astegunak‎ > ‎urte bakoitiak (1,3,5,7...)‎ > ‎19astea‎ > ‎

196zapatua

URTEAN ZEHARREKO XIX. ZAPATUA

   

I. IRAKURGAIA


Aukeratu gaur zuek, nor zerbidu.


Josueren liburutik   (Jos 24, 14-29)

   

    Egun hareetan, esan eutsan Josuek herriari: «Izan begirunea Jaunari eta zerbidu egizue benetan eta leial. Baztertu Eufrates ibaiaz bestaldean eta Egipton zuen asabek zerbidu ebezan jainkoak, eta zerbidu egizue Jauna. Baina Jauna zerbitzea txarto begitantzen bajatzue, aukeratu egizue gaur zein zerbidu: zuen asabek Eufrates ibaiaz bestaldean zerbidu ebezan jainkoak ala amortarren jainkoak, orain bizi zareen herrialdeko jentearenak, hain zuzen ere. Nik eta nire etxekoek Jauna zerbiduko dogu».

    Herriak erantzun eban: «Urrun gugandik Jauna iztea, jainko arrotzak zerbitzeko! Jauna dogu geure Jainkoa; Berak atara gaitu geu eta geure asabak Egiptotik, esklabotzatik; geure begiz ikusi doguz Berak egindako mirari handiak; Berak zaindu gaitu egin dogun bide guztian zehar, eta igaro doguzan herri guztietan babestu. Jaunak bota ditu gure aurretik herri guztiak eta lurralde honetan bizi ziran amortarrak. Beraz, guk ere Jauna zerbiduko dogu, Bera dogu-eta geure Jainkoa».

    Orduan, Josuek esan eutsan herriari: «Zuek ezin izango dozue Jauna zerbidu, Jainko santua da-eta, beste jainkoak zerbitzea onartzen ez dauan Jainkoa; ez deutsuez parkatuko zeuen errebeldiak eta pekatuak. Jauna itzi eta jainko arrotzak zerbitzen badozuez, aurka jarriko jatzue eta, hainbeste on egin ondoren, txarto erabiliko zaitue eta hondatu egingo».

    Herriak erantzun eutsan Josueri: «Ez! Guk Jauna zerbiduko dogu». Josuek esan eutsen: «Jauna zerbitzea aukeratu dozue. Zeuek zaree testigu!» Eta hareek: «Bai, testigu gara!» Orduan, Josuek: «Kendu, beraz, zeuen artean dozuezan sasijainkoen idoloak eta jarri zaiteze bihotzez Jaunaren, Israelen Jainkoaren, aldera». Herriak, orduan, Josueri: «Jauna, geure Jainkoa, zerbiduko dogu eta haren esana beteko».

    Egun haretan, Josuek hitzarmena egin eban herriagaz, eta legeak eta arauak ezarri eutsazan Sikemen. Josuek Jainkoaren Legearen liburuan idatzi ebazan hitzarmenaren legeak. Gero, harri handi bat hartu, Jaunaren santutegi ondoan dagoan artearen azpian zutunik jarri eta esan eutsan herriari: «Harri hau testigu izango da gure aurka, Jaunak esan deuskuzan berba guztiak entzun ditu-eta; zuen aurkako testigu izango da, zeuen Jainkoa ukatu ez dagizuen». Ondoren, Josuek bialdu egin eban herria, nor bere ondarera.

    Jazoera honeen ondoren, Josue, Nunen semea, Jaunaren zerbitzaria, hil egin zan, ehun eta hamar urte ebazala.


 
 

ERANTZUN-SALMOA

Sal 15, 1-2ª eta 5. 7-8. 11



R/. Zeu zara, Jauna, nire ondarea.


Gorde nagizu, Jainko,

Zugan naz-eta babesten.

Honan dinotsot Jaunari:

«Zeu zaitut neure Jauna,

ez dot onik Zu barik». R/.


Jauna, Zeu zaitut neure ondarea, neure kopea,

zure esku dago nire zoria.

Bedeinkatzen dot Jauna, aholkua deust-eta emoten, *

gauez ere Berak dau nire barrua hezten.

Begi aurrean dot Jauna eten barik;

Bera eskuman dodala, ez naiteke dardaratu. R/.


Bizirako bidea erakutsiko deustazu:

alaitasunez beteko nozu zeure aurrean,

zorionez betiko zeure ondoan.  R/.


 
 

EBANJELIOA


Ez galazo umeei Nigana etorten;

holakoena da-eta zeruetako erreinua.


Jesu Kristoren Ebanjelioa San Mateoren liburutik   (Mt 19, 13-15)

   

    Aldi haretan, umeak eroan eutsoezan Jesusi, hareen gainean eskuak ezarri eta otoitz egin egian; ikasleek, ostera, hasarre egiten eutseen. Jesusek esan eutsen: «Itzi haurrei Nigana etorten ez galazo, holakoena da-eta zeruetako erreinua». Eta, haurrei eskuak gainean ezarri ondoren, joan egin zan handik.


 
 

ESKARIAK


†    Jesusek umeentzako, txikientzako, dauan begiramena gogoan izanik hurreratu gaitezan guztion Ama/Aita dogun Jainkoagana erreguz:


—Elizearen alde: aldendu daiten handikeria eta nagusikeria guztietatik, eta hurreratu daiten umeengana honei leku eginez bere egitasmoetan, eskatu deiogun Jaunari.

—Katekesietan dabizen umeen alde: Jesusengana hurreratu ahal izan daiguzan, Jesus ezagutu eta maitatu ahal izan daien, eta haren ikasle sutsu eta jarraitzaile adorestu izan daitezan, eskatu deiogun Jaunari.

—Umeetaz aprobetxatzen dan eta umeak bortxatzen dituen gizarte gordin honen alde: bihurtu daiten eta bihozbarritu umea bere duintasunean jarteko, eta hari, bere garapenerako behar dauan txera eta laguntza emoteko, eskatu deiogun Jaunari.

—Gurasoen alde: seme-alabak hezteko lan gatxean gogotsu jardun daien, eta beti ere eurenetik emoten jakin daien, eskatu deiogun Jaunari.

—Eukaristiarako alkartzen garanok txikiari, behartsuari, gaisoari eta baztertuari begiratzen eta laguntza emoten jakin daigun, eskatu deiogun Jaunari.


†    Jesukristo gure Jaunaren bitartez.

—Amen.



Comments