astegunak‎ > ‎urte bakoitiak (1,3,5,7...)‎ > ‎20astea‎ > ‎

206zapatua

URTEAN ZEHAR XX. ZAPATUA

   

I. IRAKURGAIA


Jaunak ez zaitu ondorengo barik itzi gura izan.

Hau Jeseren aita izan zan, Daviden aitaren aita.


Ruten liburutik   (Rt 2, 1-3. 8-11; 4, 13-17)

   

    Baeban Noemik, Elimelek bere senarraren aldetik, senide bat, aberatsa eta begirune handiko gizona, Booz izenekoa. Rut moabtarrak esan eutsan Noemiri: «Itzi egidazu solora joaten, igitariek izten dabezan garagarburuak batzera. Aurkituko al dot bere ondoren batzen itziko deustan norbait!» Noemik erantzun: «Zoaz, ene alaba».

    Joan zan, beraz, Rut eta igitarien atzetik garagarburuak batzen hasi zan. Hain zuzen, Elimeleken senide Boozen soloan suertatu zan. Boozek esan eutsan Ruti: «Adizu, ene alaba, ez joan beste inongo solora garagarburuak batzera. Gelditu hemen nire mirabeekin. Begira zein arloetara doazan batzera eta jarraitu hareen atzetik. Zu bakean izteko esango deutset morroiei. Egarri zaranean, edan mutilek betetako ontzietatik».

    Rutek, lurreraino ahuspeztu eta esan eutsan Boozi: «Atzerritarra naz ni; zer dala-eta arduratzen zara nitaz eta hartzen nozu hain ondo?» Harek erantzun: «Senarra hil ondoren, amaginarrebagaz zelan jokatu dozun kontatu deuste: zelan zeure aitamak eta sorterria itzi eta ezagutzen ez zenduan herrira etorri zaran».

    Booz Rutegaz ezkondu zan; alkartu ziran eta Jaunak bedeinkatu egin eban Rut: umedun gelditu eta semea izan eban.

    Emakumeek Noemiri esaten eutsoen: «Bedeinkatua Jauna, ondorengoa emon deutsu-eta, hildakoaren izenak Israelen iraun dagian. Ume hau zeure atsekabearen kontsolagarri eta zeure zahartzaroaren euskarri izango dozu, hain maite zaituan eta zazpi seme baino hobea dozun errainak emon deutsu-eta». Noemik umea semetzat hartu eta hazi egin eban.

    Auzo-lagunek honan inoen: «Semea jaio jako Noemiri», eta Obed ezarri eutsoen izena. Obed Jeseren aita izan zan; Jese, barriz, Davidena.



 
 

ERANTZUN-SALMOA

Sal 127, 1-2. 3. 4-5


R/.    Honan izango da bedeinkatua

    Jaunari begirunea deutsona!


Zorionekoa Jaunari begirunea deutsona

eta haren bideetan dabilena!

Zeure lanaren frututik jango dozu,

zoriontsu izango zara eta ondo joango jatzu. R/.


Emaztea mahatsondo emonkorraren antzeko

zure etxe barruan;

seme-alabak orio-kimuen antzeko

zure mahai inguruan. R/.


Hara zelan izango dan bedeinkatua

Jaunari begirunea deutson gizona!

Bedeinkatu zagizala Jaunak Siondik,

gozatu zaitezala Jerusalemen zorionaz

zeure bizitzako egun guztietan. R/.


 
 

EBANJELIOA


Esan, esaten dabe, baina egin ez.


Jesu Kristoren Ebanjelioa San Mateoren liburutik   (Mt 23, 1-12)

     

    Aldi haretan, honan berba egin eutsen Jesusek jentetzari eta ikasleei: «Lege-maisuak eta fariseuak Moisesen irakatsiak adierazoteko eginkizuna dabe. Ahalegindu zaiteze, beraz, hareek esaten daben guztia beteten, baina ez egin egiten dabena: esan, esaten dabe-eta, baina egiten ez. Zama astunak lotu eta besteei leporatzen deutseez, baina eurek ez dabez atzamar batez ere mugitu gura. Egiten daben guztia, jenteak ikusi dagizan egiten dabe; narrutxa zabalak eroan ohi dabez bekokian, eta borlatxo luzeak jantzietan; gogoko dabez jai-jatorduetan mahaiburuak eta sinagogetan aurreneko aulkiak, plazetan jenteak eurei agur egitea eta guztiek "maisu" deitzea.

    Zuek, ostera, ez itzi inori "maisu" deitzen, bat bakarra da-eta zuen maisua, eta zuek guztiok senide zaree-eta. Eta ez deitu lurrean inori "aita", bat bakarra da-eta zuen Aita, zerukoa. Eta ez itzi inori "gidari" deitzen, bat bakarra da-eta zuen gidaria, Mesias.

    Zuetako handiena izan bedi zuen zerbitzari. Bere burua goratzen dauana, beheratu egingo dau Jainkoak, eta bere burua beheratzen dauana goratu».


 
 

ESKARIAK


†    Sarritan erakutsi izan dogu irakasten dogunagaz bat ez datorren bizikerea; jakin daigun autortzen, damutu gaitezan eta bihozbarritu, otoitzaren bidez:


—Elizearen alde: bere artzainetan eta baita eliztarretan ere irakatsiarekin bat datorren bizikerea indartu daian, eredu bihurtzeraino, eskatu deiogun Jaunari.

—Gure agintari, politikari, eta herri zerbitzari guztietan zintzotasun eta osotasun handiagoa ikusi daigun, eskatu deiogun Jaunari.

—Arduretan jarrita dagozenek, edo ardurak hartzen dabezenek eurentzako etekinak bilatu ez daiezan, euren ardurapean dagozenak zerbitzea baino, eskatu deiogun Jaunari.

—Gure familietan azaluskeriak eta zatikeriak baztertuak izan daitezan, eta bizitza koherentea bultzatu daiten, eskatu deiogun Jaunari.

—Jesusi jarraitzea gatx egiten jakula-ta, otoitzean eta eukaristian ebanjelioagaz bat datorren bizikerea eroateko garra aurkitu daigun, eskatu deiogun Jaunari.


†    Guzurkeriarik onartzen ez dozun Jainkoa: indartu gaizuz egizaletasunean eta egin gaizuz gure ingurukoentzat eredu. Jesukristo gure Jaunaren bitartez.

—Amen.


Comments