astegunak‎ > ‎urte bakoitiak (1,3,5,7...)‎ > ‎21astea‎ > ‎

214eguena

URTEAN ZEHARREKO XXI. EGUENA

   

I. IRAKURGAIA


Jaunak gehitu eta ugaritu dagiala,

zuek alkarrentzat eta danontzat dozuen maitasuna.


San Paulo Apostoluak Tesalonikarrei egindako lehenengo gutunetik   (1 Ts 3, 7-13)

   

    Senideok: Gure atsekabe eta estualdi guztien artean, adorez beterik itzi gozuez, zeuen sinesmenagaitik. Orain bai bizi garala barriro, zuek Jaunagaz bat eginik irauten dozuela ikusirik. Zelan emon guk Jainkoari behar hainbat esker? Hainbestekoa da-eta zuekaitik geure Jainkoaren aurrean dogun poza! Gau eta egun ahalegin guztian Jainkoari erreguka dihardugu, zuek aurrez aurre ikusi eta zuen fedeak oraindino dituan hutsuneak bete ahal izatea eskatuz.

    Jainko gure Aitak berak eta Jesus gure Jaunak bideratu dagizala gure pausoak zuokana. Jaunak gero eta handiago egin dagiala zuek alkarrentzat eta danentzat dozuen maitasuna, handia dan lez guk zuentzat dogun maitasuna. Sendotu zagiezala barrutik, Jesus gure Jauna bere santuekin etortean, santu eta akats bako aurkeztu zaitezen, gure Aita Jainkoaren aurrean.


 
 

ERANTZUN-SALMOA

Sal 89, 3-4. 12-13. 14 eta 17


R/.    Zure maitasunez ase gagizuz, Jauna,

        poztu gaitezan Zugan


Gizakia hautsera bihurtuazoten dozu,

esanez: «Bihurtu lehenera, gizakiok».

Bai, mila urte zure begietan  

atzo igaro zan eguna adina,

gaualdi bat adina.


Irakatsi egiguzu geure egunen kontua eroaten,

zuhurtasunaren muinaz jabetu gaitezan.

Bihurtu zakiguz, Jauna! Noiz arte?  

Errukitu zaitez zeure zerbitzariez.


Asetu gagizuz goizero zeure maitasunaz,

poztu gaitezan eta zoriontsu izan geure egun guztietan.

Betor gugana Jaunaren, gure Jainkoaren, gozotasuna

eta sendotu begi Harek gure eskuen lana;

sendotu dagiala, bai, gure lana.


 
 

EBANJELIOA


Zuek prest egon zaiteze


Jesu Kristoren Ebanjelioa San Mateoren liburutik   (Mt 24, 42-51)


    Aldi haretan, Jesusek esan eutsen ikasleei: «Zagoze erne, ez dakizue-eta zein egunetan etorriko dan zuen Jauna. Hartu hau gogoan: etxeko nagusiak baleki gaueko zein ordutan etorriko dan lapurra, erne egongo litzateke eta ez leuke bere etxea zulatzen itziko. Egon, bada, prest zuek ere, gitxien uste dozuen orduan etorriko jatzue-eta Gizonaren Semea.

    Izan zaiteze morroi leial eta zentzunduna lakoak, nagusiak etxeko morroiei bere orduan janaria banatzeko eginkizuna emon deutsana lakoak. Zorionekoa morroi hori, nagusiak, heltzerakoan, agindua egiten aurkitzen badau! Benetan dinotsuet: bere ondasun guztien buru ipiniko dau.

    Baina morroi gaizto ha, nagusiak luzatu egingo daualakoan, bere morroi-lagunak joten eta mozkorragaz jan-edanean hasten bada, gitxien itxaroten dauan egunean eta gitxien uste dauan orduan etorriko jako nagusia, eta zorrotz zigortuko dau eta itxurazaleek merezi daben zoria emongo. Han izango da negarra eta agin-karraskadea!»


 
 

ESKARIAK


†    Zein errez joten dogun arduragabekeriara eta geureak eta bi egitera! Zentzuna behar dogu morroi zintzo lez jokatzeko. Jo daigun eskarietara:


—Elizearen alde: Jainkoaren zerbitzari arretatsu eta nekebako agertu daiten, haren errukia eta maitasuna gaurko gizakiari agertuz, eskatu deiogun Jaunari.

—"Oraindino astia dago"ela uste izanik, alperkerian diharduenen (dihardugunon) alde: erreinuak langile arduratsuak eta zentzundunak behar dauzala gogoan hartu daien (daigun), eskatu deiogun Jaunari.

—Ume eta gazteen alde: arduran heziak izan daitezan eta erreinuko langile sutsu izateko bokazinoa biztu dakien ingurukoen laguntzaz, eskatu deiogun Jaunari.

—Gizarte-ardurarik daukenen alde; gaisoen edo espetxeratuen zaintzan diharduenen alde: ardura hori arretatsu eta samurtasunez eroateko gauza izan daitezan, eskatu deiogun Jaunari.

—Jesus Jaunaren berbok entzuten doguzanok esnatu gaitezan, eta erreinua eraikitze-lanetan arduraz eta gogotsu jardun daigun, eskatu deiogun Jaunari.


†    Zure seme-alabok adi, erne eta arretatsu gura gaituzun Jainko Jauna: ez gaizuz lo-zorroan itzi, eta egizu leialtasunez erantzun deizugula. Jesukristo gure Jaunaren bitartez.

—Amen.



Comments