astegunak‎ > ‎urte bakoitiak (1,3,5,7...)‎ > ‎20astea‎ > ‎

202martitzena

URTEAN ZEHARREKO XX. MARTITZENA

   

I. IRAKURGAIA


Gedeon, askatu egizu Israel.

Nik bialtzen zaitut!


Epaileen liburutik   (Ep 6, 11-24a)

   

    Aldi haretan, Jaunaren aingerua Ofra herritxora etorri eta arteondo baten azpian jesarri zan. Arteondoa Abiezerren senitarteko Joaxena zan. Gedeonek, Joaxen semeak, dolarean garia joten ziharduan, madiandarrek ikusi ez egien. Jaunaren aingerua agertu eta esan eutsan: «Jauna zugaz, gudari kementsu!»

    Gedeonek erantzun: «Parkatu, ene jauna! Baina Jauna gugaz bada, zelan jazo jaku guzti hau? Zertan dira gurasoek kontatzen euskuezan jazoera harrigarri hareek, Jaunak Egiptotik atara ginduzala esaten euskuenean? Orain, izan ere, eskutik itzi gaitu Jaunak eta madiandarren menpe jarri».

    Jaunak begira jarri eta esan eutsan: «Zoaz eta askatu egizu Israel zeure indarraz madiandarren menpetik. Neuk bialtzen zaitut!» Gedeonek erantzun: «Parkatu, Jauna, baina zelan askatuko dot Israel? Nire senitartea Manasesen leinuko ahulena da, eta ni txikiena gure aitaren etxean».

    Jaunak orduan: «Zeugaz izango nozu; holan, madiandar guztiak batera menperatuko dozuz». Gedeonek, barriro: «Benetan begiko baldin banozu, emoidazu ezaugarri bat, berba egiten deustana Zeu zarala jakiteko. Ez joan hemendik, eskeintza zure aurrean jartera ni bihurtu arte». Jaunak erantzun eutsan: «Hementxe egongo naz, zu etorri arte».

    Joan zan Gedeon eta aume bat prestatu eban eta, lakari bat urunez, legamin bako ogiak egin ebazan; gero, haragia otzaran eta saldea lapikoan harturik, arteondo azpira eroan eta Jaunari eskeini eutsazan. Jaunaren aingeruak esan eutsan: «Hartu haragia eta ogiak, eta ipini harkaitz honen gainean, eta isuri saldea». Holan egin eban Gedeonek. Orduan, Jaunaren aingeruak eskuan eban makileaz haragia eta ogiak ikutu ebazan; sugarrak urten eban harkaitzetik eta haragia eta ogiak kiskaldu egin ebazan. Ondoren, desagertu egin zan Jaunaren aingerua Gedeonen aurretik.

    Jaunaren aingerua zala ohartzean, esan eban Gedeonek: «Ai, ene Jainko Jauna! Jaunaren aingerua ikusi dot aurrez aurre!» Jaunak esan eutsan: «Bakea zugaz! Ez izan bildurrik, ez zara hilgo». Gedeonek altarea eregi eban bertan Jaunaren omenez, eta «Jauna bakea» ezarri eutsan izena.


   

ERANTZUN-SALMOA

Sal 84, 9. 11-12. 13-14



R/.    Bakezkoa da Jaunaren hitza

        bere herriarentzat


Entzungo dot Jainkoak dinoana:  

Jaunak bakea agintzen deutse

bere herri eta fededunei,

barriro konfiantzea agertzen deutsoenei.


Maitasunak eta leialtasunak topo dabe egiten,

justiziak eta bakeak alkar besarkatzen.

Leialtasuna lurretik ernetzen da,

justizia zerutik jaisten.


Jaunak emongo dau euria,

eta gure lurrak ekarriko dau uzta.

Haren aurretik joango da justizia,

haren urratsei jarraituko deutse ongizateak.


 

EBANJELIOA


Errezago da gamelua jostorratz begitik pasatzea,

aberatsa zeruetako erreinuan sartzea baino.


Jesu Kristoren Ebanjelioa San Mateoren liburutik   (Mt 19, 23-30)

       

    Aldi haretan, Jesusek esan eutsen ikasleei:

    «Benetan dinotsuet: aberatsa nekez sartuko da zeruetako erreinuan. Barriro dinotsuet: orratzaren begitik gamelua igarotea errazago, aberatsa Jainkoaren erreinuan sartzea baino».

    Berbok entzutean, ikasleek, zeharo harriturik, honan inoen: «Nor salbau daiteke, orduan?» Jesusek begira-begira jarri eta esan eutsen: «Gizakiarentzat ezinezkoa da hori, baina Jainkoak dana daike».

    Orduan, Pedrok esan eutsan: «Hara, guk dana itzi dogu, Zuri jarraitzeko. Zer izango da guretzat?»

    Jesusek erantzun eutsen: «Benetan dinotsuet: Jainkoak mundu hau erabarritzean, Gizonaren Semea bere aintzazko tronuan jesartean, zuek ere, nire jarraitzaileok, hamabi tronutan jesarriko zaree, Israelgo hamabi leinuak epaitzeko. Eta Nigaitik etxea, senideak, aita, ama, seme-alabak eta lurrak izten dituanak, ehun halako hartuko dau eta betiko bizia jasoko ondare lez.

    Orain lehenengo diran asko azkenengo izango dira, eta orain azkenengo diranak lehenengo».


 
 

ESKARIAK


†    Gure ustea ondasunetan jarrita daukagunok, eta onsdasunak behar-beharrezko doguzela uste dogunok, begiak jasota jo daigun erreguka Jainkoagana, ondasun paregabea:


—Elizearen alde: dana bertan-behera itzi eta ustea Jainkoagan baino ez izanik, poztasun betean bizi izan daitekela erakutsi daian, horren testigu izanik, eskatu deiogun Jaunari.

—Euren uste ona ondasunetan edo agintean edo besteak menpe eukitean jarrita dabenek pobretasunaren eta besteak zerbitzearen pozera heltzeko grazia izan daien, eskatu deiogun Jaunari.

—Mundu honetako pobreak diran gaiso, baztertu, erbesteratu, espetxeratu eta alboratuen alde: izan daien Jainkoaren bila dabizenen laguntza, eta bihurtu daitezan gaurko gizakiaren ondasun, eskatu deiogun Jaunari.

—Gure etxeetan Jesus bilatzen irakatsi daiten otoitzaren bidez, ebanjelioa irakurriz eta elizkizunetan esku hartuz, Jesusen pozean bizi izateko, eskatu deiogun Jaunari.

—Eukaristiara joten dogunok benetan bilatu daigun gure uste ona Jesusengan, eta ez hainbeste geure egitadetan, eskatu deiogun Jaunari.


†    Gugan uste ona ba dozun Ama/Aita Jainkoa: egizu, gure ondasun bakarra senideengan zeu zerbitzea izan dakigula. Jesukristo gure Jaunaren bitartez.

—Amen.



Comments