astegunak‎ > ‎urte bakoitiak (1,3,5,7...)‎ > ‎19astea‎ > ‎

195barikua

URTEAN ZEHARREKO XIX. BARIKUA

   

I. IRAKURGAIA


Nik hartu neban Abraham, zuen aita, ibaiaren bestaldetik;

Egiptotik atara zinduedazan;

lurralde bat emon neutsuen.


Josueren liburutik   (Jos 24, 1-13)

   

    Egun hareetan, Israelgo leinu guztiak batu ebazan Josuek Sikemen. Dei egin eutsen Israelgo arduradun, buruzagi, epaile eta funtzionarioei ere, eta Jaunaren aurrera agertu ziran. Orduan, hau esan eutsan Josuek herri osoari:

    «Hau dino Jaunak, Israelen Jainkoak: "Zuen asabak, Terah eta beronen seme Abraham eta Nahor, Eufrates ibaiaren bestaldean bizi ziran antzina eta beste jainko batzuk gurtzen ebezan. Eufrates ibaiaren bestaldetik hartu neban Abraham, zuen aita, eta Kanaan lurraldean zehar ibilazo neban; semea emon neutsan, Isaak, eta ondorengoak ugaritu. Isaaki seme bi emon neutsazan: Jakob eta Esau. Honi Seir mendia emon neutsan jabetzan; Jakob eta beronen semeak, barriz, Egiptora jatsi ziran.

    Gero, Moises eta Aaron bialdu nituan, Egipto zigortu neban neure ekintzaz, eta zuek handik atara zinduedazan. Zuen asabak Egiptotik urten eta itsasoraino heldu ziran. Egiptoarrek pertsegitu egin ebezan Itsaso Gorriraino, euren gudu-gurdi eta zaldiekin. Zuen asabek oihu egin eutsoen Jaunari, eta Jaunak ilunpea jarri eban egiptoarren eta zuen artean, eta itsasoa hareen gainera jausiazo eban, danak estaldu ebazala. Zeuen begiz ikusi zenduen egiptoarrei egin neutsena. Gero, basamortuan bizi izan zineen luzaro.

    Jordanez bestaldean bizi ziran amortarren lurraldera ekarri zinduedazan; hareek gerrea egin eutsuen, baina Nik eskuetara emon neutsuezan eta hareen lurraldeaz jabetu zineen, hondatu egin nituan-eta zuen aurrean. Balakek, Tziporren semeak, Moabeko erregeak, Israeli erasotera urten eban, eta dei egin eta Beorren seme Balaam ekarri eban zuek madarikatzeko; baina Nik ez neutsan entzun gura izan Balaami, eta bedeinkatu egin behar izan zinduezan; holan libratu zinduedazan haren eskutik.

    Jordan ibaia igaro eta Jerikora heldu zineen; Jerikoko jenteak gerrea egin eutsuen, baita amortarrek, ferezearrek, kanaandarrek, hititek, girgaxearrek, hebearrek eta jebusearrek ere; baina Nik eskuetara emon neutsuezan. Liztortzarrak bialdu nituan, amortarren errege biak zuen aurretik bota egiezan; hori ez zenduen zeuen ezpateari eta uztaiari esker lortu. Izerdirik atarazo ez deutsuen lurraldea emon deutsuet, eregi ez dozuezan uriak, eta euretan bizi zaree; landatu ez dozuezan mahasti eta oribadiak ere emon deutsuedaz, eta euren frutuez elikatzen zaree"».


 
 

ERANTZUN-SALMOA

Sal 135, 1-3. 16-18. 21-22 eta 24


Eskerrak Jaunari, ona da-eta:

R/. Haren maitasuna betikoa da-eta.

Eskerrak jainkoen Jainkoari: R/.

Eskerrak jaunen Jaunari: R/.


Basamortuan zehar gidatu eban bere herria: R/.

Errege handiak jo ebazan: R/.

Errege ospetsuak hil: R/.


Hareen lurraldeak ondare emon eutsazan: R/.

Bere zerbitzari Israeli ondare: R/.

Arerioakandik libratu gaitu: R/.


 
 

EBANJELIOA


Zuen bihotz-gogorkeriagaitik emon eutsuen Moisesek,

zuen emazteak izteko eskubidea; baina, hasieran ez zan holan.


Jesu Kristoren Ebanjelioa San Mateoren liburutik   (Mt 19, 3-12)

   

    Aldi haretan, fariseu batzuk hurreratu jakozan Jesusi eta, zertan harrapauko, itaundu eutsoen: «Zilegi al jako gizonari bere emaztea edozein arrazoigaitik iztea?»

    Harek erantzun eutsen: «Ez al dozue irakurri Liburu Santuak dinoana? Hain zuzen ere, hasieratik Egileak gizaseme eta emakume egin ebazala eta esan ebala: "Horregaitik, gizasemeak bere aitamak itziko ditu eta bere emaztearei alkartuko jako, eta biak bat izango dira". Beraz, aurrerantzean ez dira bi, bat baino. Holan, bada, Jainkoak buztartu dauana, ez begi gizakiak banatu».

    Hareek itaundu eutsoen: «Zergaitik emon eban, bada, Moisesek dibortzio-agiria idatzi eta emaztea izteko baimena?» Jesusek erantzun eutsen: «Zeuen burugogorkeriagaitik emon eutsuen Moisesek emaztea izteko baimena; baina hasieran ez zan holan. Hona Nik esaten deutsuedana: bere emaztea izten dauanak —legearen kontra alkartuak ez badira behintzat— eta beste bategaz ezkontzen, adulterioa egiten dau».

    Ikasleek esan eutsoen orduan: «Holakoa bada senar-emazteen arteko loturea, ez dau merezi ezkontzea». Jesusek erantzun eutsen: «Ez dira danak hori onartzeko gai, Jainkoak gai egiten dituanak baino. Batzuk ez dira ezkontzen jaiotzaz ezin dabelako; beste batzuk giza eskuz ezinduak izan diralako; beste batzuk, barriz, zeruetako erreinuagaitik holan erabagi dabelako. Onartu daikenak onartu begi».


 

ESKARIAK


†    Gure Jaunak ez deutse muxin egiten arazo larriei eta aurre egiten deutse. Jo daigun bere eskutik Jainkoari gure eskariak aurkeztera:


—Elizearen alde: Jainkoaren herri lez Jainkoagaz dauan hitzarmenean zintzoa izan dakion eta gizaki guztientzako eredu izan daiten, eskatu deiogun Jaunari.

—Gure mundu honetan matxista jarrerak dituenen (edo ditugunon) alde: emakumea errespetuz hartzera heldu daitezan (gaitezan) eta bardintasuna bultzatu daigun danon artean, eskatu deiogun Jaunari.

—Gure gizarte honek daukazan ezkontzeari buruzko arazoetan argi jokatu ahal izan daian, ezkontzari bere duintasuna autortuz eta inor ere baztertu edo kaltetu edo gaitzetsi barik, eskatu deiogun Jaunari.

—Ezkon bizitzea aztun egiten jaken senar-emazteen alde: otoitza, alkarrizketea eta alkarrenganako txera ezaugarriak ugaritu daiezan, eskatu deiogun Jaunari.

—Maisuaren hitzak entzun eta gure ingurua hareekaz bat ez datozela ikusten dogunok izan daigun adore Maisuari lotsa eta bildur barik jarraitzeko, haren testigu izan gaitezan gure inguruan, eskatu deiogun Jaunari.


†    Maitasunerako egin gaituzun Jainko Jauna: emoiguzu alkarrenganako begiramena zure legea bere betera eroan ahal izan daigun. Jesukristo gure Jaunaren bitartez.

—Amen.



Comments