domekak_A-B-C‎ > ‎A_eredua‎ > ‎

230domekea

   

urtean zeharreko XXIII. asteko domekea


I. Irakurgaia


Gaiztoari berba egiten ez badeutsazu,

haren odolaren kontua zuri eskatuko deutsut


Ezekiel Profetearen liburutik   (Ez 33, 7-9)


Honan berba egin eustan Jaunak: «Gizaseme, Israel herriaren begirale (jagole) izendatu zaitut. Nik esandakoa entzutean, ohartuazo egin behar dozu nire izenean. Gaiztoren bati hil egin behar dauala esaten badeutsat, eta zuk ez badozu ohartuazoten bere jokabidea aldatu dagian, gaiztoa bere erruz hilgo da, baina zuri haren heriotzearen kontua eskatuko deutsut. Bestetara, zuk ohartuazoten badozu gaiztoa, bere jokabidea aldatu dagian, eta harek ez badau aldatzen, gaiztoa bere erruz hilgo da, baina zuk onik atarako dozu zeure bizia».


Salmoa

Sal 94, 1-2. 6-7abc. 7d-9


R/. Entzungo al dozue gaur Jaunaren ahotsa: “Ez gogortu zuen bihotza”.


https://lh6.googleusercontent.com/H9Vgw5k2M5qZ0oA7mf7DM_ItzDv_8TD2i5zODDtEip-EQ1Mf1vuwzB4Q-fVE-YagCmvYWL231AM9hMWmkQUYM7ti17o93E0Rr2LcGXz42Up__P52dKob-ilblfZHlAHIX7-7OBt-GKY


Zatoze, pozez oihu egin deiogun Jaunari,

txalo egin deiogun salbamen dogun Arkaitzari.

Hurreratu gakiozan aurrera esker-kantuekin,

jai deiogun txalo eta eresiekin. R/.


Zatoze ahuspez gurtu dagigun,

egin gaituan Jaunari belaunikatu gakiozan.

Bera da-eta gure Jainkoa,

gu, barriz, Haren larrako herria,

Haren zainpeko artaldea. R/.


Entzungo al dozue gaur Haren ahotsa!:

“Ez gogortu zuen bihotza Meriban lez,

Masa egunean basamortuan lez.

Zuen gurasoek han zirikatu ninduen,

Nik eginak ikusi arren tentatu ninduen. R/.



II. Irakurgaia


Maitatzea da Lege osoa betetea


San Paulo Apostoluak Erromatarrei egindako gutunetik   (Erm 13, 8-10)


Senideok: Ez izan zorrik inogaz, alkar maite izatekoa izan ezik, izan ere lagun hurkoa maite dauanak bete dau-eta legea. Izan ere, harako «ez adulteriorik egin, ez hil inor, ez ostu, ez inorenik gura izan eta beste edozein agindu, esaera honetan batzen dira: «Maitatu egizu lagun hurkoa zeure burua lez».

Lagun hurkoa maite dauanak ez deutso txarrik egiten. Maite dauanak, beraz, guztiz beteten dau legea.

Ebanjelioa


Entzuten badeutsu, irabazi dozu zeure anaia


Jesu Kristoren Ebanjelioa San Mateoren liburutik   (Mt 18, 15-20)


Aldi haretan, Jesusek esan eutsen ikasleei: «Zure senideak pekatu egiten badau, zoaz beragana eta zentzatuazo bakarrean. Jaramon egiten badeutsu, irabazi dozu senidea. Jaramonik egiten ez badeutsu, barriz, hartu egizuz zeugaz lagun bat edo bi, auzi guztiak bi edo hiru lekukoren autorpenaz erabagi behar dira-eta. Honei ere jaramonik egiten ez badeutse, esaiozu alkarteari, eta alkarteari ere jaramonik egin nahi ez badeutso, izan bedi zuretzat jentil edo zergalari baten pareko.

Benetan dinotsuet: zuek mundu honetan lotutakoa, zeruan ere lotuta geldituko da, eta zuek mundu honetan askatutakoa, zeruan ere askatuta.

Beste hau ere esaten deutsuet: zuetako bik alkar hartzen badabe mundu honetan Jainkoari zeredozer eskatzeko, emon egingo deutse zeruko nire Aitak. Izan ere, nire izenean bi edo hiru lagun nonbaiten batzen badira, han izango naz Ni euren erdian».




   
   

HITZALDIA


Senideok: guk ezagutzen dogun gizarte honetako lorpenik handienetarikoa (handiena ez bada giza-mailan, guri gizakioi geuri jagokunetik) gizabanakoaren lehentasuna da. Gizabanakoari bere errespetua dagokio, bere eskubideak dagokioz, bere duintasuna dagokio… eta beste hainbat gauzaren jabe da.


Lehen ez zan holan. Lehen familiari edo gizarteari edo alkarteari egokiozan onura guztiok, eta euretako kide lez gizabanakoari. Gaur ez. Eta lorpen hori dala-ta eskatzen doguz bakotxak gure eskubideak, edo errespetua, edo beste edozer. Baina, lorpen honek familia, gizartea, taldea edo ingurukoak ahaztera ez ete gaitu eroan, edo/eta gizabanakoaren lehentasunaren izenean besteak menperatzera edo ezabatzera edo kontuan ere ez hartzera? Behar bada. Gaur gatx egiten jaku norberaren gogoko ez dan ezer onartzea, betetea edo egitea, e.a. Ez dogu inork edo ezerk behartu gaizan onartzen; geu gara nagusi eta geure buruaren jabe eta ahalmendun.


Zelan onartu ete geike, ba, Jainkoak Ezekieli dinotsona, edo ebanjelioan Jesusek Pedrori dinotsona (eta harengan ikasleei eta geuri ere)? Gure senidearen ardurea hartu daigula gura dau Jesusek, amak, gurasoek, bere/euren seme-alaben ardurea hartzen dauan (daben) lez.


Gaur, ordea, senideok, erakundeak sortu doguz horretarako: haurtzaindegiak (gure umeen ardurea hartu daien); zaharrentzako egoitzak (gure zaharren ardurea zian daien); ikastetxeak (gure seme-alabetaz arduratu daitezan); erietxeak (gaisoen ardurea izan daien); eta politikariak, aseguru-etxeak, epaileak eta eguraldi iragarleak… dana-dalakoaz arduratu daitezan… Eta guri horrei guztioi erantzukizuna eskatzea dagokigula uste dogu… horretarakoxe ordaintzen dogu-ta. Ordaintzeak, diruak… emoten al deusku ahalmen hori?


Jainkoak, ordea, beste gauza bat gura dau guretzat: alkarren arduraz bizi izan gaitezela. Zelan errespetatuko dogu alkar, zelan maitatuko dogu alkar, zelan parkatuko deutsoguz hutsak alkarri  alkarren ardurarik ez badaukagu, edo ardura hori diruaren araberakoa bada?


Domeka honetako liturgiak gure arteko (senide arteko) hartu-emonak arautzen dauz, eta hauxe azpimarratu geike: Jainkoak alkarren ardurea izan daigula gura dau, eta Jesusek ardura hori alkarren makaltasunak, hutsegiteak eta gehiegikeriak gainditzen lagundu deiogula alkarri.


Badakigun gauzea da Jainkoa beste edozer-edonoren gainetik maitatu behar dogula, eta senidea geure burua maite dogun lez. Baina bururatu ere egiten ete jaku honetantxe agertu daitekela Jainkoaganako eta hurkoaganako dogun maitasuna: gure senidearen ardurea hartzean? Ba, gure artean, alkarren ardura horrek alkarri parkatzera eta alkar zuzentzera eroan behar izango gindukez.


Eta ez ete geuke gizarte arduratsuagoa, errukitusuagoa eta solidarioagoa egingo horrela? Baietz uste dot: nire gehiegikeriak senidea kaltetu daikela gogoan hartzeak neure bizikerea aldatzera eta gehiegikeriak murriztera eroango ninduke… Onartu daigun, ba, Jesusen irakatsia, eta ez gaitezan alkar zuzentzen lotsatu edo bildurtu, alkar errukian hartu baino. Eta onartu daiguzan baita, besteengandik jatorkuzan zuzenketak ere, eskerrik beroenaz, ahal dala.




ESKARIAK


† Eskarietan gure guraririk onenak aurkesten deutsoguz Jainkoari. eskatu deiogun gure senideez arduratu gaitezela:


—Elizearen alde: bere lehenengo ardurea pobreak, baztertuak eta gizarte honetan ezer ez diranak izanik, Jainkoak maite-maite dauzala iragarri deieen, eskatu deiogun Jaunari.

—Herrialde pobretuen alde: kanpo-zorra ezabatu dakien, lehenengo munduaren zakarrontzi izan ez daitezan eta behar daben garapena emon dakien, eskatu deiogun Jaunari.

—Gure familietan alkarren arduratasuna maitasunaren ezaugarri izan daiten eta auzokieen ardurea hartzeraino heldu daitezan, eskatu deiogun Jaunari.

—Lehiakorrak izatera bultzatzen gaituan gizarte honetan alkar errespetatzen eta bestearen duintasuna zaintzen ahalegindu gaitezan, eskatu deiogun Jaunari.

—Senidearen ardurea hartu behar dogula entzun dogunok senideari zor deutsogun maitasuna horretantxe gauzatu daigula, eskatu deiogun Jaunari.


† Maite gaituzulako zentzarazten gaituzun Jainko Jauna: emoiguzu bihotz errukitsu eta maitalea hurkoa benetan eta zeuk gura dozun lez maite izan daigun. Jesukristo gure Jaunaren bitartez.

—Amen.



ĉ
Mikel Azpeitia,
1 sept. 2014 8:14
Comments