domekak_A-B-C‎ > ‎A_eredua‎ > ‎

200domekea

 
 

Urtean zeharreko XX. asteko domekea   /A


I. Irakurgaia


Batuko ditut arrotzak nire mendi santuan


Isaias Profetearen liburutik   (Is 56, 1. 6-7)    (ENTZUN)


Hauxe dino Jaunak:

«Gorde zuzenbidea, egin justizia,

Berehala helduko da-eta nire salbamena,

agertuko nire garaipena.

Jaunaren kultu-zerbitzurako, haren izena maitatzeko

eta haren morroi izateko,

zapatua profanatu barik gordeten

eta nire itunean leial irauten daben guztiak

nire mendi santura ekarriko ditut,

eta pozez beteko nire otoitz-etxean;

onartuko ditut nire altara gainean

hareen erre-opariak eta sakrifizioak;

nire etxea otoitz-etxe da-eta,

eta holan deituko dabe herri guztiek».



Salmoa

Sal 66, 2-3. 5. 6 eta 8


R/.    Ene Jainko, ospatu zagiezala herriek, ospatu zagiezala herri guztiek.


https://archive.org/download/uz20a/uz20a066_ene%20jainko.mp3


Erruki bekigu Jainkoa, bedeinkatu gagizala,

Agertu deigula aurpegi alaia;

ezagutu dagien lurrean zure bidea,

herri guztietan Zugandiko salbamena. R/.


Poztu beitez kantari atzerriak,

zuzenbidez daroazu-eta izadia;

zintzo dozuz-eta gidatzen herriak,

eta zaintzen lurrean atzerriak. R/.


Ene Jainko, ospatu zagiezala herriek,

ospatu zagiezala herri guztiek.

Jainkoak bedeinkatu gagizala,

lur bazter guztiek bildur izan deioela. R/.



II. Irakurgaia


Ezin aldatuak dira Israelentzat Jainkoaren dohaiak eta deia


San Paulo Apostoluak Erromatarrei egindako gutunetik (Erm 11, 13-15. 29-32)  (ENTZUN)


Senideok: Zuei, jentiloi, dinotsuet: «Jentilen apostolu nazanez, ospetsu egin gura dot neure zerbitzu hau, ea neure jatorrikoen jelosia biztuten dodan eta horreetako batzuen batzuk salbatzen dodazan. Israeldarrak baztertzetik Jainkoagaz baketzea etorri bajako munduari, zer ete jatorko Jainkoak hareek barriro onartzetik? Heriotzatik bizira bihurtzea izango litzateke hori!

Behin betikoak dira Jainkoaren dohaiak eta deia. Zuek, sasoi batean Jainkoagaz errebelde zineenok, orain, israeldarren errebeldiari esker, errukia dozuenez, era berean hareek ere: orain errebelde bihurtu dira zuei egin jatzuen errukiari esker, errukia lortu dagien. Jainkoak errebelde izaten itzi eutsen-eta gizon-emakume guztiei, danei erruki izateko».



Ebanjelioa


Emakume, handia da zure sinimena!


Jesu Kristoren Ebanjelioa San Mateoren liburutik   (Mt 15, 21-28)    (ENTZUN)


Aldi haretan, Jesus Tiro eta Sidongo lurraldera aldendu zan. Haretan, inguru hareetan bizi zan emakume kanaandar bat deadarka hasi jakon: «Jauna, Daviden Semea, erruki zakidaz! Oinaze gorritan dauko deabruak nire alabea». Baina Jesusek ez eutsan berbarik erantzun.

Ikasleek, hurreraturik, erreguka ziharduen: «Egiozu kasu, eta doala, atzetik deadarka jatorku-eta». Jesusek, ostera: «Israel herriko ardi galduakana baino ez nau bialdu Jainkoak».

Baina emakumea, hurreraturik, ahuspez jarri jakon, esanez: «Lagundu egidazu, Jauna!» Jesusek, orduan: «Ez dago ondo seme-alabei ogia kendu eta txakurrei botatea». Emakumeak erantzun eutsan: «Bai, Jauna, holantxe da; baina txakurrek ere jan ohi dabez nagusien mahaitik jausten diran ogi-apurrak».

Orduan, Jesusek esan eutsan: «Emakumea, handia da zure fedea! Jazo bekizu gura dozuna». Eta une haretatik osatuta gelditu jakon alabea.


   
 

HILTZALDIA    (ENTZUN)


Geurea da Jaungoikoa, elizara gatozenona, sakramentuez markatuta gagozanona, otoitz egiten dogunona? Jainkoa ez da elizatik, sakramentuak ospatzetik edo otoitzetik aldenduta dagozanena?


Gaurko liturgiak judeguen —eta batez ere Jesusen— aldietan egoan kezka bati erantzun gura deutso. Jesusen jarraitzaileak laster aurkituko ziran kezka horregaz, orduko Legean, edo Jauretxean, edo Sinagogetan… ez ebelako eurentzako lekurik aurkitzen. Baztertuta ete daukaz, ba, Jainkoak?


Zer deritzogu, senideok: baztertuta daukaz Jainkoak bateatu barik dagozan umeak, edo ezkondu barik maitasunean bizi diran bikoteak, edo otoitz egiten ez dakien gizakiak…?


Harutzegi joan barik, senideok, lehenengo irakurgaian Jainkoaren unibertsaltasuna erakutsi deusku profeteak, Israel izango bada ere herrialde guztien ardatz edo erdigune. Eta horretarako baldintza ez da izango ezelango lege-betekizunik, zintzotasuna baino, zuzenbidea: Jainkoaganako zintzotasuna, sinideenganakoan luzatzen edo gauzatzen dana.


Jainkoagazko hartu-emonetan, eta haregazko zintzotasunean, aparteko esangurea dau beharrizanak. Beharrizanik ez daukagunean lasai egoten gara geurean, ezeren ardura barik, kezka barik, eta besteen beharrizanek eta kezkek ez gaiezela zirikatu gura izaten dogu.


Zein ederto deskribatzen dauan Mateok gaur irakurri dogun ebanjelio txatal honetan: erbesteko emakumearen oihuei Jesusek ez deutse erantzun gura, entzun-gor egiten deutse… eta ikasleen ardurarik eza nabarmentzen da era batera: emoiozu eskatzen dauana eta doala! Itzi gaizala baketan


Ez da hori Jesusek nahi dauana, behartsuaren egoerea aditua izan daitela baino; gure txikikeria eta ustekeria guztiak azaleratu daitezela baino: ez dago ondo umeen ogia txakurkumei botatea… Zenbat holango uste izaten dogun.


Ondo gagoz, senideok, guk hainbeste meza euki eta eliz alkarte asko meza barik dagozanean? Gu mezetan hain geldoak agertzen garanean? Orain arteko lez jarraitu daigula, horretarako kanpoko abadeak ekarri behar badira ere ekarri eta kitto dinogunean?


Bide horretan zehar hau heriotzara doa, eta Jainkoak erbestekoengandik egingo dau beste herri bat. Honek kezkatu egin behar gaitu, senideok: eta lanean hasi behar dogu.


Gure eliz alkarteek arduratsuago jokatu behar dabe; kontsumista huts izatetik urten eta sormendunak (kreatiboak) izatera heldu behar dogu, eta Jainkoaganako zintzotasuna bilatu behar dogu, senideenganako begiramenera garoazan zintzotasuna.


Gaurko munduak eskatzen dauan gaurko elizea eraikitzera eroan behar gaitu honek, eta gure elizkizunetan dauka asmo honek bere oinarri hartu beharra. Arduraz bizi izan daiguzan.



   

OTOITZA    (ENTZUN)


Itxurak eta kanpo aldea

ondo zaindu izan doguzan

zure seme-alabok, Jauna,

eskean gaukazuz,

gugandik zer itxaroten dozun ikusi ondoren.


Emoiguzu axalkeriatik urtetea,

zintzotasuna bilatzea

eta honetan eredu izatea gure ingurukoentzat ere.

Horixe izan daitela

zuri egiten deutsugun eskeintza garbia.

Jesukristo gure Jaunaren bitartez.

—Amen.



Comments