domekak_A-B-C‎ > ‎A_eredua‎ > ‎

220domekea

 
 

urtean zeharreko XXII. asteko domekea  /A


I. Irakurgaia


Jaunaren izena lotsakizun eta iseka zan niretzat egun guztian


Jeremias Profetearen liburutik   (Jr 20, 7-9)


Liluratu egin nozu, Jauna,

eta ni zure lilurapean jausi;

indartu egin nozu eta menperatu.

Barregarri izan naz egun osoan;

burlaka ibili jataz danak.

Berba egiten dodan bakotxean,

garrasi egiteko da;

indarkeria eta zapalkuntza salatuz

iragarri behar dot;

Jaunaren berbea irain- eta iseka-bide da

niretzat egun guztian.

Esaten neban neure barrurako:

«Gogoratu ere ez dot egingo;

ez dot gehiago haren izenean berba egingo».

Baina, orduan, sua lako zeredozer

sentitzen neban barruan,

hazurretaraino erreten ninduana;

ahalegintzen nintzan itoten, baina ezin!



Salmoa

Sal 62, 2. 3-4. 5-6. 8-9


R/.    Zure egarriz dot barrua, Jauna, ene Jainkoa.



Jainko, Zu ene Jainko,

goizetik nabilkizu bila,

zure egarriz dot barrua, zure gogo biziz ni nazan guztia,

lur idor, agor, ur bakoa lez. R/.


Holan egon gura dot santutegian Zuri begira,

zure indarra eta ospea ikusiz.

Bizia baino ederragoa da-eta zure maitasuna,

nire ezpanek goratuko zaitue. R/.


Holan gura zaitut bedeinkatu neure bizitzan,

eskuak jaso zure izenean.

Jakirik gozoenez lez aseko naz,

eta nire ezpanek poz-oihuz goratuko zaitue. R/.


Zeu izan zaitut-eta laguntzaile;

pozez egingo dot oihu zure egoen kerizpean.

Zuri itsatsia nago osorik,

eta zure eskumeak eusten deust. R/.



II. Irakurgaia


Eskeini egizuez zeuen buruak, opari bizi


San Paulo Apostoluak Erromatarrei egindako gutunetik   (Erm 12, 1-2)


Senideok: Jainkoaren errukiagaitik eskatzen deutsuet eskeini dagizuezala zeuen buruak opari bizi, santu eta Jainkoarentzat atsegingarri; hori da egiazko zuen kultua. Ez egokitu mundu honen iritzietara; erabarritu zaiteze, ostera, zeuen pentsaerea aldatuz; holan bereiztu ahal izango dozue zer dan Jainkoak gura dauana, zer dan ona, atsegingarri jakona eta bikaina.




Ebanjelioa


Nigaz etorri gura dauanak uko egin begio bere buruari


Jesu Kristoren Ebanjelioa San Mateoren liburutik   (Mt 16, 21-27)


Aldi haretan, Jesus bere ikasleei azaltzen hasi jaken beharrezkoa zala berak Jerusalemera igotea, eta han asko sufridu behar ebala abadeburu eta lege-maisuen aldetik; hil egingo ebela eta hiru egunen buruan biztu egingo zala. Orduan, Pedro, Jesus aparte harturik, gogor egiten hasi jakon: «Ezelan ere ez, Jauna! Ez jatzu holakorik jazoko!»

Baina Jesusek, bihurturik, esan eutsan Pedrori: «Alde nire ondotik, Satanas! Jauspide zara Niretzat, zure asmoak ez dira-eta Jainkoarenak, gizakiarenak baino».

Jesusek esan eutsen, gainera, ikasleei: «Nire ondoren etorri gura dauanak uko egin begio bere buruari, hartu begi bere kurutzea eta jarraitu beist. Izan ere, bere bizia gorde gura dauanak galdu egingo dau; bere bizia Nigaitik galtzen dauanak, ostera, eskuratu egingo dau.

Zertarako dau gizakiak mundu guztia irabaztea, bere bizia galtzen badau? Eta zer emon daike gizakiak barriro bizia eskuratzeko? Izan ere, Gizonaren Semea bere Aitaren aintzaz beterik etorriko da aingeruekin, eta orduan bakotxari bere jokabidearen arabera ordainduko deutso».




   
   

HITZALDIA


Senideok: Jesus bera aurrean erabili eben, barre egiten eutsoen, eta paretik kentzeraino heldu ziran orduko eliztar eta jainkozaleak. Pedrok berak ere gogor egin eutson Maisuari, harek jarraitu behar eban bidetik desbideratzeko asmotan. Baina Jesusek, besteei ez lez, Pedrori handiak eta bi esan eutsozan. Irakatsi ete leigu koadro honek ezer gure sinismen-bizitzarako?


Begiratu deiogun gure barruari. Sinistuntzat daukagu geure burua? Zergaitik? Otoitz egiten dogulako? Juduek ere egiten eben otoitz. Elizara gatozelako? Hareik ere joaten ziran. Jesusen inguruan alkartzen garalako? Eta Pedro ez, ala? Orduan? Ikus daigun ea mundu honetara, gure aldiotara, modetara, errezkerietara… egokituta ez gagozan, eta Jesusek jarraitu beharreko bidetik (bere jarraitzaile gura gaitula ez daigun ahaztu) urten ez ete dogun…


Jeremiasek bere barruko antsia eta negarra agertzen deutsoz Jainkoari, herriari —jainkobideak bertanbehera itzita, sasi-jainkoen gurtzara makurtu dan herriari— zoritxarrak iragarri behar deutsozala-ta. Hau dala-ta, nekatuta aurkitzen da, barre besterik egiten ez deutsoelako. Eta bere eginkizuna bertanbehera izteko zorian dago.


Zelan aurkitzen gara gu? Sendo gagoz gure sinismenean, landu egin dogulako eta indartu, hitzaldietara, erretiroetara, gogo-jardunetara, bizikidetzetara, bakarreko eta alkarregazko otoitzetara-eta joan garalako? Bai zera, senideok! Holangorik egiteko zoria gitxik euki dozue. Gehienak domeketako mezatxoaz konformatu zaree. Bai ala ez? Eta, behar bada, domeketako mezatxoaz ez dogu nahiko gaurko egoereari, bizikereari eta erronkei erantzuteko, hainbesteko aldakuntzak ikusi eta jasaten doguzelako.


Gu eliztarrak eta mezatakoak izan arren, jarraitzen ete deuskue horretan gure seme-alabek, lobek…? Eta horrek zenbat kezka eta itaun sortuazo deuskuz gure buruan, bihotzean, bizikeran? Eta gehienok isilean daroagu, kurutze astun lez daroagu tatarrez, eta behin edo behin otoizgai bihurtzen dogu…


Nahiko ete da? Kendu paretik, Satanas —dinotso Jaunak bere lagun sutsu Pedrori, bere atzetik jarri daitela eskatuz, eta horretarako bere burua ukatu, bere kurutzea (hau da: ingurukoen irri eta barreak-eta) lepoan hartu, eta inguru horrek ulertuko ez dauan bizikerea hartuz: Jainkoaren gogokoa, hari zintzotasunez erantzuten deutsona.


Gure sinismena, ba, senideok, ez da Jainkoari eskatzen deutsoguna emoten deuskula —komeni bajaku— uste izatea; mundu honetara egokitzen ez dan bizikera bat bizi izatea baino: Jainkoagandik hartutako doaiak besteengana igortzen dakiana, besteak errespetuz eta duintasunez hartzen dauzana, lotsaz eta ezkutuko lez barik pozez eta autorle lez bizi izatea…


Senideok: holango bizikerea landu egin behar da, garatu, alkarregaz ospatu… norbere hutsak eta saldukeriak salatzeraino. Holangoen eliz alkarte bat eraiki daigun, ba, Jesusi zintzo izateko asmotan.


   

ESKARIAK


† Gure epelkeriagaitik gogorrak entzun behar izateak ez gaizala atzera bota, otoitzera eroan baino. Izan daigun uste on deitzen gaituan Jainkoagan:


—Elizearen alde: ez daiten errezkerietan jausi, edo ebanjelioa dan ardao gozoa ez daian ureztatu, harenganako zintzotasuna garatu daian baino eta horixe ardau gozo hori emon deigun edatera, eskatu deiogun Jaunari.

—Jesusi zintzotasunez jarrraitzeko oztopoak eta gaztasunak aurkitzen dabezenek ebanjelioan eta otoitzean eta eliz alkartean aurkitu daien behar daben laguntzea, eskatu deiogun Jaunari.

—Euren jainkozaletasuna, sinismena, otoizbizitza eta eliztartasuna eurengan amaitzen dala-ta etsipenean jausteko arriskuan aurkitzen diranen alde: jainko-poza aurkitu daien, eskatu deiogun Jaunari.

—Gure arteko familien alde: Jainkoari zintzoak izateko bizikerea bizi izan daien alkartasunean, maitasunean eta parkamenean, eskatu deiogun Jaunari.

—Gu guztion alde: eliz alkarte gero eta zintzoagoa, ebanjelio zaleagoa eta ardurakidetsuagoa eraiki ahal izan daigun, eskatu deiogun Jaunari.


† Jainko Jauna: gure eskariok aurkezterakoan zeure Semeaganako bizikera eta erantzun zintzoaz zerbitu gura zaitugula adierazi gure deutsugu. Jesukristo gure Jaunaren bitartez.

—Amen.

   

Comments