astegunak‎ > ‎urte bakoitiak (1,3,5,7...)‎ > ‎21astea‎ > ‎

212martitzena

URTEAN ZEHAREKO XXI. MARTITZENA
   


I. IRAKURGAIA


Ez Ebanjelioa bakarrik,

baita geure bizia ere zuei emoteko prest gengozan.


San Paulo Apostoluak Tesalonikarrei egindako lehenengo gutunetik   (1 Ts 2, 1-8)

   

    Senideok: Ondo dakizue gure egonaldia zuen artean ez zala alperrekoa izan. Dakizuenez, sufrimentuak eta irainak jasan barriak geunkazan Filipon; holan ere, Jainkoak emondako ausardiaz adierazo geuntsuen beraren Barriona, zailtasun handien artean.

    Gure predikua, izan ere, ez zan uste okerretan oinarritutakoa, ezta asmo maltzurrez edo engainuz egindakoa ere. Bestela baino, Jainkoak Barriona gure esku jarteko gai ikusi gaituanez, horren arabera berba egiten dogu, ez gizakiei atsegin emoteko, gure bihotzak aztertzen dituan Jainkoari baino.

    Jainkoa dogu lekuko, eta zuek ere badakizue, ez ginala behin ere losintxaz baliatu, ezta diruzalekeriaz jardun ere; ez genduan giza onespena bilatu, ez zuekandik, ez besteekandik; Kristoren apostolu garanez, geure aginpideaz baliatu gintekezan, baina maitasun samurrez jokatu genduan zuekin, bere umeak maitekiro zaintzen dituan amak lez.

    Hain bihotzeko zindueguzanez, prest gengozan, Jainkoaren Barriona ez ezik, baita geure bizia ere zuei emoteko. Hainbesteraino maite zindueguzan!



 
 

ERANTZUN-SALMOA

Sal 183, 1-3. 4-6


R/.    Jauna, Zuk aztertzen nozu  eta ezagutzen.


Jauna, Zuk aztertzen nozu eta ezagutzen:

badakizu noiz jesarten nazan eta noiz jagiten.

Urrundik sumatzen dozuz nire asmoak;

ohartzen zara noiz nabilen eta noiz natzan,

zehatz ezagutzen dozuz nire ibilbide guztiak. R/.


Nire hitza mihnera baino lehenago,

Zuk, Jauna, ezagutzen dozu zeharo.

Atze eta aurre, inguratzen nozu,

gainean jarri deustazu eskua.

Miragarria da zure ezagutza, nitaz gaindikoa,

garaiegia nik igarteko! R/.


 
 

EBANJELIOA


Honeek bete behar zeunkeez, hareek baztertu barik.


Jesu Kristoren Ebanjelioa San Mateoren liburutik   (Mt 23, 23-26)

   

    Aldi haretan, honan berba egin eban Jesusek: «Ai zuek, lege-maisu eta fariseu itxurazaleok! Barazkirik kaxkarrenen hamarrenak ordaintzen dozuez; Legeko gauzarik garrantzizkoenak, barriz, zuzenbidea, errukia eta leialtasuna, bazterrera izten. Honeek bete behar zeunkeezan, hareek baztertu barik. Gidari itsuok! Eltxoa irazten dozue, eta gamelua irensten!

    Ai zuek, lege-maisu eta fariseu itxurazaleok! Edalontzia eta platera kanpotik garbitzen dozuez, barrutik lapurretaz eta nahikeriaz beterik dagozan bitartean. Fariseu itsu hori! Garbitu egizu lehenengo edalontzia barrutik, kanpotik ere garbi gelditu daiten».


 
 

ESKARIAK


†    Jesusen irakatsiak eta eskakizunak zorrotzak eta gogorrak ere izaten dira geure buruaz baino arduratzen ez garanean. Gogoan izan daigun eskariok egiterakoan:


—Elizearen alde: Jainkoari emon beharreko gurtza senideak zerbitzean, egi-zale agertzean eta zuzentasunaren alde jokatzean agertu daigula irakatsi deigun bere gidaritzan, eskatu deiogun Jaunari.

—Irakasle eta gidarien alde: gizakiarenganako benetako maitasuna irakatsi daien, eta gizarte zuzenago eta egizaleagoa bultzatu daien, eskatu deiogun Jaunari.

—Gurasoen alde: izan daien euren seme-alaben ardurea, maitatu daiezan, eta hareen osoko hezkuntzea bultzatu daien, eskatu deiogun Jaunari.

—Gaiso, behartsu eta baztertuen alde: entzunak izan daitezan eta gizarte senidekorrago baten aldarri eta hazikin bihurtu daitezan, eskatu deiogun Jaunari.

—Jesusen mahai-inguruan Jainkoaren erreinuaren eraikuntzea bultzatu gura dogunok zehatzak izan gaitezan, bai eskatzeko orduan eta baita emotekoan ere, eskatu deiogun Jaunari.


†    Jainko Jana: zure seme-alabok alkarren arduraz gura gaituzun ezkero, emoiguzu txikikerietan ez galtzea, senidea zerbitzera heldu ahal izateko. Jesukristo gure Jaunaren bitartez.

—Amen.



Comments