astegunak‎ > ‎urte bakoitiak (1,3,5,7...)‎ > ‎20astea‎ > ‎

204eguena

URTEAN ZEHARREKO XX. EGUENA

   

I. IRAKURGAIA


Nire etxetik bidera lehenengo urteten deustana

Jaunarentzat izango da, eta erre-opari eskeiniko dot.


Epaileen liburutik   (Ep 11, 29-39a)

   

    Aldi haretan, Jaunaren espirituaren eraginez, Galaad eta Manasesen lurraldea igaro eta Galaadeko Mitzpara heldu zan Jefte, eta handik amondarren lurraldera jo eban. Eta promesa hau egin eutsan Jaunari: «Amondarrak eskura emoten badeustazuz, hareek garaitu eta bihurtzean ondoetorria egitera etxetik urtengo deustan lehenengoa Jaunarentzat izango da eta erre-opari eskeiniko deutsat».

    Joan zan, bada, Jefte amondarren kontra burrukara, eta Jaunak eskura emon eutsazan. Aroertik Miniteraino garaitu ebazan —hogei uri—, eta Abel-Keramimeraino. Garaipen izugarria izan zan, eta amondarrak israeldarren menpe gelditu ziran.

    Jefte Mitzpara, bere etxera, bihurtu zanean, alabeak urten eutsan ondoetorria egitera, danbolina joz eta dantzari. Jeftek ez eban beste seme-alabarik, haxe baino. Alabea ikustean, jantziak urratu eta esan eban: «Ai, ene alaba! Lur jota itzi nozu. Zeu izan behar zoritxarra dakarztana! Berbea emon deutsat Jaunari eta ezin atzera egin». Alabeak erantzun eutsan: «Aita, Jaunari berba emon badeutsazu, egizu nigaz berba emondakoa; Jaunak zeure arerio amondarrez mendekatzea emon deutsu-eta».

    Gero, esan eutsan: «Egidazu mesede hau bakarrik: itzi egidazu hile bitan mendiz mendi lagunekin ibilten, ezkondu baino lehen hil behar dodalako negar egiten». Aitak erantzun: «Zoaz». Eta itzi egin eutsan joaten hile birako.

    Neskea mendiz mendi ibili zan bere lagunekin, ezkondu baino lehen hil behar ebalako negarrez. Hile biak igaro ziranean, bihurtu zan aitagana, eta aitak bete egin eban berba emondako promesea.



 
 

ERANTZUN-SALMOA

Sal 39, 5 eta 7-8a. 8b-10


R/. Hemen nozu, Jauna,

      zure nahia egin dagidan.


Zorionekoa Jaunagan fidatzen dana,

idolo eta sasijainkoakana joten ez dauana.

Zuk ez dozu sakrifizio eta eskeintzarik gura izan,

ez erre-opari eta pekatuen parkamen-oparirik eskatu;

baina belarriak edegi deustazuz.

Horregaitik dinot: «Hemen nozu».


Hau dago nitaz liburuan idatzita:

egin dagidala zure nahia.

Atsegin dot, ene Jainko:

barru-muinetan daukot zure legea.

Iragarri dot batzar nagusian zure justizia,

ez ditut ezpanak itxi, ondo dakizu, Jauna.


 
 

EBANJELIOA


Aurkitzen dozuezan guztiei,

dei egiezue ezteguetara.


Jesu Kristoren Ebanjelioa San Mateoren liburutik   (Mt 22, 1-14)

   

    Aldi haretan, Jesusek barriro parabolen bidez berba egin eutsen abadeburu eta herriko zaharrei: «Zeruetako erreinuagaz bere semearen ezteguak ospatu ebazan erregeagaz lez jazoten da. Bialdu ebazan morroiak gonbidatuei dei egitera, baina hareek ez eben etorri gura izan.

    Barriro beste morroi batzuk bialdu ebazan mandatu honegaz: "Esaiezue gonbidatuei: Hara, gertu daukot bazkaria; hilak ditut zezenak eta zekor gizenduak, dana dago prest. Zatoze ezteguetara". Baina gonbidatuek ez eben jaramonik egin: bata bere lurretara joan zan, bestea bere negozioetara eta gainerakoek, morroiei heldurik, irainez bete eta hil egin ebezan.

    Hasarratu zan erregea eta, bere soldaduak bialduz, hil egin ebazan hiltzaile hareek eta sua emon hareen herriari.

    Gero, bere morroiei esan eutsen: "Ezteguak prest dagoz, baina gonbidatuak ez ziran gai. Zoaze, bada, bidekurutzeetara eta deitu ezteguetara aurkitu ahala guztiak". Urten eben morroiak bideetara eta aurkitutako guztiak batu ebezan, on nahiz gaizto. Eztegu-gelea bazkaltiarrez bete zan.

    Erregeak, bazkaltiarrak ikustera sartu zanean, eztegu-jantziri barik egoan bat ikusi eban eta esan eutsan: "Adiskide, zelan sartu zara hemen, eztegu-jantzi barik?" Harek berbarik ez. Erregeak mahai-zerbitzariei esan eutsen, orduan: "Lotu egizue hanka eta esku, eta bota kanpora, ilunpeetara; han izango da negarra eta agin-karraska!" Izan ere gehiago dira-eta deituak, aukeratuak baino».


 
 

ESKARIAK


†    Jainkoak behin eta barriro egiten deusku dei poztasun-otordura. Zein bihotz gogorrak garan sarritan! Egin daigun otoitz:


—Elizearen alde: munduari aurpegi alaia erakutsi deion eta jai-girora deitu daian, horretarako pobreekaz alkarbanatuz ondasunak, eskatu deiogun Jaunari.

—Mesedeak hartzen dabezenek, zahar eta ezindu zainduek, gaixo babestuek eta beste laguntzarik hartzen dabenek hartzen daben laguntza hori eskertzen jakin daien, eskatu deiogun Jaunari.

—Sinismenean ez hotz ez bero, epelak diranen alde, eurenetik ezer gutxi ipinten dabenen alde: bihozbarritu daitezan, jainko-poza eta jai-giroa barruan eroan daien eta ingurura zabaltzeko gai izan daitezan, eskatu deiogun Jaunari.

—Jai baterako deituak izateak ere min emoten deutsenen alde: eurentzako bakarrik ez dirala bizi ulertu daien, besteen poz ere izan daitezan, eskatu deiogun Jaunari.

—Eukarustian esku hartzen dogunok eskertzen jakin daigun jai-giroko otordua, eta ingurukoek pozez eta alaitasunez ikus gaiezan, eskatu deiogun Jaunari.


†    Emoiguzu, Jauna, ez bakarrik otordurako gogoa, bai eta geuretik dana ipinteko adorea ere baino. Jesukristo gure Jaunaren bitartez.

—Amen.



Comments