astegunak‎ > ‎urte bakoitiak (1,3,5,7...)‎ > ‎21astea‎ > ‎

213eguastena

URTEAN ZEHARREKO XXI. EGUASTENA

   

I. IRAKURGAIA


Gau eta egun egin genduan lan

Barri Ona  iragarri geuntsuenean.


San Paulo Apostoluak Tesalonikarrei egindako lehenengo gutunetik   (1 Ts 2, 9-13)

   

    Senideok: Izan gogoan gure nekeak eta ahaleginak; gau eta egun egin genduan lan zuetako inorentzat zama ez izateagaitik, Jainkoaren Barri Ona iragarri geuntsuenean. Zeuek zarie testigu, eta Jainkoa be bai, zein garbi, zuzen eta akats barik jokatu genduan zuekin, sinistedunokin. Eta ondo dakizue, aita bere seme-alabentzat lez izan garala zuetako bakotxarentzat, zuei aholku eta adore emonez eta Jainkoak nahi dauan eran bizi izateko eskatuz, harek bere erreinura eta ospera dei egiten deutsuen ezkero.

    Horregaitik, eskerrak emoten deutsoguz eten barik Jainkoari; izan be, haren hitza iragarri geuntsuenean, onartu egin zenduen-eta; ez zenduen giza berba huts lez onartu, Jainkoaren berba lez baino; halan da, izan be, eta lanean dabil zuengan, sinisten dozuenongan.


 


ERANTZUN SALMOA

Sal 139 [138], 7-8. 9-10. 11-12b


R/.    Jauna, Zeuk aztertzen nozu eta ezagutzen.


Nora joan naiteke zure arnasatik urrun?

Nora ihes egin zure aurretik?

Zerura igota be, Zu han,

Herio-leizera jatsita be, Zu bertan. R/.


Nahiz argiaren sorlekurantz hegatu,

nahiz sartaldeko itsas mugetan kokatu,

han be zure ezkerra gainean izango dot,

zure eskumak helduko deust. R/.


Nahiz eta nik esan: «Ilunpeak estalduko ahal nau,

bihurtuko ahal jat inguruan egun argia gau»,

ilunpea bera ez da ilun Zuretzat,

gaua bera eguna baizen argi. R/.


   

Ebanjelioa


Profetak hil ebezanen semeak zaree.


Jesu Kristoren Ebanjelioa San Mateoren liburutik   (Mt 23, 27-32)


Aldi haretan, honan berba egin eban Jesusek: «Ai zuek, lege-maisu eta fariseu itxurazaleok! Hilobi zurituen antzeko zaree: kanpotik itxura ederrekoak, baina barrutik hil-hazurrez eta ustelkeriaz beteak! Zuek ere honakoak zaree: kanpotik zintzoak jentearen aurrean, baina barrutik itxurakeriaz eta gaiztakeriaz beteak.

Ai zuek, lege-maisu eta fariseu itxurazaleok! Profeten hilobiak eregiten eta gizon zintzoen hilarriak apaintzen dozuez, esanez: "Gure asaben egunetan bizi izan bagina, ez geunkean parterik hartuko hareekin profeten hilketan". Holan, zeuek autortzen dozue profetak hil ebezanen ondorengoak zareela. Bete egizue, bada, zeuen gurasoen egintza gaiztoen neurria!»


 

ESKARIAK


†    Jaunak buru-belarri sartzen diran ikasleak gura dauz, ez azalkerietan dabizenak. Eta guri gatx egiten jaku dana emotea eta bildur izaten deutsegu Jesusen eskakizunei. Aurkeztu deioguzan gure kezkak eta eskariak:


—Elizearen alde: epelkerietan eta nagusikerietan barik, txikienen zerbitzuan agertu daiten Jesusen benetako jarraitzaile sutusu lez, eskatu deiogun Jaunari.

—Besteen zuzengabekeriak zalatzen eta gaitzesten dakigunok geure itxikeriak, azalkeriak eta gehiegikeriak ere zuzentzen ahalegindu gaitezan, eskatu deiogun Jaunari.

—Zalakuntzak jarterakoan, ustezko gaizkilearen gaitzespena baino, errukiaz, zalatua salbatzea, bere txarkerietatik ataratea bilatu daigun, eskatu deiogun Jaunari.

—Hainbeste ta hainbeste dagoz laguntza beharrean eta, emoten dogun itxureagaitik-edo, ez dira ausartzen guri eskatzen. Aurpegi alaiagoa eta bizkera hurrekoagoa agertu daigun behartsuaren laguntzan jardun ahal izateko, eskatu deiogun Jaunari.

—Jesusen gordintasunak gure sinismena zintzotasunez bizi izatera eroan gaizan eta dana Jainkoagandik itxarotera, eskatu deiogun Jaunari.


†    Jainko Jauna: emoiguzu bihotz apala zugandiko zuzenketak onartu ahal izateko eta salbamen bideetan zehar ibilteko. Jesukristo gure Jaunaren bitartez.

—Amen.



Comments