astegunak‎ > ‎urte bakoitiak (1,3,5,7...)‎ > ‎20astea‎ > ‎

203eguastena

URTEAN ZEHARREKO XX. EGUAZTENA

   

I. IRAKURGAIA


«Errege bat izan bedi gure artean» esaten diharduzue,

eta Jauna izan zuen erregea.


Epaileen liburutik   (Ep 9, 6-15)

   

    Egun hareetan, Sikemeko nagusi guztiak eta Bet-Miloko jentea batu eta errege izendatu eben Abimelek Sikemen egoan arteondoaren alboan.

    Jotamek, hori jakin ebanean, Garizim mendi gailurrera igon eta oihuka esan eban: «Entzun egidazue, Sikemeko nagusiok, eta Jainkoak entzun deizuela zuei!

    Behin batean, zuhaitzek erregea izendatu gura eben eurentzat. Eta oliondoari esan eutsoen: "Izan hadi gure errege". Baina oliondoak erantzun eutsen: "Eta jainkoak eta gizon-emakumeak ohoratzeko dan neure orioa emoteari uko egin behar al eutsat, zuhaitzen gainean kulunka ibilteko?" Orduan, zuhaitzek pikondoari esan eutsoen: "Hator, eta izan hadi gure errege". Baina pikondoak erantzun eutsen: "Eta neure frutu gozo eta ederra emoteari uko egin behar al eutsat, zuhaitzen gainean kulunka ibilteko?" Ondoren, zuhaitzek mahatsondoari esan eutsoen: "Hator, eta izan hadi gure errege". Baina mahatsondoak erantzun eutsen: "Eta jainkoak eta gizon-emakumeak pozten dituan neure ardoa emoteari uko egin behar al eutsat, zuhaitzen gainean kulunka ibilteko?" Azkenik, zuhaitz guztiek elorriari esan eutsoen: "Hator, eta izan hadi gure errege". Elorriak erantzun eutsen: "Benetan zeuen errege izendatu nahi banozue, zatoze nire kerizpean babestera; bestela, sortu bedi sua elorritik, eta iruntsi begiz Libanoko zedroak ere"».


 
 

ERANTZUN-SALMOA

Sal 20, 2-3. 4-5. 6-7


R/.    Jauna, erregea zure indarraz pozten da.


Jauna, erregea zure indarraz pozten da,

zure garaipenaz izugarri alaitzen.

Gura ebana emon deutsazu

eta harek eskatutakoa ez deutsazu ukatu.


Bedeinkapenez eta mesedez bete dozu,

urre garbizko koroea ezarri deutsazu buruan.

Bizia eskatu deutsu, eta Zuk emon,

haren egunak betiko luzatuz.


Zure garaipenaz handia da haren ospea,

aintzaz eta ohorez inguratu dozu.

Izan ere, betiko bedeinkapena emon deutsazu,

pozez bete dozu zeure aurrean.


 
 

EBANJELIOA


Bekaizti izan behar al dozu zuk,

ni eskuzabala  nazalako?


Jesu Kristoren Ebanjelioa San Mateoren liburutik    (Mt 20, 1-16a)

   

    Aldi haretan, Jesusek parabola hau esan eutsen ikasleei: «Zeruetako erreinuagaz mahasti-nagusiagaz lez jazoten da. Goizean goiz bere mahastirako langile bila urten eban. Eguneko zidarrezko txanpon batean berbatu ondoren, mahastira bialdu ebazan langileak.

    Goizeko bederatziak aldera barriro urten eban eta, beste batzuk plazan lan zain ikusirik, esan eutsen: "Zoaze zuek ere nire mahastira eta ordainduko deutsuet bidezko dana". Eta hareek ere joan egin ziran. Urten eban barriro hamabiak aldera eta hirurak aldera, eta gauza bera egin eban. Arratsaldeko bostak aldera ere urten eban eta, beste batzuk oraindino geldi aurkiturik, esan eutsen: "Zertan zagoze hemen egun osoan lanik egin barik?" Hareek erantzun eutsoen: "Ez gaitu inork lanerako hartu". Harek, orduan: "Zoaze zuek ere nire mahastira".

    Iluntzean mahasti-nagusiak esan eutsan arduradunari: "Deitu langileei, eta emoiozu bakotxari bere soldatea, azkenekoetatik hasi eta lehenengoetara". Etorri ziran, bada, arratsaldeko bostetakoak, eta zidarrezko txanpon bana hartu eben. Lehenengo ordukoek, txandea heldu jakenean, besteek baino gehiago hartuko ebela uste eben; baina hareek ere zidarrezko txanpon bana hartu eben.

    Orduan, nagusiaren kontra txarto-esaka hasi ziran, eta esan eutsoen: "Azkeneko honeek ez dabe ordubete besterik lan egin, eta gugaz bardindu dozuz, egun guztiko nekea eta beroa jasan dogunokin". Baina nagusiak erantzun eutsan hareetako bati: "Adiskide, ez deutsut bidebakokeriarik egiten. Ez al ginan zidarrezko txanpon batean berbatu? Hartu dagokizuna eta zoaz. Zuri beste emon gura deutsat azkeneko honi ere. Ezin ete dot neure diruaz nahi dodana egin? Ala inbidia dozu, ni ona  nazalako?"

    Holan, bada, azkenekoak lehenengo izango dira eta lehenengoak azkeneko».


 
 

ESKARIAK


†    Zenbat aldiz jokatzen dogun inbiriaz, besteak baino gehiago edo hobeak garala-ta, eta geratzen garan Jesusen burutapenen batzuk ulertu barik, edo onartu ezinik. Zabaldu daigun bihotza Jainkoak emon gura deuskunera gure eskariotan:


—Elizearen alde: Jainkoak bera dan osoa bere seme-alabei emoten deutsen lez, Elizeak ere ez daian beretzat ezer gorde, dana besteentzat izan daiten baino, eskatu deiogun Jaunari.

—Langile-bila dabizenen alde: ez deieen euren etekinei horrenbeste begiratu, eta bai, errukiz, langilearen egoereari eta haren familiaren onari,  eskatu deiogun Jaunari.

—Herrietako agintarien alde: ahaleginik eta handienak egin daiezan gizaki guztiek duintasunezko lanpostu bat eukiteko, eskatu deiogun Jaunari.

—Langileen alde: euren lanpostua aintzat hartu daien, eta lanpostua lanik ez daukenekin banandu ezin daben ezkero, etekinetatik alkarbanantzen jakin daien, eskatu deiogun Jaunari.

—Otoitzerako alkartu garanok ez gaitezan geratu parabolearen alderdi ulertezinetan, aldendu gaitezan inbiriatik, eta ezagutu daigun Jainko errukitsuaren bihotza, eskatu deiogun Jaunari.


†    Jainko errukitsua: emoiguzu besteen egoereaz arduratu leitekezan begirada eta bihotza, gizarte anaikorrago bat eraiki ahal izan daigun. Jesukristo gure Jaunaren bitartez.

—Amen.



Comments