santuenak‎ > ‎

0810Lorentzo

San Lorentzo

(Diakonoa /  †258)

(Agorrilak 10)
 
 

.Sarrera-oharra (Ohargileak)

    III. gizaldiko santu honek elizeaganako maitasuna erakusten deusku, pobreenganako zerbitzu-bizitza eta Kristoganako maitasun ezin handiagoa. Ba ete dauka gaur egungo kristinauontzat zer esanik? Gure bizikera honetan zer esan leigu Lorentzok? Bizkortuko ete deusku sinismena? Irakatsiko ete deusku Elizea maitatzen ta zerbitzen? Emongo ete deusku pobreenganako begiramena?


Isilunetxo bat...



Abadearen agurra

† Aitaren eta Semearen eta Espiritu santuaren izenean.

—Amen.


† Alkarren zerbitzurako nahi gaituen Jainko Aitaren grazia ta bakea zuekin.

—Eta zure espirituarekin.



Damu otoitza (abadeak)

    Esaten dogu, bai, agirian, geurekoiak garela; baina ez gara gauza Jainkoaren aurrean autortzeko gure pekatu hori, eta gitxi erein ta ugari batu nahi izaten dogu. Hurreratu gaitezan erruki iturrira; autortu daigun Jainkoaren aurrean gure pekatua.


    —Jesus Jauna: pobreenak izan dozuzena zeure lagun, erruki, Jauna.

    —Jesus Jauna: alkarren zerbitzuan ta maitasunean ikusi nahi gaituzuna, Kristo, erruki.

    —Jesus Jauna: zeure bizia emonez, frutu ugari emoten dozuna, erruki, Jauna.


† Erruki dakigula Jainko guztiz ahaltsua, eta gure pekatuak parkaturik eroan gaizala betiko bizitzara.

—Amen.



Aintza


Jauna, gure Jainkoa:     BEDEINKATUA ZU

Zeru-lurren egile:         BEDEINKATUA ZU.

Guztien Salbatzaile:     BEDEINKATUA ZU.

Gure Jabe zara-ta:     BEDEINKATUA ZU.


Jesus, Jainko-Semea:    BEDEINKATUA ZU.

Guregaitik hil zara:       BEDEINKATUA ZU.

Aitak biztu zaitu-ta:      BEDEINKATUA ZU.

Gure artean zagoz:     BEDEINKATUA ZU.


Espiritu Santua:            BEDEINKATUA ZU.

Bizien bizigarri:           BEDEINKATUA ZU.

Poz-emoile bikaina:     BEDEINKATUA ZU.

Malkoetan pozgarri:   BEDEINKATUA ZU.



† Otoitza


Zure maitasunaren garrak, Jauna,

zure zerbitzari leial eta martiri ospetsu egin eban

Lorentzo diakonu santua;

egizu, maitatu daigula harek maite ebana,

eta bete daiguzala haren irakatsiak.

Zure Seme Jesukristo gure Jaunaren bitartez

zurekin eta Espiritu santuarekin batean

Jainko eta errege bizi da-ta,

gizaldi eta gizaldi guztietan.    

—Amen.


 

2 Kor 9, 6-10   (679)

    Zelan jokatzen dogu Jainkoagaz? Geure beharrizanen arabera? Hau da: geuk behar dogunean deitzen deutsogu, edo eskeintzen deutsogu zeozer, edo joten dogu otoitzera? Begira ze aholku emoten deuskun Paulok.


San Paulo apostoluak Korintoarrei egindakotik

    Senideok: Urri ereiten dauanak, urri batuko dau; ugari ereiten dauanak, ugari batuko dau. Emon bei bakotxak, bere bihotzean erabagi dauan neurrian; ez triste, ezta behartuta ere, Jainkoak emoile leiala maite dau-eta.

    Eta ahaltsua da Jaungoikoa, zuokan grazia guztiak ugaritzeko; guztietatik zeuontzat nahikoa dozuela, egintza on guztietarako ugari izan daizuen, idatzita dagoanez:

    «Zabaltzen deutse ta emoten behartsuei;

    beti irautekoa da haren esku zabala».

    Ereiteko hazia eta jateko ogia emoten dauanak, emongo deutsue hazia, ugarituko dau zuek ereindakoa, eta gehituko dauz ugari zuen maitasunezko emoitzat.

Jaunak esana



Salmoa (Ps 111 / 679)

    Jainkoaren bildur santuak hauxe esan nahi dau: besteentzako errukitsu izatea. Eta horixe goralduko dogu salmo honek lagunduta.




R/. Zintzoen ondorengoa onetsia izango da



Dohatsu, Jaunaren bildur dan gizakia,

haren aginduak oso maite dauzana.

Ahaltsu izango da lurrean haren hazia,

zintzoen ondorengoa onetsia.   R/.


Zorionekoa, errukitu eta emon egiten dauan gizakia,

bere gauzak zuzen atontzen dauzana.

Ez da kili-kolo ibiliko behin ere,

haren gomuteak iraungo dau beti ere.   R/.


Barri txarrak ez dau bildurtzen,

bizkor dau bihotza Jaunagan itxaroten.

Sendo dauka bihotza bildur gabe,

bere arerioak lotsaz ikusi arte.  R/.


Zabaltzen deutse eta emoten behartsuei,

beti irautekoa da haren esku zabala,

ospez jagiko da haren ahalmena.   R/.



Ebanjelioa (Jn 12, 24-26  /679)

    Kunplitu dogula Jainkoagaz, uste izaten dogu, mezatan egon garela-ta. Hori ete da Jainkoak gugandik nahi dauana? Ez ete da beste hauxe: bere Semeari entzun deiogula, eta esku zabalez erantzun daigula? Horixe egin eban Lorentzok. Egin deiogun harrera on bat ebanjelioari, Aleluia abestuz, zutunik.


Aleluia, aleluia, alleuia

    Nire atzetik datorrena, ez dabil ilunpetan;

    bizirako argia izango dau —dino Jaunak.



† Jesukristoren ebanjelioa Joan deunaren liburutik

    —Aintza zuri, Jauna


    Aldi haretan, Jesusek honan esan eutsen bere ikasleei: «Bene-benetan dinotsuet: galgarua lurrean jausi eta hilten ez bada, bakarrik gelditzen da; baina hilten bada, garaua ugari emoten dau.

    Bere bizia maite dauanak galdu egingo dau; eta bere bizia gorroto dauanak mundu honetan, betiko bizitzarako gordeko dau.

    Nire zerbitzari izan nahi dauanak, jarraitu beist; eta ni nagoan tokian, hantxe izango da nire zerbitzaria ere. Nire zerbitzari egiten dana, goratu egingo dau nire Aitak.»

Jaunak esana



 


Eskariak


†    Elizearen zerbitzari izan zan Lorentzoren eskutik egin daiguzan gaurko eskariak:


    —Elizearen alde: bere seme-alabek maite izan daien, zerbitzatu daien, eta sortu daitezan hainbeste behar diran bokazinoak, eskatu deiogun Jaunari.


    —Eliztarren alde: sinismena landu ta gaurkotu daien, eta beti bilatu daien Jainkoari eskuzabaltasunez erantzutea, eskatu deiogun Jaunari.


    —Bizitza gero ta erosoago ta hobeago baten atzean gabizenok gure ingurura ere begiratu daigun, eta gogoan hartu daiguzan bizitza hobeago bat bilatzen gure artera datozenak, eskatu deiogun Jaunari.


    —Ondasunak banantzeko direla argi izan daigun, eta bilatu daigun «Caritas»egaz eten bako konpromisua izatea eta gure ondasunak alkarbanantzea, eskatu deiogun Jaunari.


    —Eukaristia hau ospatzeko alkartu garen guztion alde: Jainkoari non eta zelan entzun ikasi daigun, eta esker onezko erantzuna emon ahal izan deiogun, eskatu deiogun Jaunari.


†    Alkarren zerbitzari nahi gaituzun Jainko Aita: san Lorentzoren irakatsietan, egin gaizuz geu ere Elizearen eta pobreen maitale ta zerbitzari gartsu. Jesukristo gure Jaunaren bitartez.   

—Amen.


   

† Oparien gainekoa


Onartu, Jauna, gure eskeintza,

Lorentzo dohatsuaren egun honetan;

eta iguzu, guretzat salbagarri izan daitela.

Jesukristo gure Jaunaren bitartez.

—Amen.


 


Prefazioa


V./ Jauna zuekin   

R./ Eta zure espirituarekin.


V./ Gora bihotzak   

R./ Jaunagan daukaguz.


V./ Eskerrak Jaungoiko gure Jaunari.   

R./ Egoki da eta zuzen.


Egoki da, bai, eta zuzen

non-nahi ta beti zuri eskerrak emotea,

Jauna, Aita guztiz santu,

Jaungoiko ahalguztidun, betiko Horri.


Lorentzo martiri santuak, Kristori jarraituz,

zure izena autortzeko isuri dauan odolak

argi erakusten ditu zure miragarriak:

gure makaltasunean zure ahalmena agertzen dozu,

eta indartsu egiten indarrik bakoa,

zure autorle ta lekuko izan daiten,

Jesukristo gure Jaunaren bitartez.


Horregaitik, zeruko talde guztiekin

lurrean beti ta beti goresten zaitugu,

zuri, Jainko guztiz handi horri,

eten barik kantatuz.


SANTU, SANTU, SANTUA...


 

III. EUKARISTI OTOITZA

Santu zara, bai, Jauna,

eta diren guztiek emoten deutsue behar dan gorespena.

Zure Seme Jesukristo gure Jaunaren bitartez,

eta Espiritu santuaren indarrez,

Zeuk biziazoten dituzu guztiak eta santutzen,

eta zeuk diharduzu, beti ta beti, zure herria batzen,

eguzki alde batetik besteraino opari garbia eskeini dakizun.


Apalik, beraz, Jauna, eskatzen deutsugu:

santu egin daizuzala, zeure Espirituaren indarrez,

oparitarako ekarri ditugun ogi ta ardao honeik,

zure Seme Jesukristo gure Jaunaren

Gorputz eta   Odol izan daitezan,

misterio honeik berak esanda egiten ditugun ezkero.


Berak, saldua izan zan gau haretan,

ogia hartu eta, zuri eskerrak emonez, zatitu eban,

eta bere ikasleei emon eutsen, esanez:


Hartu eizue ta jan guztiok honetatik:

hau neure gorputza da-ta,

zuentzat emongo dana.   


Afal ondoan, bardin,

Kaliza harturik eta zuri eskerrak emonez,

bedeinkatu eban eta bere ikasleei emon eutsen, esanez:


Hartu eizue ta edan guztiok honetatik:

hau neure odolaren kaliza da-ta,

itun barri ta betikoaren odola,

zuentzat eta guztientzat

pekatuak parkatzeko isuriko dana.

egizue hau neure oroigarri.



    Hau da sinismenaren misterioa

    * Ogi-ardao honeik hartzean,

      zure heriotza dogu autortzen,

      Zu, Jauna, etorri artean.


   

Horregaitik, Jauna, guk,

zure Semearen nekaldi osasungarria

eta hilen artetik biztuerea

eta zeruratze miragarria gogoratuz,

haren azken etorrerea itxaroten dogula,

zuri eskerrak emoteko eskintzen deutsugu

opari bizi eta santu hau.


Begira, Jauna, zure Elizearen eskeintza honi:

ikus eskeintza honetan

zurekin baketu gaituen Jesukristoren oparia;

iguzu, Jauna,

zure Semearen gorputz-odolak hartzen ditugunok,

Espiritu santuaz beterik, Jesukristogan

gorputz bat eta espiritu bat izan gaitezela.


Berak egin gaizala zuretzat betiko opari,

zure aukeratuekin zerua jaritsi dagigun:

lehenengo, Andra Maria,

Jaungoikoaren Ama beti Birjinearekin,

zure apostolu ta martiri doatsuekin,

Lorentzo diakonu martiri santuarekin,

eta santu guztiekin;

ba dakigu, euron bitartez

zure laguntza izango doguna non-nahi ta beti.


Gu zurekin baketzen gaituen opari hau

izan bedi, Jauna,

mundu guztiarentzat bake ta salbamen.


Mundu honetako ibilaldian,

sinismenez ta maitasunez bete egizu zure Elizea:

zure zerbitzari Frantzisko, gure Aita Santua,

Mario, gure gotzaina,

beste artzain eta abade guztiak

eta zeurea dozun herri osoa.


Entzun, bihotz onez, zure aurrera deitu dozun

familia honen otoitzak.

Aita guztiz ona, ekarri zeuregana

mundu zabalean banaturik dabiltzan zure seme-alabak.


Hildako gure senideak  (I., eta I.),

eta mundu honetatik zurekin adiskide joan diren guztiak,

hartu eizuz, bihotz onez, zeure zeruan;

geuk ere sinisten dogu

zure aintzaren zorion betea izango dogula betiko,

eurekin batean.

Jesukristo gure Jaunaren bitartez:

Beronen eskuz emoten deutsozuz

ondasun guztiak munduari.


   

HONEN BITARTEZ, HONEKIN ETA HONENGAN

ZURI, AITA, JAUNGOIKO AHALGUZTIDUN HORRI

ESPIRITU SANTUAREKIN BATEAN

OSPE TA AINTZA GUZTIA

GIZALDI TA GIZALDI GUZTIETAN.     

- Amen.


 


Salbatzaileak agindu ta irakatsiari jarraituz

bildur barik esan dagigun.


GURE AITA zeruetan zarana

santu izan bedi zure izena,

etor bedi zure erreinua,

egin bedi zure nahia

zeruan bezela lurrean ere.

Emoiguzu gaur

egun honetako ogia;

parkatu gure zorrak

geuk ere gure zordunei

parkatzen deutsegun ezkero;

eta ez gu tentaldira eroan,

baina atara gagizuz gatxetik.


† Atara gagizuz, Jauna, gatx guztietatik,

 emoiguzu bakea gure egunotan,

 zure errukiari esker

    pekatutik gabi bizi izan gaitezan

 eta estualdietan sendo;

 betiko zorionaren itxaropenean,

 Jesukristo gure Salbatzailea

 noiz etorriko dan zain gagozela.


- Zeurea dozu erregetza;

 zeureak ospe ta indarra orain eta beti.


 
 

BAKE ESKEINTZEA   (Abadeak)

† Jesukristo gure Jauna, zeuk esana da apostoluei 'bakea izten deutsuet, neure bakea emoten'; begira zure Elizearen sinismenari eta ez gure pekatuei, eta zeure gogoa danez, emoiozu elizeari bakea, emon batasuna, errege bizi zara-ta, gizaldi eta gizaldietan.

- Amen.


† Jaunaren bakea beti zuekin        

- Eta zure espirituarekin.


† Emon deiogun bakea alkarri.


—Jaungoikoaren Bildotsa,

zeuk kentzen dozu munduko pekatua: Erruki, Jauna.

—Jaungoikoaren Bildotsa,

zeuk kentzen dozu munduko pekatua: Erruki, Jauna.

—Jaungoikoaren Bildotsa,

zeuk kentzen dozu munduko pekatua: emoiguzu bakea


 

JAUNARTZEA

† Hona hemen Jainkoaren Bildotsa, hona munduko pekatua kentzen dauena: zoriontsuak honen mahaira deituak:


- Jauna, ni ez naz inor zu nire etxean sartzeko,

baina esaizu hitz bat eta osatuko naz.



Jaunarttzerako abestia


Hona Bildots eztia / egiazko ogia

zerutik da jatsia / Jainko maitia.

Gure artzain ona ta egilea

Aitarik maiteena, zeru-emoilea.


Ostian zaozala dogu sinisten

zeruan bezela hor gu maitatzen.


Zinez gurtzen zaitut, Jesus eztia.

Arren, emoidazu goi-sinistia.


   

Otoitza

Doai santuz asetu gaituzu, Jauna,

Lorentzo santuaren egun honetan;

eskatzen deutsugu,

meza honetan ospatu dogun salbamena

ugariago lortu daigula.

Jesukristo gure Jaunaren bitartez.  

—Amen.


 
Azken onespena  

† Jauna zuekin.

- Eta zure espirituarekin


† Bedeinkatu zaizela Jainko ahalguztidunak:

 Aitak eta Semeak † eta Espiritu santuak.  

- Amen.


† Zoaze Jaunaren bakean.

—Eskerrak Jaungoikoari.




ĉ
Mikel Azpeitia,
9 ago. 2015 10:07
ą
Mikel Azpeitia,
9 ago. 2015 10:07
ċ
0810zintzoen ondorengoa111.enc
(6k)
Mikel Azpeitia,
9 ago. 2015 10:07
Ć
0810zintzoen ondorengoa111.mp3
(378k)
Mikel Azpeitia,
9 ago. 2015 10:07
Comments