identifikatuko  dugu, horren arabera helduaren esku-hartzea ezberdina izango baita. 

Helduaren papera behatzailea ( haurren seinaleei adi egon eta bere garapenari aurreratuko ez dena); erraztailea (lagundu, aitortu eta segurtasuna eskainiz aukera emango diona) eta eredu aberatsa (errespetuzko esku-hartzea burutuko duena, beraien iniziatibatik hasi eta garrantzi gehiegirik eman gabe) izango da. 

Bide honetan, helduok argi izan behar dugu haurra non dagoen eta nora irits daitekeen eta helburu horretara heltzeko bidea zein izan daitekeen (bidelagun). Horretarako, arrakasta ahalbideratuko duten ekintzak, jarduerak, helburuak proposatuko dizkiegu, beraiek gai direla sentí dezaten. Bide honetan, saiakera bultzatuko dugu, esfortzuarekin lortutako lorpenek asebetetze mailan eragiten baitute. Amaitzeko, huts egiteko aukera emango diegu, huts egitea posible ez ezik beharrezkoa ere badela sinetsi eta transmitituz.

 

 Honekin batera, gaitasun eta interesen arabera, pixkanaka, haurrak bere burua gauzak egiteko gai dela ikus dezan ardura txikiak ematea interesgarria izaten da, haurrak bere buruan konfiantza garatu heinean prozesu ezberdinetan aurrera egiteko gai dela ikusten baitu. 

Honakoak izan daitezke autonomia lantzeko une edota prozesu ezberdinak: komuna, norberaren zaintza (mukiak, objetuak, jantzi- erantzi…), elikadura, etxeko arduretan aktibo izan (gaitasunen arabera beti ere: mahaia jartzen lagundu, arropa garbigailu barrura sartu, sukaldean lagundu,…), motxilaren prestaketa elkarrekin egitea... Adibide hauetaz gain, haurrek beraiek erakutsiko digute zertarako gai diren eta  bakarrik egitea eskatzen dizueten horretan, konfiantza eman eta utzi berari probatzen.  

ARGAZKI GUZTIAK HEMEN!

EGOKITZAPENA

Udara amaitu da eta gogotsu ekin diogu ikasturte berriari. Harremanetarako, esperimentaziorako, jolaserako une eta gune berriak ditugu aurrean. Lehen egun hauetan elkar ezagutzak, konfidantza eraikitzeko uneek… garrantzia berezia hartzen dute:  konkista aldia bizi dugu ikastolan. Baina, zer da egokitzapena edo konkista aldia?

Denok, behar dugu egokitzeko denbora. Haurrek ere tarte bat behar dute ikastolako testuingurura egokitzeko, batzuetan guztiz berria delako, beste batzuetan gelaz zein taldez aldatu direlako, eta beste batzuetan denbora asko daramatelako bertara gerturatu gabe.

 Egokitzapen prozesuaren oinarrian dagoena harremana da. Alde batetik, ikastolara joatean testuinguru naturaleko gertuko pertsonengandik banatu behar delako, eta, bestetik, eskolara joatean testuinguru berri batean kokatuko diren pertsona berriekin harremana eraiki behar delako.

Ikerketek adierazten dute umeen ongizatea eta garapena ziurtatzeko ezinbestekoa dela heldu esanguratsu batekin harreman afektiboa eraikitzea. Harreman horren bidez haurra seguru sentitzen bada, bere ingurunea ikertu eta besteekin modu osasuntsuan harremanduko da. Etxean daudenean, gurasoak izan ohi dira euren erreferente nagusiak. Baina ikastolan daudenean hezitzaileek hartu behar dute haurren erreferente segurua izateko ardura.

Horretarako, haurrak denbora behar du; ez da egun batetik bestera burutzen den prozesua. Hezitzaileak haur bakoitza konkistatzeko bide ezberdinak esploratu beharko ditu, haurrak askotarikoak direlako, bizitza istorio ezberdinak dituztelako, ezberdin bizi dituztelako banaketa prozesuak, testuinguru berrien aurrean ezberdin erantzuten dutelako, interes ezberdinak dituztelako eta abar.

Egokitzapenaz, zaintzeaz ari garenean, haurraren ongizateaz ari gara, bere eskubideak errespetatzeaz.

2021-2022 IKASTURTEA

BASO ESKOLA?

Badira bi edo hiru  aste inguru Gipuzkoako Hitzan “Gipuzkoako baso eskolen” mapa ikusi, inguruko herriak bertan ikusi eta Ibarra bertan agertu behar ote zuen hitz egiten hasi ginetenik. Zerk ezberdintzen ditu eskola hauek eta Uzturpen egiten ditugun naturguneetarako irteerek? 

Azken hilabeteetan maiz irakurtzen ditugu sare sozialetan edo/eta aldizkari ezberdinetan ikastetxe ezberdinek eraikin barruko ikasgeletatik kanpo martxan jarri dituzten egitasmoak. Pozez bizi ditugu, eskola orduetan, barruko espazioetatik kanpora martxan jartzen diren proiektuak: haurrei jolasteko, ukitzeko, probatzeko, ikertzeko,… aukerak zabaltzen zaizkiela sinetsiz hezkuntza munduan zerbait mugitzen ari dela uste dugulako. 

Baina zer da baso-eskola edo zer ulertzen dugu baso eskola moduan? 

Baso eskola naturan garatzen den hezkuntza eredua da. 

Danimarkan sortu zen 50. hamarkadan eta gerora herrialde ezberdinetara zabaltzen joan dena. Espainiar estatutan 2015ean zabaldu ziren hezkuntzak homologatutako lehenak. 

Hasierako eredu haietan bada ezaugarri amankomun bat:  ikasturte osoan, egunero, aire librean eskaintzen den hezkuntza eredua da; ez dago ikasgelarik, instalaziorik, libururik, ezta jostailurik ere.  Eta... ez dugu horrelako eskaintzarik gurean, nahiz eta bat egiten dugun baso-eskola izateko nahitaezko diren beste zenbait ezaugarrirekin: errespetuzko tratua, behar eta erritmoen errespetua, jolas librea...

Haurra gaitasunez beteriko pertsona dela sinesten dugu gurean eta hauen garapen osasuntsua bermatu nahian garrantzia handia ematen diegu ikastolan eskaintzen diezkiegun testuinguaren ezaugarriei. 

Haurren beharrei erantzute asmoz duela 6 urte inguru, urteetako ibilbide baten ondorioz,  ikastolako Haur Hezkuntzan barne espazioen eta materialen aldaketa burutu genuen, helduon buruko paretak bota eta haurrenganako begirada aldatzearekin bat, gure eskuartzeetan aldaketa burutu ondoren. 

Badira urteak jolasean, ekintzan, oinarritutako ikaskuntzaren hautua egin genuela ikastolan: haurrak ukitu, probatu, erabili, ikertu egin behar duelako bizitzen ari den mundua ulertu eta kudeatzen ikasteko. 

Zortez Uzturpe Ikastola naturaz inguratua dugu eta ez dugu inolako oztoporik taldean inguru hauetaz gozatu ahal izateko.   

Inguruetara irteerak asteko ordutegietan txertatuak ditugu urte batzuetatik hona,  badira urteak, ikastolako eremutik kanpo ditugun naturguneak baliatzen ditugula, haurren erritmoak errespetatuz, autonomia bultzatuz eta harremanak aberastuz, haurren mugimendu nahiak asetu eta bere ezagutza eta esperientziak aberasteko.  

Argi izan dugu eta ikusi dugu beti, geletan eskaintzen saiatzen garen aukera eta materialen ezaugarri asko eta asko naturak berak berez eskaintzen dizkigula: jolas sinbolikorako, esperimentaziorako, mugimendurako, errepresentaziorako, lasai egoteko, harremanetarako aukerak eskaintzen dizkigu naturak, ikaskuntza-ingurune aberatsa da natura! Material irekiak topatzen ditugu bertan, funtzio eta helburu zehatzik gabe, funtzio eta helburu ezberdin asko eman edo eskaintzen dizkigutenak eta genero-desberdintasunez ulertzen ez duten materialak dira gainera. 

Urteetako esperientzia eta egindako behaketek esaten digute haurren gaitasunen garapen osasuntsurako, gure proiektuaren helburuen garapenerako, izan nahi dugun pertsona ereduaren garapenerako, naturguneek edo/eta bertan topa ditzakegun elementuek,  aukera handiak eskaintzen dizkigutela. Irteera hauetan duten mugimendu askatasunak, sormenerako bidean, hizkuntzaren garapenean, harremanetan, elkarlanean, emozioen kudeaketan, jakinminean duen eragin oso positiboa da!  

Hau dela, Uzturpen, eraikinetik atera eta  kanpoan egiten dugun eskaintza geroz eta handiagoa da, egunak eta maiztasunak handitzen joan gara, adinez nagusiagoekin ere kanpora irteten gara eta arlo honetan hezitzaileen formazioan ere sakontzen ari gara.   Familien elkarlanari esker, aurtengoan, orain 2 ikasturte 2 urteko geletan egindako eskaera zabalduz, 3-6 adin tartean ere beharrezko zaizkigun katiuskak eta xirak ditugu ikastolan!!!  Horrela, eguraldi euritsu edo/eta kanpokaldea bustita dagoenean ere, esperientzia hauez gozatzeko aukera izaten ari gara! 

Beraz bai... Uzturpen badugu basoetan, naturguneetan, kanpo espazioan ikasteko aukera! 

Uzturpe Ikastolako Haur Hezkuntzako taldea

Kaixo! 

Lau urteko ikasleek, Nerea gure ingeleseko irakaslearekin batera, eskulantxo bat proposatzen dizuete! Animatu eta bidali zuen maskaren argazkiak! EGIN KLIK!

GURE ERAIKIZ PROIEKTUA ZABALDUZ

HIK HASI-KOAK UZTURPEN


Asteburu honetan Hik Hasik Haur Hezkuntzako profesionalen prestakuntzan sakontzeko asmoz eskaintzen duen bi urteko formazioko ikasleak izan dira gure Uzturpe Ikastolako Haur Hezkuntzako geletan. Material eta espazioak ezagutzeaz gain, bertan egon diren lau orduko saioan gure ibilbidea eta Eraikiz proiektuaren nondik norakoak ezagutzeko aukera izan dute Usue Sukia eta Maria Probanzaren eskutik.

Sinesten dugun hezkuntza moduaz eta gure proiektuaz hizketan gozatu ederra hartu dute gure bi lankide hauek.

Plazer bat izan da Hik Hasi,  mila esker aukera hau emateagatik eta gugan konfiantza erakusteagatik.


BUELTAN GARA!

Kaixo kaixo!!! Zer moduz zaudete? Zer moduzko buelta izan duzue? Egia esan, ezohiko ikasturtea dugu aurtengoa eta geuk ere egokitzapentxo bat behar izan dugu hainbeste gauza berrirekin lanean hasi eta, batez ere, haurrekin egon eta galdutako denbora berreskuratzeko! 

Hala ere, lehen hilabetea pasa zaigu eta blogari ere eusteko garaia dela pentsatu dugu! Pasa den urteetan bezala, hilabetero geletako argazkiak igotzeaz gain, ekintza, dokumentu edota berri berezi edo interesgarriak publikatuko ditugu gure web orri honetan. Beraz, ekin diezaiogun denok elkarrekin ikasturte honi, hilabete honetan atera dugun ondorio argiena elkarrekin aurrera egingo dugula izan baita!



2019-2020 IKASTURTEA

         OPORRETARA GOAZ!

Geroarte_hasieran.mp4

...ETA IRAILA BITARTE BLOGARI AGUR ESANGO DIOGU...

ONDO PASA UDARA!

GURE EMOZIOTEGIA

GURASOEN TXOKOA 

Egun hauetan sekulako informazio bonbardaketa jasaten ari gara eta gu, ahal den neurrian, Hezkuntzaren inguruan asko dakien jendeak zer dioen eta zein proposamen dituzten jakiteko, aktualitatea jarraitu eta hitzaldi ezberdinetan parte hartzen ari gara. Informazio guzti honen barruan gurasoentzako interesgarriak diren artikuluak, iritziak eta  proposamenak GURASOEN TXOKOAN aurki ditzakezuela gogoratu nahi dizegu. 

Gaztelaniaz/ En castellano

ERAIKIZ ETXEAN!

KAIXO KAIXO! AURRETIK ESAN DUGUN MODUAN, HASI GARA ZUEN BERRIAK JASOTZEN ETA IRAKASLEOZ GAIN, ZUEN LAGUNTXOEK ERE ZERTAN ZABILTZATEN IKUSTEKO, EGUNERO- EGUNERO, ZUEK BIDALITAKOA ATAL HONETAN PUBLIKATUKO DUGU. 

ZER DEN BIDALI DEZAKEZUENA? ZUEK EGINDAKO ESKULANEN EMAITZA, SUKALDATU DUZUENA AZALTZEN DUEN BIDEO BAT, LAGUNEI PROPOSATU NAHI DIEZUEN ERRONKEN BAT, MARGOTZEN ARITU ETA GERO SUKALDEKO MAHAIA NOLA GERATU DEN ERAKUSTEN DUEN ARGAZKIA... INTERESGARRIA IRUDITZEN ZAIZUENA!

HEMEN GURE IKASTOLAKO ARTISTAK:


Gazteleraz/ En castellano

 ASTELEHENA 16                                           ASTEARTEA 17                                          ASTEAZKENA 18                                       ZUBIA

ASTELEHENA 23

ASTEARTEA 24

ASTEAZKENA 25

OSTEGUNA 26

ASTEBURUA

ASTELEHENA 30

ASTEARTEA 31

ASTEAZKENA 1

OSTEGUNA 2

ASTE SANTUAK

ASTELEHENA 20

ASTEARTEA 21

ASTEAZKENA 22

OSTEGUNA 23

ASTEBURUA

ASTELEHENA 27

ASTEARTEA 28

 ASTEAZKENA  29

ASTEBURUA

MAIATZA

MAIATZAK 9-15

MAIATZAK 15-22

MAIATZAK 22-29

MAIATZAK 29- EKAINAK 5

BERRIAK!!!

Zer moduz familia? Gu buruari eragin eta eragin ari gara eta ideia bikain bat bururatu zaigulakoan gaude!! Zer iruditzen egun hauetan etxean egindako lan guztiekin erakusketa handi bat egiten badugu? Zoragarria litzateke, baietz??


Ba badakizue, jaso txukun txukun egiten dituzuen eskulan, marrazki, ipuin, komikiak… eta elkartzen garenean, ikastolara ekarri, denak bildu eta denon artean erakusketa eder bat egingo dugu!! 

Horretaz gain, atzo idatzi genuen bezala egunero proposamen berriak gehitzen joatea denez gure asmoa, egon adi atal bakoitzaren azpian izango diren eguneraketei!!!

Bukatzeko, aipatu nahi dizuegu OSO POZIK gaudela hasi zaizkigulako zuen lehen argazki eta berriak iristen!!! Beheko atalean proposamen berriak aurkituko dituzuen bezala, goran atal berri bat sortuko dugu zuen argazki eta berriak argitaratzeko. 

ZUEN ZAIN EGONGO GARA!


Gazteleraz/ en castellano

Etxean ere... ERAIKIZ!


Kaixo familia! Hemen gatoz zuen egunak motzagoak eta alaiagoak egin nahian. Horretarako ikastolako blogean proposamen ezberdinak zabalduko dizkizuegu zuen seme alabekin momentu polit, lasai eta dibertigarriak izan ditzazuen. 

Bloga eguneratzen eta berritzen joatea da gure asmoa eta horretarako, zuen proposamenak oso aberatsak izan daitezke. Beste familiekin elkarbanatu nahi dituzuen proposamenak badituzue, bidali e-mailez zuen tutoreari eta guk blogaren bitartez zabalduko ditugu. Horretaz gain, zuek etxean egindakoa zabaldu eta besteek egindakoak ikusteko,  zuen argazkiak nahi ditugu! Argazki hauek ere tutoreari bidali eta blogean argitaratuko ditugu. Denon artean eguneroko polit eta dinamiko bat sortzera animatzen zarete? Zuen mezuen zain egongo gara!!! 

Proposamenak:


“Musika ez da irakasgai soil bat, gure barrukoa adierazteko artea baizik”

Gazteleraz/ En castellano

““Dantza egiteak dimentsio anitzak orokorrean garatzeko aukera ematen digu”

Gure proposamenaGazteleraz/ En castellano

"...bakoitzak egindako hori gozoagoa omen da!... "

Gazteleraz/ En castellano

"eskulanak gure haurrekin egiteak, sormena, motrizitate fina, antolaketa eta ordena bezalako gaitasunak lantzeko aukera ematen digute. Eta honez gain, famili-arteko harremanak eta loturak sendotzen laguntzen digute"

"Uzurpe Ikastolan haur ekintzaile, sortzaile eta eraldatzailea ezaugarriak eskuratu nahi ditugulako"


Gazteleraz/ En castellano
"Ipuina, pertsonaren barne munduaren proiekzio bat da, non bertan, pertsonaren beldurrak, ametsak, desirak,... biltzen dituen modu sinboliko batean. Eta bizitzako egoera ezberdin horiei aurre nola egin erakusten die ipuinek. 

Goazen beraz ipuinekin bidaiatzera!!"

"Jaiotzetik gizakiak kuriositatea, imaginazioa eta sormena ditu ezaugarri"

Jarraian aurkituko dituzuen irudiei hitza jartzeko unea da!

Gazteleraz/ En castellano

"Mandalak margoztuaz, kontzentrazioa lantzen da, eta eguneroko arazoez ahaztu eta norbere sormenaren emaitzez gozatzeko aukera ematen dute. "


Gogoratu, forma geometriko ezberdinak erabiliz (zuzenkiak, tamaina ezberdineko edalontziak...)norberak bere mandala propioa sordu dezakeela! Gazteleraz/ En castellano

"Emozioak mugimendua esan nahi du, munduarekin interakzioa"


Etxetik ezin atera ahal izateak ez du esan nahi mugitzeko aukera galdu behar dugunik, Haurrek mugimendurako beharra dute eta guk, lau pareten artean egonagatik ere,  hori eskaintzeko saiakerak partekatu nahi ditugu zuekin.
Gazteleraz/ En castellano
Egun berezi hauetan egunero haurrek marrazki espontaneo bat egiteko aukera eskaintzea  proposatzen dizuegu. Egunerokotasuna osatuko duen bilduma bat egin daiteke: bizitutakoa gogoratzeko, elkarrizketarako aitzakia izateko, pentsamendu edo gogoetak gordetzeko, gure barruko emozioak adierazteko.
Gazteleraz/ En castellano

Erakutsi zuen dohaiak eta gozatzera!!

TAILERRAK

Haur Hezkuntzako Eraikiz proiektuaren barruan,  atal garrantzitsu bat dira Tailerrak.

Elkarlana eta komunikazioa indartzen duen esperimentazio ekintza da tailerra, posible denean, familiekin batera aurrera eramaten duguna.  

Familiak gure proiektuaren parte aktibo izatea beharrezkoa dela sinesten dugu, eta bide honetan, uste dugu  guztiek egin ditzakegula ekarpenak, aniztasunean baitago aberastasuna!!!

Jakinik berritasunak umeen jakin-mina pizten duela eta norberaren etxetik datorren horrek emozioak piztuko dituela, ekin diogun bide honi eutsi nahi diogu. Horregatik, etorri nahi duzuenoi (ama, aita, aitona, amona, izeba, osaba, laguna…), gure ateak irekita daudela gogorarazi eta etortzera animatu nahi zaituztegu! 

Jarraian, ikasturte honetako lehen tailerren eta familien ekarpenen argazkiak utzi nahi dizkizuegu eskuragarri, inbidia pixka bat eman eta ahalik eta familia gehien etor zaitezten!!! 

GORPUTZ ADIERAZPENA HAUR HEZKUNTZAN

Hasi dugu ikasturte berria eta berarekin berrikuntzak datoz Haur Hezkuntzara!!

Askotan aipatu dugu mugimenduak duen garrantzia etapa honetan eta horretarako prestatutako espazioak baditugu. Orain mugimendua eta musika lotuz, gure ikasleek gorputz adierazpena  lantzeko aukera ere izango dute. Astean bi goiz izango dituzte horretarako eta bereziki, prestatutako musikaz gain, zapiak eta kariokak erabiltzeko aukera izango dute.

Iazko kurtsoan Haur Hezkuntzako irakasleok “Biodantza”-ko formazio bat egin genuen. Biodantza, bizitzaren dantza bezala ere ezagutzen da. Bertan gorputz adierazpena sistema bat izateaz gain, garapen pertsonaleko proposamena ere badela ikasi genuen. Gaitasun asko garatzen direlarik, hala nola: hitzez eta hitzik gabeko gaitasuna, besteekin harremantzeko gaitasuna, norberaren sentimenduak adierazteko gaitasuna, elkarlana eta kooperazioko gaitasuna, konfiantza, enpatia…

Bizi dugun jendartean pentsamenduaren garrantzia gailendu da, gorputzaren eta emozioen kontzientzia eta adierazpenaren gainetik. Baina hezkuntza prozesuak (eta bizi prozesuak orokorrean)esanguratsuak izan daitezen, ezinbestekoa da pertsona osatzen duten hiru oinarriak kontuan izan eta bateratzea: emozioak, pentsamendua eta gorputza. Eta hori lortzen saiatuko gara gu ere: SENTITU, PENTSATU ETA EGIN!