astegunak‎ > ‎urte bakoitiak (1,3,5,7...)‎ > ‎21astea‎ > ‎

211astelehena

URTEAN ZEHARREKO XXI. ASTELEHENA

   

I. IRAKURGAIA


Sasijainkoetatik Jainkoagana bihurtu zineen,

Honek berbiztutako bere Semea noiz etorriko dan zain egoteko.


San Paulo Apostoluak Tesalonikarrei egindako lehenengo gutunaren hasierea   (1 Ts 1, 1-5. 8b-10)

   

    Paulo, Silvano eta Timoteok, Jainko Aitagaz eta Jesu Kristo Jaunagaz bat eginik dagoan Tesalonikako eleiz alkarteari: grazia eta bakea zuei.

    Eskerrak emoten deutsaguz beti Jainkoari zuek guztiokaitik, gure otoitzetan gogoan zaituegula. Jainko gure Aitaren aurrean gogora dakartsogu eten barik zuen sinesmen ekintzailea, zuen maitasun arduratsua eta Jesu Kristo gure Jaunagan dozuen itxaropen iraunkorra.

    Badakigu, senideok, Jainkoaren maiteok, Berak aukeratu zaituela. Izan ere, guk zuei iragarritako Barriona ez jatzuen berba hutsez emon, Espiritu Santuaren indar beteaz baino. Ondo dakizue zuen artean egin genduan guztia zuen onerako izan zala.

    Bazter guztietara heldu da Jainkoagan dozuen sinesmenaren entzutea, guk ezer esan behar barik. Izan ere, eurek kontatzen dabe zelako harrera egin zeunskuen zuokana joan ginenean eta zelan, sasijainkoak itzirik, Jainko bizi eta egiazkoagana bihurtu zineen, Berau zerbitzeko eta zerutik etorriko dan bere Seme Jesusen zain egoteko. Jainkoak hildakoen artetik biztu eban Jesus, eta Honek askatu gaitu etortekoa dan hasarre-zigorretik.


 
 

ERANTZUN-SALMOA

Sal 149, 1-2. 3-4. 5-6a eta 9b


R/.    Maite dau Jaunak bere herria.


edo    Alleluia


Kanta Jaunari kantu barria,

kanta haren gorespena fededunen batzarrean.

Poztu bedi Israel bere Egileaz,

alaitu siondarrak euren Erregeaz. R/.


Goratu begie haren izena dantza eginez,

jo begie Harentzat danbolina eta zitara.

Maite dau-eta Jaunak bere herria,

garaipenez jantziko ditu umilak. R/.


Alaitu bediz fededunak Jainko ospetsuaz,

egin begie pozez oihu euren etzalekuetan.

Bego Jainkoaren goralpena hareen eztarrian,

ohorea da haren fededun guztientzat. R/.


 
 

EBANJELIOA


Zoritxarrekoak zuek, bide erakusle itsuok!


Jesu Kristoren Ebanjelioa San Mateoren liburutik   (Mt 23, 13-22)

   

    Aldi haretan, honan berba egin eban Jesusek: «Ai zuek, lege-maisu eta fariseu itxurazaleok, jenteari zeruetako erreinuko sarrerea ixten deutsazuenok. Zeuek ez zaree sartzen eta sartu gura dabenei ez deutsezue izten.

    Ai zuek, lege-maisu eta fariseu itxurazaleok! Norbait judubarri egiteagaitik itsaso eta lehor zabilze eta, egin dozuenean, zeuek baino birritan gaiagoa bihurtzen dozue infernurako.

    Ai zuek, gidari itsuok! Honan irakasten dozue: "Tenpluagaitik zin egiteak ez dau baliorik; tenpluko urreagaitik zin egiteak, ostera, behartu egiten dau". Zoro itsuok halakook! Zer da handiagoa, urrea ala urrea sagaratzen dauan tenplua? Beste hau ere irakasten dozue: "Altareagaitik zin egiteak ez dau baliorik; altara gaineko opariagaitik zin egiteak, ostera, behartu egiten dau". Itsuok halakook! Zer da handiagoa, oparia ala oparia sagaratzen dauan altarea? Altareagaitik zin egiten dauanak, altareagaitik eta gainean dagoan guztiagaitik egiten dau zin; tenpluagaitik zin egiten dauanak, tenpluagaitik eta bertan bizi dan Jainkoagaitik egiten dau zin; zeruagaitik zin egiten dauanak, Jainkoaren tronuagaitik eta bertan jesarrita dagoanagaitik egiten dau zin».


 

ESKARIAK


†    Otoitzera eskale huerreratzean, izan daiguzan gogoan Jesusen "ai ene!"ak gauza garrantzizkoen gain egiten dogula zin, Jainkoaz ahaztuta:


—Elizearen alde: irakasten dauana bizitzaz eta buru-eskeintzaz etor daiten bat bere artzain eta eliztarrengan, eskatu deiogun Jaunari.

—Irakasle eta gidarien alde: ikasleen eta gidatuen ona bilatu daien beti, eta honeen heldutasuna eta zintzotasuna, koherentzia, eskatu deiogun Jaunari.

—Agintarien alde: guzurrezko diskurtsoa alde batera laga, eta herriaren benetako zerbitzuan jarri daitezan, batez ere behartsuenen zerbitzuan, eskatu deiogun Jaunari.

—Gurasoen alde: seme-alaben hezkuntza ez daien inoren esku laga, euren ereduaz aurrera atara daiezan baino, eskatu deiogun Jaunari.

—Eukaristiarako alkartzen garanok ez gaitezan azalean gelditu, Jesusen sakontasunagaz bat egin daigun eta bera jarri daigun gure bizikeran erdi-erdiko, eskatu deiogun Jaunari.


†    Jainko Jauna: adoretu gaizuz zure Semeari entzun, eta entzuna bizitzaratu daigun. Jesukristo gure Jaun berberaren bitartez.

—Amen.




Comments