domekak_A-B-C‎ > ‎A_eredua‎ > ‎

190domekea

 

I. Irakurgaia


Zagoz mendian, Jaunaren aurrean


Erregeen liburutik   (1 Erg 19, 9a. 11-13a)   (ENTZUN)


Egun hareetan, Elias Horebera, Jainkoaren mendira, etorri eta hango leize-zulo batean gelditu zan. Jaunak esan eutsan: «Urten eta zagoz zutunik mendian, Jaunaren aurrean; Jauna igaroko da».

Jaunaren aurretik haize zakar indartsuak jo eban, mendiak urratzen eta harkaitzak zartatzen ebazala; baina Jauna ez egoan haizean. Haizearen ondoren, lurrikarea izan zan; baina Jauna ez egoan lurrikaran. Lurrikararen ondoren sua; baina Jauna ez egoan suan. Suaren ondoren zurrumurru fin baten hotsa.

Entzun ebanean, Eliasek aurpegia estaldu eban soingainekoaz; gero, urten eta zutunik gelditu zan leizearen aurrean.



Salmoa

Sal 84, 9ab-10. 11-12. 13-14


R/.    Jauna, zure maitasuna erakutsi eiguzu,

    zure salbamena emoiguzu.




Entzungo dot Jainkoak dinoana:

Jaunak bakea agintzen deutse.

Hurrean dabe salbamena begirune deutsoenek;

bai, gure lurraldean kokatuko da Jaunaren aintza. R/.


Maitasunak eta leialtasunak topo dabe egiten,

justiziak eta bakeak alkar besarkatzen.

Leialtasuna lurretik erneten da,

justizia zerutik jaisten. R/.


Jaunak emongo dau euria,

eta gure lurrak ekarriko dau uzta.

Haren aurretik joango da justizia,

haren urratsei jarraituko deutse ondoizateak. R/.




II. Irakurgaia


Anatema izan gura neuke nik, nire senideen alde


San Paulo Apostoluak Erromatarrei egindako gutunetik   (Erm 9, 1-5)   (ENTZUN)


Senideok: Egia dinot —Kristo dot lekuko—; ez dinot guzurrik, neure kontzientziak ere, Espiritu Santuak argituta, holan autortzen deust: handia da nire nahigabea, eten bakoa nire bihotzaren mina.

Ni neu madarikatua, Kristogandik aldendua izatea ere onartuko neuke, baldin eta hori nire odoleko senideen onerako balitz. Israelen ondorengoak dira eta Jainkoak seme-alabatzat hartu ebazan; eurek dabez Jainkoaren presentzia aintzatsua, itunak, Legea, kultua eta agintzariak; eurenak dira asabak eta, giza jatorriari jagokonez, eurakandik dator Kristo, gauza guztien gainetik dagoan Jainkoa. Bedeinkatua izan bedi gizaldietan. Amen.



Ebanjelioa


Agindu egidazu Zeugana joateko ur gainean


Jesu Kristoren Ebanjelioa San Mateoren liburutik   (Mt 14, 22-33)   (ENTZUN)


Jentea asetu ondoren, Jesusek bere ikasleak ontzian sartuazo ebazan eta bere aurretik bestaldera joateko agindu eutsen, Berak jenteari agur egin bitartean. Jentea bialdu eta gero, mendira igon eban Jesusek bakarrik, otoitz egitera. Ilundu ebanean, han egoan bakarrik.

Txalupea, ordurako, lehorretik urrun joian, olatuek astinduta, haizea kontra eban-eta. Goizaldera, Jesus hareekana joan zan ur gainean oinez. Ikasleak, ur gainean ibilten ikusi ebenean, ikaratu egin ziran, mamuren bat zalakoan, eta bildurraren bildurrez deadarka hasi ziran. Baina Jesusek bat-batean berba egin eutsen: «Izan bihotz! Neu naz; ez izan bildurrik!» Orduan Pedrok esan eutsan: «Jauna, benetan Zeu bazara, agindu egidazu ur gainean Zugana joateko». Jesusek erantzun: «Zatoz!»

Pedro ontzitik jaitsi eta Jesusegana abiatu zan ur gainean oinez. Baina, haizearen indarra nabaritzean, bildurra sartu jakon eta, urperatzen hasi zala, deadar egin eban: «Jauna, salbau nagizu!»

Bat-batean Jesusek, eskua emon eta heldu egin eutsan, esanez: «Sinesmen gitxiko hori! Zergaitik izan dozu zalantza?»

Ontzira igon ebenean, haizea gelditu egin zan. Eta ontzian egozanak Jesusen aurrean ahuspez jarri ziran, esanez: «Benetan Jainkoaren Semea zara Zu!»




   

HITZALDIA   (ENTZUN)


Senideok: zenbat bider entzun dogu Jainkoak jarten deuskuzan “probak” dirala bizitzan zehar aurkitzen doguzan oztopoak eta eragozpenak? Holan ete da? Olgetan ete dabil Jainkoa gugaz?


Gaurko Liturgia honetako lehenengo irakurgaian Elias profetea babes bila ikusten dogu, bere herrikoek aurrean darabile-eta, hil egin gura dabe-eta. Eta non aurkituko dau Jainkoa, bere benetako babesa? Banan-banan deusezten dauz Jainkoaganako Israelek daukazan usteak: ahaltsua da Jainkoa?; bere ahalmena arerioak birrintzen erakusten dau?; gure ondoan dagoenik nabarmentzen dau?... Haize fin eta igarri ere egiten ez danean aurkitzen dau Jainkoa Eliasek. Zeozer esan gura deusku horrela.


Ebanjelioan Jeusek besteenganako agertzen dauan ardurea (jendeari jaten emotea, gaisoak osatzea, ikasleak bialtzea…) Jainkoagazko hartu-emon luzean osotuko dau, gaueko orduetako otoitzean. Ba ete dago besteetaz arduratzerik otoitzetik igaro barik? Besteen aldeko garraxiak eta agerraldiak-eta egingo doguz. Baina, emoten ete dogu euren alde geure bizia, eta ba gagoz prest geuretik ezer galtzeko euren alde?


Begiratu deiegun gure eliz alkarteei, geureari behinik-behin… Ze itxaropen edo poz emoten deusku han aurkitu geiken motelkeriak, arduragabekeriak eta betekeria hutsak? Ez ete geuke geure aldetik zeozer jarri behar, geure esku dauantxoa besteen alde jarteko, eta alkartea danona eta danon ardurapekoa dala adierazteko?


Zaharregiak garala ezertarako? Ez, senideok. Ez gara zaharregiak beti-betiko lekuan jarri beharrean, hobeto entzun daikedan lekuan jarteko, edo otoitzei erantzuteko, edo egiten diran zerbitzuak eskertzeko, edo norberak ezin dauana beste batek egin daian ha adoretzeko… Zenbat gauza egin geikezan, senideok, eliz alkarte dinamiko bat eraikitzeko, eta han alkarren ardurea eta laguntza nabaritu daitezan.


Jesusek otoitzera joten eban…, baina ez Aitari errekaduak emoteko, harengandiko adorea sumatuz besteen alde jarteko baino. Olatuek astinduta dagozela ikasleak? Hantxe agertuko jake, mamutzat hartzen dadabe ere, bildurrak kentzen, adoretzen… ez berea babesten.


Zenbat eliz alkarte dagoz meza barik, edo ospakizuna egiteko gauza ez dirala? Ez ete dogu honetan argibiderik behar, daukaguzan aberastasunak alkarbanatu behar eta alkar adoretu behar? Hasi gaitezan ardureaz kargutzen. Jo daigun otoitzera, eta ez deiogun Jainkoari errekadurik emon lanera bialdu gaizala eskatu baino.



   

ESKARIAK


    Gure bildurrak ekonomi-egoerea, eta eliz alkarte askoren beherakadea eta zaharragotzea dira. Behar-beharrezko dogu Jainkoa geure ondoan sumatzea. Zuzendu deioguzan barrutiko eskariak:


—Elizearen alde: bere ustea Jainkoagan dauala eta ez beste ezerengan erakutsi daian, sufritzen dauanaren eta baztertua danaren ondoan egonez, eskatu deiogun Jaunari.

—Jainkoa behean eta detaileetan bilatzen ez dakienen alde: eguneroko zintzotasuna eta buru-eskeintza garatu daien Jainkoaren presentzia sumatzeko, eskatu deiogun Jaunari.

—Norbera izateko, bestea birrindu, txikitu edo menpean hartu behar dala uste dabenen alde: aurkitu daien euren bizia besteen alde eskeintzearen poza, eskatu deiogun Jaunari.

—Gure eliz alkarte ahuldu eta zahartuen alde:  etsipenean jausi ez daitezan, eta, uste ona Jainkoagan jarrita eukiteak emoten dauan pozaz jabetu daitezan, eskatu deiogun Jaunari.

—Otoitzerako alkartuta gagozenon alde: otoitza geure bizitzearen ardatz izan daiten eta beti bilatu daigun ez geure ona, ondoan daukagunarena baino, eskatu deiogun Jaunari.


    Isilean eta ia igarri ere egin barik geure ondo-ondoan zaitugun Jainko Jauna: emoiguzu zure hurtasun hori sumatzeko grazia eta zeuganako uste ona. Jesukristo gure Jaunaren bitartez.

—Amen.


   

OTOITZA   (ENTZUN)


Jesus Jauna:

handia da gizakionganako

agertzen dozun ardurea, eta

erakusten deuskuzun otoitzaren indarra.


Ez gaizuz itzi etsipenean jausten;

adoretu gaizuz oztopoei aurre egiteko,

eta emoiguzu, horretarako,

otoitzaren barru-barruko egarria,

holan beti sumatu ahal izan daigun Jainkoa

geure ondo-ondoan gu adoretzen.


—Amen.


Comments