astegunak‎ > ‎urte bakoitiak (1,3,5,7...)‎ > ‎20astea‎ > ‎

205barikua

URTEAN ZEHARREKO XX. BARIKUA

   

I. IRAKURGAIA


Bihurtu zan Noemi, eta haregaz batera Rut moabtarra;

eta Belenera heldu ziran.


Ruten liburuaren haiserea   (Rt 1, 1. 3-6. 14b-16. 22)

   

    Epaileen sasoian, gosetea izan zan Israelen, eta Judako Belemeko gizon bat Moab lurraldera joan zan bizi izatera bere emazte Noemi eta seme bigaz.

    Elimelek, Noemiren senarra, hil egin zan eta emaztea seme bigaz bakarrik gelditu zan. Honeek emakume moabtarrak hartu ebezan emazte: batak Orpa eban izena eta besteak Rut. Hamarren bat urtez han bizi ondoren, hil egin ziran seme biak ere, eta Noemi, ez senar eta ez seme, bakarrik gelditu zan.

    Jakin eban Noemik Jaunak bere herriari aldeko agertu eta janaria emon eutsala, eta  errain biekin Moabeko lurraldetik bere herrialdera bihurtzea erabagi eban.

    Abiatu ondoren, Orpa amaginarreba besarkaturik bere herrira bihurtu zan; Rut, barriz, amaginarrebagaz gelditu zan. Noemik esan eutsan: «Hara, zure koinatea bere herrira eta bere jainkoagana bihurtu da; zoaz zu ere haregaz». Rutek erantzun eutsan: «Ez barriro eskatu zu itzi eta joateko; zu nora joan, hara joango naz ni ere; zu non bizi, hantxe biziko ni ere; zure herria izango da nire herri, eta zure Jainkoa nire Jainko».

    Holan bihurtu zan Noemi Moabetik Rut bere errain moabdarragaz. Garagarra ebagiten hasteko sasoian heldu ziran Belemera.


 
 

ERANTZUN-SALMOA

Sal 145, 5-6ab. 6c-7ab. 7c-8. 9-10



R/.    Goratu egizu Jauna, ene barrua


edo Alleluia


Zorionekoa Jakoben Jainkoa lagun dauana, *

Jauna, bere Jainkoa, itxaropen dauana.

Berak egin ditu zeru-lurrak eta itsasoa,

eta horreetan dagoan guztia;


betiko eusten deutso bere leialtasunari.

Zapalduen eskubideak defendatzen ditu, *

gose diranei ogia emoten.


Jaunak askatzen ditu presoak,

Jaunak zabaltzen itsuen begiak,

Jaunak jasoten konkortuak,

Jaunak maitatzen zintzoak.


Jaunak ditu etorkinak zaintzen,  

umezurtz eta alargunei zutik eusten,

baina gaiztoen nagusitza iraultzen.

Jauna errege da betiko, *

zure Jainkoa, Sion, errege menderen mendetan!

 
 

EBANJELIOA


Maitatu egizu Jauna, zeure Jainkoa,

eta zure lagun hurkoa zeure burua lez.


Jesu Kristoren Ebanjelioa San Mateoren liburutik   (Mt 22, 34-40)

   

    Aldi haretan, Jesusek saduzearrak berba barik itzi ebazala jakitean, alkarregaz batu ziran fariseuak, eta euren arteko lege-gizon batek azpikeriaz itaundu eutsan Jesusi: «Maisu, zein da legeko agindurik nagusiena?»

    Jesusek erantzun: «Maitatu egizu Jauna, zeure Jainkoa, bihotz-bihotzez, gogo osoz eta adimen guztiz". Hau da agindurik nagusiena eta lehena. Eta bigarrena horren parekoa da: "Maitatu lagun hurkoa zeure burua lez". Agindu bi honeetan oinarritzen dira Liburu Santu guztiak».


 
 

ESKARIAK


†    Jainkoa bakotxak bere alde jarri gura dogunok entzun deiogun Jesusi eta ikasi daigun otoitz egiten:


—Elizearen alde: Jainkoaganako begiramena eta maitasuna senideaganako begiramen eta maitasunaz lotuta irakatsi daian, eskatu deiogun Jaunari.

—Alderderik garrantzitsuenaren bila dabiltzanek ez daien ahaztu euren ondokoa, txikia, detailea, eskatu deiogun Jaunari.

—Aberats edo ahaltsuentzat begiramena izan bai baina bardinak eta behartsu edo txikiak bazterreratzen dabenak Jesusi ulertzeko gauza izan daitezan, eskatu deiogun Jaunari.

—Norbere burua babestearren besteak gaitzesteko gauza diranen alde: euren  buruaren balioaren parean jarri daiezan besteak eta maitatu daiezan, eskatu deiogun Jaunari.

—Jainkoa maitatzen dogula uste izanik bere Semearen mahaira hurreratzen garanok Jainkoa geure alde jartea baino gehiago bilatu daigun geu senideen alde, batez ere gauza ez diranen alde, jartea, eskatu deiogun Jaunari.


†    Jainko Jauna, gutaz maitasunean errukitsu zarana: erakutsi daigula maite zaitugula gure senideagaz errukituz, eta ha bihotzetik maitatuz. Jesukristo gure Jaunaren bitartez.

—Amen.



Comments