domekak_A-B-C‎ > ‎A_eredua‎ > ‎

210domekea

 
 

urtean zeharreko XXI. asteko domekea   /A


I. Irakurgaia


Hari ipiniko deutsat lepotik Daviden etxeko giltza


Isaias Profetearen liburutik   (Is 22, 19-23)


Honan dinotso Jaun ahalguztidunak Xebnari, errege-jauregiko arduradunari:

«Bota egingo zaitut kargutik

eta zagozan lekutik kendu.

Egun haretan neure zerbitzari Eliakimi,

Hilkiasen semeari, egingo deutsat dei;

zure soingainekoa jantziazo,

zure gerrikoa ezarri

eta zure aginpidea emongo deutsat.

Aita baten pareko izango da

Jerusalemeko bizilagunentzat

eta Judako herriarentzat.

Daviden jauregiko giltzak

jarriko deutsadaz lepoan;

harek edegitakoa ez dau inork itxiko;

harek itxitakoa ez dau inork edegiko.

Untzea egur gogorrean baizen sendo ezarriko dot,

bere senitartearen harrogarri izango da».




Salmoa

Sal 137, 1-2a. 2bcd-3. 6 eta 8bc


R/.    Betiko dago, Jauna, zure maitasuna,

    ez eskutik itzi zeure eskuz egin dozuna.


Eskerrak emoten deutsudaz Jauna, bihotz-bihotzez,

kantuz ospatzen zaitut aingeruen aurrean,

eta zure tenplu santurantz begira ahuspezten naz. R/.


Eskerrak emoten deutsadaz zure izenari,

zure maitasun eta leialtasunagaitik,

paregabeak egin dozuz-eta

zeure izena eta promesa.

Dei egin neutsunean, erantzun zeustan,

bihotzean kemena bizkortu. R/.


Gorena da, bai, Jauna,

baina umilari deutso begiratzen;

harroari, barriz, urrundik igarten.

Jauna, zure maitasuna betikoa,

ez itzi bertan behera zeure eskuen lana! R/.



II. Irakurgaia


Haregandik dira gauza guztiak, Haren bidez eta Harentzat


San Paulo Apostoluak Erromatarrei egindako gutunetik   (Erm 11, 33-36)


Bai handi eta sakonak Jainkoaren eskuzabaltasuna, jakituria eta ezaguerea! Bai aztergaitzak beraren erabagiak eta sumatu ezinak beraren bideak! Nork ezagutu ditu Jaunaren pentsamentuak? Nor izan da haren aholkulari? Nork emon deutso Hari lehenengo, gero Harek bihurtu behar izateko? Beragandik dira gauza guztiak, beraren bidez eta Berarentzat. Aintza Berari betierean. Amen.




Ebanjelioa


Zu «Harria» zara, eta zuri emongo deutsudaz zeruetako erreinuaren giltzak


Jesu Kristoren Ebanjelioa San Mateoren liburutik   (Mt 16, 13-20)


Aldi haretan, Jesusek, Filiporen Zesareara heldu zanean, itaun hau egin eutsen ikasleei: «Gizonaren Semea nor dala dino jenteak?»

Hareek erantzun: «Batzuek Joan Bateatzailea dala; beste batzuek Elias; besteek Jeremias edo profetaren bat».

Jesusek, orduan: «Eta zuek, nor nazala dinozue?» Simon Pedrok erantzun eban: «Zu Mesias zara, Jainko biziaren Semea».

Orduan, Jesusek esan eutsan: «Zorionekoa zu, Simon, Jonasen semea, hori ez deutsu-eta hazur-maminezko inork agertu, zeruko nire Aitak baino. Eta hau dinotsut Nik: Zu Pedro zara, “harkaitza”, eta harkaitz horren gainean eregiko dot Nik neure Eleizea, eta heriotzaren indarrak ez jakoz nagusituko. Zeruetako erreinuko giltzak emongo deutsudaz: zuk mundu honetan lotua, zeruan ere lotua geldituko da, eta zuk mundu honetan askatua, zeruan ere askatua».

Orduan, Bera Mesias zala inori ez esateko agindu eutsen Jesusek ikasleei.





 

HITZALDIA


Urtean zeharreko 21. domeka honetako irakurgaiak aztertzerakoan, senideok, gizarte mailan darabilguzan hainbat kezka eta arazo etorri jataz burura. Euretariko bat hauxe: agintea dauanak ez dau inoren esku itzi nahi izaten bere agintea. Politika mailan ere salakuntza hauxe entzuten da: ez dauala inork bere ukapena aurkezten (dimisinoa). Aginteari gogor oratzen deutsogula esan gura dau honek.


Bai lehenengo irakurgaian eta baita ebanjelioan ere Jainkoak agintea inoren lepo jarri gura dauala ikusi dogu: Dabiden jauregiko giltzak jarriko deutsodaz lepoan (Eliakimi); eta Pedrori Jesusek: zeruetako erreinuko giltzak emongo deutsudaz


Paulok, horraitino, Jainkoaren erabagiak aztergaitzak dirala autortu deusku bere idazkian.


Itaun bat egiten deutsot, ba, neure buruari: merezi ete dau Jainkoaren erabagiak ezagutzeak eta ulertzeak, aztergatxak izan arren? Baietz erantzungo neuke neure jokabidea aldatu gura izan ezkero; bestela hortxe geratuko nintzateke, aztergatxak dirala esatean…

Gaurko liturgiak mahairatzen deuskun Jainkoaren erabagi honetan murgildu ezkero (agintea inoren esku edo lepo iztea, hain zuzen), hainbat ondorio atarako geukez gure eguneroko bizitzarako.


Agintea inoren esku izteko, harengan ustea izan behar da, konfiantzea. Jainkoak gugan konfiantzea dauala esan geike, ba. Gauza ederra, ezta? Eta zein gatx egiten jakun guri beste inorengan ustea izatea!, batez ere gure agintea inoren esku izteko bada…


Jainkoak aparteko ahalmenik-edo ez deusku eskatzen, gainera: bera autortzea baino ez; beraganako zintzotasunean bizi izatea.


Eta baita gure ustekerietatik urtetea ere, berari adi-adi entzunez.


Elizaratuko bagendu hau… Izan behar ete dau Elizeak usterik bere seme-alabengan? Eta emakumeagan? Eta damututa bihurtzen danarengan? Ba, sarritan geu, behe mailakook, izaten gara gogorren egiten dogunak, geure ezjakinean, bildurtiagoak garalako.


Eta geure etxeetara ere eroango bagendu? Senar-emazteen artean alkarrenganao ustea galtzen danean? Edo lagun-artean horixe berori gertatzen danean? Edo maite dogunak huts egin deustanean, edo maite dodanari huts egin deutsodanean?...


Gure bildurrak uxatzeko, ba, besteagan uste ona izateko, ba, jo daigun Jesusengana, entzun deiogun adi-adi; hartu daigun beragandiko uste ona, eta sumatu daigun bere Espiritua gugan jarduten. Eta atara daiguzan uste onezko ondorioak. Otoitzean, batez ere alkarregazkoan, aurkituko dogu iturria…


   

ESKARIAK


Jainkoaren errukia eta bihozberatasuna hainbestetan aitatzen dogunok, behar bada bihozgogor eta setati agertzen gara, batez ere ezer zor deuskuenekaz. Jo daigun otoitzera bihotza samurtu dakigun:


—Elizearen alde: errukior izaten irakatsi deien seme-alaba guztiei, eta bere parkamena eskuzabalez eta doantasunez zabaldu daian damutuen artean, eskatu deiogun Jaunari.

—Herrialde aberats eta garatuen alde: euren etekinen bila baino ez ibiltetik urteten jakin daien, eta herrialde pobretuek zor deutseena parkatzera jo daien, eskatu deiogun Jaunari.

—Sufritzen dagozanen alde: euren jasapena kaltegileak zigortuz gainditu daitekeela uste izatetik hareen parkamenera heldu daitezan, eta barru bakea lortu daien, eskatu deiogun Jaunari.

—Jainkoagana eskale baino joten ez dabenen edo ez dogunon alde: Jainkoaren nahia bilatzen ikasi daien (daigun) eta horretarako aztarnei begiratzen, eskatu deiogun Jaunari.

—Otoitzerako alkartzeko aukerea daukagunok, burugogor izan geintekezela konturatuz, bihotz samurra, parkatzailea eta errukior izatea eskatu eta bilatu daigun, eskatu deiogun Jaunari.


† Jainko errukior eta bihozbera: bihurtu eizuz gure bihotz gogorrok samur, parkatzen eta errukior izaten bizi izan gaitezan. Jesukristo gure Jaunaren bitartez.

—Amen.


   
   

Comments