domekak_A-B-C‎ > ‎A_eredua‎ > ‎

250domekea

 
 

Urtean zeharreko XXV. asteko domekea  /A


I. Irakurgaia


Nire asmoak ez dira zuen asmoak


Isaias Profetearen liburutik   (Is 55, 6-9)   (ENTZUN)


Bilatu egizue Jauna, aurkitu daikezuen artean,

dei egiozue, hur dagoan artean.

Itzi begi gaiztoak bere bidea,

gaizkileak bere asmo txarrak.

Bihurtu daitela Jaunagana,

errukiz hartuko dau-eta;

bihurtu gure Jainkoagana,

guztiz parkabera da-eta.

Hau dino Jaunak:

"Nire asmoak ez dira zuenak lakoak,

ezta zuen jokabideak ere nireak lakoak.

Zelan zerua lurraren gainetik garai,

holantxe nire jokabideak zuenen gainetik

eta nire asmoak zuenen gainetik".



Salmoa

Sal 144, 2-3. 8-9. 17-18


R/.    Bertan dago Jauna deitzen deutsoenakandik.



Egunero zaitut bedeinkatuko,

zure izena goratuko beti.

Handia da Jauna, guztiz goresgarria,

haren handitasuna mugarik bakoa. R/.


Errukiorra eta bihozbera da Jauna,

haserregaitza eta ondoguraz betea.

Ona da Jauna guztientzat,

errukiz betea bere sorkari guztientzat.


Zintzoa da Jauna bere bide guztietan,

leiala egintza guztietan.

Bertan dago Jauna dei egiten deutsoenakandik,

benetan dei egiten deutsoen guztiakandik. R/.



II.    Irakurgaia


Niretzat, bizitzea Kristo da


San Paulo Apostoluak Filipoarrei egindako gutunetik   (Flp 1, 20c-24. 27a)   (ENTZUN)


Senideok: Ni bizi nahiz hil, Kristok bere handitasuna agertuko dau nigan. Izan ere, niretzat, bizitzea Kristo da eta hiltea irabazpide. Baina bizi izaten jarraituz lan onuragarria egin ahal badot, ez dakit nik zer aukeratu.

Alde bietatik nago estu: batetik, hil egin gura neuke, Kristogaz egoteko; niretzat hau askoz hobea dala; baina bestetik bizi izaten jarraitzea beharrezkoagoa da zuentzat.

Hauxe bakarrik eskatzen deutsuet: bizi izan zaitezala Kristoren Barrionari jagokon lez.



Ebanjelioa


Bekaizti izan behar al dozu zuk,

ni eskuzabala nazalako?


Jesu Kristoren Ebanjelioa San Mateoren liburutik   (Mt 20, 1-16a)   (ENTZUN)


Aldi haretan, Jesusek parabola hau esan eutsen ikasleei: «Zeruetako erreinuagaz mahasti-nagusiagaz lez jazoten da. Goizean goiz bere mahastirako langile bila urten eban. Eguneko zidarrezko txanpon batean berbatu ondoren, mahastira bialdu ebazan langileak.
Goizeko bederatziak aldera barriro urten eban eta, beste batzuk plazan lan zain ikusirik, esan eutsen: "Zoaze zuek ere nire mahastira eta ordainduko deutsuet bidezko dana". Eta hareek ere joan egin ziran. Urten eban barriro hamabiak aldera eta hirurak aldera, eta gauza bera egin eban. Arratsaldeko bostak aldera ere urten eban eta, beste batzuk oraindino geldi aurkiturik, esan eutsen: "Zertan zagoze hemen egun osoan lanik egin barik?" Hareek erantzun eutsoen: "Ez gaitu inork lanerako hartu". Harek, orduan: "Zoaze zuek ere nire mahastira".

Iluntzean mahasti-nagusiak esan eutsan arduradunari: "Deitu langileei, eta emoiozu bakotxari bere soldatea, azkenekoetatik hasi eta lehenengoetara". Etorri ziran, bada, arratsaldeko bostetakoak, eta zidarrezko txanpon bana hartu eben. Lehenengo ordukoek, txandea heldu jakenean, besteek baino gehiago hartuko ebela uste eben; baina hareek ere zidarrezko txanpon bana hartu eben.

Orduan, nagusiaren kontra txarto-esaka hasi ziran, eta esan eutsoen: "Azkeneko honeek ez dabe ordubete besterik lan egin, eta gugaz bardindu dozuz, egun guztiko nekea eta beroa jasan dogunokin". Baina nagusiak erantzun eutsan hareetako bati: "Adiskide, ez deutsut bidebakokeriarik egiten. Ez al ginan zidarrezko txanpon batean berbatu? Hartu dagokizuna eta zoaz. Zuri beste emon gura deutsat azkeneko honi ere. Ezin ete dot neure diruaz nahi dodana egin? Ala inbidia dozu, ni ona nazalako?"

Holan, bada, azkenekoak lehenengo izango dira eta lehenengoak azkeneko».




HITZALDIA   (ENTZUN)


Senideok, gaurko irakurgaiek gure jokabideak aztertzera garoez, eta zuzentzeko eskatzen deuskue. Zer uste dogu? Zuzendu beharrekoak dirala gure jokabideak ala gu baino okerragorik badagoela, eta lehengotan jarraitzeko asmoa dogu?


Lehenengo irakurgaian, Jainkoaren ahotik, nire jokabideak ez dira zuenak langoak entzun dogu. Eragin deusku horrek zirkinik ere? Ebanjelioko parabolako mahasti-jabearen jokabideak eta erantzunak zurtz eginda itzi gaitu, behar bada…, eta lehenengo orduko langileekaz lerrotu gara, ezta? Ez dogu ulertzen zelan bardindu leitekezan lehenengo urduko langileak eta ordubetez baino lan egin ez dabenak, ezta? Ezin dogu ulertu Pauloren kezkea ere: beretzat hobe litzatekela hiltea Kristorekin bat eginda egoteko; baina filipotarrek beharrezko dabenez, prest dagola euren artean lanean jarduteko. Atxakiak baino ez dirala uste izango dogu, inork ez daualako hilterik nahi…


Aztertu daiguzan, ba, gure jokabideak, senideok; eta eskatu daigun adorea gure jokabideak egokitzeko bidean jarteko gauza izan gaitezan.


Maitale batek pentsatu ere egin barik emongo leuke bere bizia maiteagaitik; edo guraso batek guntzurrun bat bere semea hil ez daiten… Zergaitik ez dogu ulertuko orduan Pauloren jokabidea, edo Jainkoarena eta mahasti-jabearena? Maitasuna da abiapuntua. Hona, ba, galderea: gure jokabideak maitasunetikoak dira? Edo hobeto: bardinak dira gure jokabide guztiak, ala badago maitasunetikorik? Eta, zelangoak izan behar izango leukee senideekazko gure jokabideek: etekizun-zaleak ala maitasunetikoak?


Lehenengo irakurgaiak Jainkoaren errukia eta parkaberatasuna azpimarratu deuskuz, eta bihurtzerako deia egin deusku. Seme-alabok aitaren antza euki gura badogu, ezin deutsogu uko egin dei honi. Eskatu daigun, ba, grazia hori: parkaberak izan gaitezala eta errukitsuak.


Eta aintzat hartu daigun parabolako mahasti-jabearen jokabidea: ez dau lanik egin barik, irabazbide barik, inor ikusi gura, eta dana-dalako orduan deituko dau. Erantzuten deutsonak bere saria izango dau; eta ez, egindako lanaren parekoa, mahasti-jabearen bihotzaren parekoa baino.


Gure zuzenbidea (edo justizia) bestelakoa da, ezta? Mugatuak, zekenak edo murritzak garalako izango da; maitaleak barik etekin-zaleak garalako… Ez ete dogu aldatu behar? Ez ete dogu bihurtzerik behar?


Behar bada, mezatara joateaz, inori txarrik ez egiteaz eta zeozertxo errezatzeaz konformatzen gara… Baina bizi doguzan aldiok ez ete deuskue gehitxoago eskatzen? Besterik ezin dabenak errespetatuz, gehiagorako ahalmena dogunok, ez ete dogu gaurko beharrizanei erantzuten ahalegindu behar? Horixe litzateke bere aldetik dana emoten deuskun Jainkoari eskuzabalez erantzutea. Ikus daigun, ba, zenbat dei egiten jakun elizan bertan edo bizi garan beste inguruetan, eta zelan erantzun geikeen deioi senitarte alkartuagoa gura dogulako, bakezaleagoa, behartsuagaz solidarioagoa…



ESKARIAK


† Jainko errukitsua, parkabera eta maite-maite gaituanaren barri izan dogu, eta gure jokabidea zuzentzerako deia entzun. Jo daigun eskarietara:


—Elizearen alde: historian zehar egindako erratuen parkamena eskatzeko lotsa izan ez daiten, eta gaurko gizakiari bere arazoetan lagundu deion eta argitasuna emon Jainkoaren hitzetik, eskatu deiogun Jaunari.


—Hainbat lekaime, misiolari eta besteen alde euren bizia emoten dabenen jokabideak zurtz eginda izten gaitu, ulertzen ez dogula… Gure ahuleziatik eta norberekeriatik atara gaizala, eskatu deiogun Jaunari.


—Zenbat eta zenbat norbanako eta erakunde eta talde dagozan ahalik eta etekinik handienaren bila… besteen kaltetan. Kaltetuen garraxiak entzun daiezan eta eurenganako alkartasuna erakutsi daien, eskatu deiogun Jaunari.


—Bihotz barritzerako, jokabidea zuzentzeko eta parkaberak izateko deia entzuten dogunok bideak bilatu daiguzan eskabideoi erantzuteko, eskatu deiogun Jaunari.


† Jainko parkabera: zure antzekoagoak izan gura dogunoi emoiguzuz argitasuna eta adorea. Jesukristo gure Jaunaren bitartez.

—Amen.


  

OTOITZA   (ENTZUN)


Eskerrik asko, Jainko Jauna,

gugandik hain hur agertzen zaiakuzalako,

gugaz bihozbera, parkabera,

errukitsua eta maitalea zaralako.


Gure bihurrikeria aurpegiratu deuskuzu,

zure bideak eta jokabideak

ez dirala gureak langoak esan deuskuzu…


Aitaren antz handiagoa

euki gura dogun zure seme-alaboi, Jauna,

emoiguzuz argitasuna eta adorea

eta alkarri laguntzekoak izan gaitezala.


Jesukristo gure Jaunaren bitartez.

—Amen.


Comments