domekak_A-B-C‎ > ‎A_eredua‎ > ‎

uz24a

 
 

Urtean zeharreko, XXIV. asteko domekea   /A


I. Irakurgaia


Parkatu zeure lagun hurkoari berak huts egina eta,

zuk eskatzean, parkatuko jatzuz zeure pekatuak.


Siraken liburutik (Si 27, 33—28, 9)   (ENTZUN)


Amorrua eta hasarrea higuingarriak dira;

horreetan maisu da gizon pekataria.

Mendekatzen danak Jaunaren mendekua jasan beharko dau,

pekatuen kontu zorrotza hartuko deutso.

Parkatu lagun hurkoari egin deutsun iraina,

eta, zuk erregutzean,

parkatuko deutsuz Jainkoak ere zeure pekatuak.

Gizaki batek, amorrua badeutso beste bati,

zelan eskatu daikeo Jaunari osasuna?

Bere kidekoari errukirik ez deutsanak,

zelan eskatuko dau bere pekatuen parkamena?

Gizaki huts baino ez danak amorruari eusten badeutso,

nork lortuko deutso bere pekatuen parkamena?

Gogoratu amaierea eta egin uko gorrotoari;

gogoratu ustelkeria eta heriotzea,

eta jarraitu leial aginduei.

Gogoratu aginduak,

eta ez izan gorrotorik lagun hurkoari;

gogoratu Goi-goikoaren itunaz,

eta ez hartu iraina kontuan.


   

Salmoa

Sal 102, 1-2. 3-4. 8-9. 10-11


R/. Bihozbera eta errukiorra da Jauna.


Bedeinkatu begi nire arimak Jauna,

nire barru osoak haren izen santua.

Bedeinkatu begi nire arimak Jauna,

ez begiz ahaztu haren mesedeak. R/.


Erru guztiak deutsuz parkatzen,

gaitz guztiak osatzen;

zure bizia hilobitik askatzen dau,

maitasunez eta errukiz koroatzen zaitu. R/.


Bihozbera eta errukiorra da Jauna,

haserregaitza eta ondoguraz betea.

Ez dau eten barik auzitan jarduten,

ez dau betiko gordeten haserrea. R/.


Ez gaitu erabilten gure pekatuek merezi daben lez,

ez deusku ordaintzen geure erruen arabera.

Zelan zerua lurraren gainean garai,

halan haren maitasuna begirunea deutsoenentzat handi. R/.


Zelan zerua lurraren gainean garai,

halan haren maitasuna begirunea deutsoenentzat handi;

zelan sortaldea sartaldetik urrun,

halan ditu Harek gure hobenak gugandik urruntzen. R/.


   

II. Irakurgaia


Bizitzan nahiz heriotzean, Jaunarenak gara.


San Paulo Apostoluak Erromatarrei egindako gutunetik (Erm 14, 7-9)   (ENTZUN)


Senideok: Gutariko inor ez da beretzat bizi, ezta beretzat hilten ere. Bizi bagara, Jaunarentzat gara bizi, eta hilten bagara, Jaunarentzat gara hilten. Beraz, nahiz bizi nahiz hil, Jaunarenak gara.

Honetarako hil eta biztu zan Kristo: hildakoen eta bizien Jauna izateko.

   

Ebanjelioa

Alkarri parkatzen ez badeutsazue,

Aitak ere ez deutsue parkatuko.


Jesu Kristoren Ebanjelioa San Mateoren liburutik (Mt 18, 21-35)   (ENTZUN)


Aldi haretan, hurreratu jakon Pedro Jesusi eta itaundu eutsan: «Jauna, nire senideak bidebakokeriaren bat egiten badeust, zenbat aldiz parkatu behar deutsat? Zazpi aldiz?»

Jesusek erantzun eutsan: «Zazpi aldiz ez, zazpitan zazpi mila aldiz baino.

Hain zuzen, bere morroiekin kontuak garbitu gura izan zituan erregeagaz lez jazoten da zeruetako erreinuagaz. Kontuak garbitzen hastean, dirutza izugarria zor eutsan bat ekarri eutsoen. Eta nondik ordaindurik ez eukan-eta, bera eta emaztea, seme-alabak eta zituan guztiak saltzeko agindu eban nagusiak, zorra ordaintzeko. Morroiak, orduan, nagusiaren oinetan ahuspezturik, arren eta arren esaten eutsan: "Emoidazu astia eta dana ordainduko deutsut". Nagusiak, errukiturik, dana parkatu eta libre itzi eban morroia.

Baina morroiak, urten orduko, diru apur bat zor eutsan bere morroi-laguna topau eban, eta, lepotik heldu eta ito beharrean, esan eutsan: "Ordaindu egidak zor deustana". Lagunak, oinetan ahuspezturik, arren eta arren esaten eutsan: "Emoidak astia eta dana ordainduko deuat". Baina besteak ezetz, eta joan eta kartzelan sartu eban, zorra ordaindu arte.

Beste morroiak, jazotakoa ikusirik, biziro atsekabetu ziran, eta nagusiagana joan eta jazotakoaren barri emon eutsoen. Orduan, nagusiak morroiari deitu eta esan eutsan: "Morroi gaizto hori! Horrenbesteko zorra parkatu deuat nik, eskatu deustalako; ez al zoan bidezkoa hi ere heure morroi-lagunaz errukitzea, ni hitaz errukitu nintzoan lez?" Eta nagusiak, hasarre bizitan, borreroen esku itzi eban, zor guztia ordaindu arte. Zuei ere gauza bera egingo deutsue zeruko nire Aitak, senideok alkarri bihotzez parkatzen ez badeutsazue».

   

HITZALDIA   (ENTZUN)


Senideok: Noiz eskatu dogu parkamena azkenengoz? Azalkeriazko parkamenak sarritan eskatzen doguz; baina, benetan? Uste dogu inoiz gure jokabide batek inor mindu daikenik, edo mindu leikela inor? Ez gaitezan usteetako mailan geratu; jatsi gaitezan eguneroko hartu-emonetara, eta autortu daigun: inori ezin geikeo ezelango kalterik egin, gure guraria ez dalako inori kalterik egitea… Baina, horrela izan arren, eta kalterik egiteko asmorik txikiena ere izan ez arren, ez dogu izten gure hartu-emonetan kalteturik? Hau ez da jakiten norberenetik, besteengandik baino. Eta hauxe autortu behar dogu: behin baino sarriagotan kaltetzen dogula senidea, eta inoiz edo noiz baino gehiagotan nahita, gure jokabidea onesten ahaleginduko bagara ere.


Senideok: maila handi edo goiko baten, guk, herrialde garatuok, egunero kaltetzen doguz herrialde pobretuak, gitxi garatuak: larregi kontsumitzen dogulako, hondakinak eta zaborrak eurei jaurtitzen deutseguzalako, eta euren ondasunetatik bidegabekeriaz —euren beharrizanez aprobetxatuz— lapurtzen deutsegulako. Ez ete daukagu parkamen eskatu beharrik? Halan dala-ta jarraitu ete geike?


Eta beste muturrean, geure eguneroko hartu-emonak daukaguz: zenbat haserre, zenbat bidegabekeria eta besteen egoereaz aprobetxatzea…


Ez daigun ez-ikusiarenik egin. Zabaldu daiguzan begiak. Eta ohartu gaitezan: guzti honetan bidegabekeriarik handiena albora begiratzea da, ez-ikusiarena egitea, eta norbere eskubideak eta norberetzako errespetua eskatzea geuk besteenak zapaltzen doguzan artean.


Jar gaitezan Jainkoari begira: haren maitasunetik sortuak gara, eta haren laguntzak ez deusku inoiz huts egiten. Eta zelan erantzuten deutsogu? Ez dogu sumatzen maite gaituanik. Ez dogu sumatzen gure erratuei eta ezinei edo gehiegikeriei ez-ikusia egiten deutsenik, parkamena barra-barra isurten deuskunik…


Honek hauxe besterik ez dau esan gura, senideok: gure mugak, gure ezinak eta erratuak, gure pekatuak, autortzen ez dakigula baino ez. Honen jakitun jarriko bagina, errez ulertuko geukez eta parkatu ere senidearen erratua, gehiegikeria edo gure aurkako kaltea.


Ezagutzen eta maitatzen gaitulako luzatzen deusku bere parkamena Jainkoak. Gatx egiten bajaku parkatzea, edo errez egiten bajaku senideari bere txarkeriak aurpegiratzea, maite ez dogulako ez ete da?


Senideok: parkamena maitasunagaz zer ikusia daukan gauzea da. Maitasunik agertzen ez dauanak ez dau autortuko inori min emoten deutsonik; ez dau parkamenik eskatu beharrik ikusiko, ez eta parkatu ere ez dau parkatuko.


Eta bidean goaz, maitasunak  barik etekinik handiena lortzeak hartu daualako ardatz izatea gurean. Eta gero eta bihotz gogorrekoagoak eta barru bakoagoak gara eta besteekaz exijenteagoak. Ez ete dau merezi Jesusi entzuteak. Bultzakada handi bat hartu geike Paulo apostoluaren berbetatik: bizi bagara, Jaunarentzat bizi gara. Berak egin gaizala maitale, parkatzaile eta bake-zale bizitza neurritsuan.

   

OTOITZA   (ENTZUN)


Begira, Jauna, gure barrurik ezari.

Begira gure gogorkeriari.

Begira gure haserre-giro eta gorroto-giroari.

Begira gure diru-zalekeriari,

eta senideaz aprobetxatu gura izateari.


Begira gure barru ilunari,

ezaz, guzurrez eta bikoizkeriaz

beterik dagoanari.

Begira, Jesus,

besteari deutsogun gure bildurrari.


Eta emoiguzu zure pobretasunetik edatea,

zure argitasunetik gure eguna argitzea,

eta Jainkoagan dozun uste onez blaitzea,

senidea maitatu ahal izan daigun

eta Parkamena gure arteko

sal-erosketetako txanpon izan daiten.


Comments