astegunak‎ > ‎urte bakoitiak (1,3,5,7...)‎ > ‎20astea‎ > ‎

201astelehena

URTEAN ZEHARREKO XX. ASTELEHENA

   

I. IRAKURGAIA


Jaunak buruzagiak sortuarazo ebazan,

baina israeldarrek ez eutseen jaramonik egin buruzagiei be.


Epaileak liburutik   (Ep 2, 11-19)


    Egun hareetan, Jaunari atsegin ez jakona egin eben israeldarrek, Baal sasijainkoaren idoloak gurtuz. Egiptotik atara ebazan Jauna, euren asaben Jainkoa, baztertu eta inguruan bizi ziran herrietako jainko arrotzen ondoren joan ziran, hareen aurrean ahuspeztuz; holan, Jaunaren hasarrea biztu eben. Beraz, Jauna baztertu eta Baalen eta Astarteren idoloak gurtu ebezan.

    Jaunak, Israelen aurka biziro haserraturik, lapurren esku itzi ebazan, eta honeek lapurreta egin eutseen; Jaunak inguruetako arerioei saldu eutsezan, eta israeldarrek ezin izan eutsoen eutsi arerioen aurrean. Burrukara joatean, beti galduan ataratzen ziran, euren aurka eben-eta Jauna, berak zin eginez esan eutsen lez. Israeldarrak gero eta estuago egozan.

    Orduan, Jaunak buruzagiak sortuarazo ebazan, israeldarrak lapurren eskuetatik libratzeko. Baina israeldarrek ez eutseen kasurik egin buruzagiei be eta desleial izan ziran Jaunagaz, jainko arrotzak gurtuz eta hareen aurrean ahuspeztuz. Behingoan aldendu ziran euren asaben bidetik; honeek Jaunaren aginduak obeditu ebezan, baina ondorengoek ez eben bardin jokatu.

    Jaunak buruzagiren bat sortzen ebanean, buruzagiagaz izaten zan Jauna, eta, ha bizi zan bitartean, salbatu egiten ebazan arerioen eskuetatik, errukitu egiten zan-eta israeldarrak zapaltzaileen menpean negarrez ikustean. Baina, buruzagia hiltzean, gaiztotu egiten ziran barriro israeldarrak, euren gurasoak baino okerrago jokatuz: beste jainko batzuen atzetik joaten ziran eta gurtu egiten ebezan, hareen aurrean ahuspeztuz. Ez eben aldatzen euren jarduera gaiztoa eta jokabide setatsua.

 

ERANTZUN SALMOA

Sal 106 [105], 34-35. 36-37. 39-40. 43ab eta 44


R/.    Oroitu gutaz, Jauna,

    zeure herriaganako onginahiagaitik.


Ez ebezan herriak hondatu,

Jaunak agindu eutsen lez.

Jentilakin nahastu ziran

eta hareen ohiturak ikasi ebezan. R/.


Hareen idoloak gurtu ebezan

eta galbide izan jakezan horreek.

Euren seme-alabak

opari eskeini eutseezan deabruei. R/.


Holan jokatuz, euren buruak kutsatu

eta Jainkoari desleial izan jakozan.

Biztu zan Jainkoaren hasarrea bere herriaren aurka

eta zapuztu egin eban bere ondarea. R/.


Hamaika aldiz libratu ebazan;

baina hareek, euren jarreran setatsu.

Ikusi eban, halan be, Jaunak hareen larrialdia

eta entzun ebazan hareen garrasiak. R/.


 

Ebanjelioa


On-ona izan nahi badozu, zoaz, saldu dozuzenak,

eta izango dozu zeruan gordailu bat.


Jesu Kristoren Ebanjelioa San Mateoren liburutik   (Mt 19, 16-22)


Aldi haretan, gazte batek Jesusegana hurreratu eta esan eutsan: «Maisu, zer onik egin behar dot, betiko bizia eskuratzeko?» Jesusek erantzun eutsan: «Zergaitik itauntzen deustazu onari buruz? Jainkoa bakarrik da ona. Betiko bizian sartu nahi badozu, bete aginduak».

Harek, barriz: «Zein agindu?» Eta Jesusek: «Ez hil inor, ez egin adulteriorik, ez ostu, ez egin guzurrezko testigantzarik, hartu aintzat aitamak, eta maitatu lagun hurkoa zeure burua lez».

Gazteak, orduan: «Guzti hori bete dot; zer falta dot oraindino?» Jesusek erantzun eutsan: «Guztiz ona izan nahi badozu, zoaz, saldu zeure ondasunak eta emon behartsuei, eta altxorra izango dozu zeruan; gero, zatoz eta jarraitu Niri».

Berba honeek entzutean, nahigabeturik joan zan gaztea, ondasun handien jabe zan-eta.

 

ESKARIAK


†    Jainkoa baino ez dala ona jakiteak eroan gaizala beragan, eta ez geure egitadetan, uste on osoa izatera:


—Elizearen alde: bila dabilanari lagun egin deion Jaungoikoa aurkitzen, horretarako Jesusen bizitzearen eta berbearen testigu zintzoa izanez, eskatu deiogun Jaunari.

—Bila ibili bai, baina euren usteei lotuegiak egonda-edo, aurkitu ezin dabenek, Jesusen berbea entzuteko aukerea izan daien, eta hari esku zabalez erantzun deioen, eskatu deiogun Jaunari.

—Ikerlarien alde: euren ikerketetan gizakiaren barru-bizitza ere kontuan izan daien, eta honen osotasunera begira lan egin daien, eskatu deiogun Jaunari.

—Betekizun hutsaz asetzen diranen alde: bila ibiliz eta Jesus aurkituz hartzen dan pozera heldu ahal izan daitezan, eskatu deiogun Jaunari.

—Jesusen inguruan otoitzerako alkartzen garanok ez daigun galdu haren bila eten barik jarduteko gogoa, bila ibiltearen pozaz jabeturik, eskatu deiogun Jaunari.


†    On bakarra zaran Jainkoa: erakutsi eiguzu zeugan baino ez izaten gure uste on osoa. Jesukristo gure Jaunaren bitartez.

—Amen.



Comments