astegunak‎ > ‎urte bakoitiak (1,3,5,7...)‎ > ‎19astea‎ > ‎

194eguena

   

Urtean zeharreko XIX. asteko eguena (I)

I. Irakurgaia

Jaunaren alkargo-kutxa

zuen aurrean sartuko da Jordanen.


Josueren liburutik   (Jos 3, 7-10a. 11. 13-17)

Egun hareetan, Jaunak esan eutsan Josueri: «Gaurtik aurrera goratu egingo zaitut Israel osoaren aurrean; holan jakingo dabe Ni zugaz nagoala, Moisesegaz egon nintzan lez. Emon agindu hau itun-kutxa daroen abadeei: Jordan ibai-ertzera heltzerakoan, gelditu bertan».

Josuek esan eutsen israeldarrei: «Hurreratu zaiteze eta entzun Jaunaren, zeuen Jainkoaren, berbak: "Hau da Jainko bizia zuen artean dagoanaren eta kanaandarrak zuen aurretik botako dituanaren ezaugarria: lur osoko jabearen itun-kutxa zuen aurretik igaroko da Jordan ibaian zehar. Eta Jaunaren, lur osoko jabearen, kutxa daroen abadeen oinek Jordango urak ikutu baizen laster, ur-korrontea eten eta urak gelditu egingo dira, hesi modura"».

Herria Jordan igaroteko kanpalekutik abiatu zanean, itun-kutxa hartu eta herriaren aurrean jarri ziran abadeak. Uztaroa zan eta urte-sasoi horretan Jordan ibaia gainezka etorri ohi zan. Kutxa eroien abadeak Jordanera heldu eta hareen oinek ur-ertza ikutu baizen laster, goitik etozan urak gelditu egin ziran, hesi-modura tente jarriz, eta urak urrunera, Tzartan ondoan dagoan Adam uriraino, heldu ziran; Araba itsaso edo Itsaso Hilera joian ur-korrontea, barriz, guztiz eten zan. Eta herria igaro egin zan Jeriko parean. Israel osoak Jordan lehorrez zeharkatu bitartean, Jaunaren itun-kutxa eroien abadeak Jordanen erdian egon ziran zutunik, lehorrean.


   

Salmoa

Sal 113a, 1-2. 3-4. 5-6


Israelek Egiptotik urten ebanean,

Jakoben herriak erbestetik,

Jaunaren santutegi bihurtu zan Juda,

haren jabetza Israel. R/.


Hareek ikustean, itsasoak ihes,

Jordanek atzera egin eban.

Mendiek jauzi egin eben aharitoek lez,

muinoek bildotsek lez. R/.


Zer dozu, itsaso, ihesi joateko?

Eta zuk, Jordan, atzera egiteko?

Zer dozue, mendiok, jauzi egiteko aharitoek lez,

eta zuek, muinook, bildotsek lez? R/.


   

Ebanjelioa

Zazpi bider ez,

zazpitan zazpi hamar bider baino

parkatu behar dozu.


Jesu Kristoren Ebanjelioa San Mateoren liburutik   (Mt 18, 21—19, 1)

Aldi haretan, hurreratu jakon Pedro Jesusi eta itaundu eutsan: «Jauna, nire senideak bidegabekeriaren bat egiten badeust, zenbat bider parkatu behar deutsat? Zazpi bider?»

Jesusek erantzun eutsan: «Zazpi bider ez, zazpitan zazpi mila bider baino.

Hain zuzen, bere morroiekin kontuak garbitu gura izan ebazan erregeagaz lez jazoten da zeruetako erreinuagaz. Kontuak garbitzen hastean, dirutza izugarria zor eutsan bat ekarri eutsoen. Eta nondik ordaindurik ez eban-eta, bera eta emaztea, seme-alabak eta ebazan guztiak saltzeko agindu eban nagusiak, zorra ordaintzeko. Morroiak, orduan, nagusiaren oinetan ahuspezturik, arren eta arren esaten eutsan: "Emoidazu astia eta dana ordainduko deutsut". Nagusiak, errukiturik, dana parkatu eta libre itzi eban morroia.

Baina morroiak, urten orduko, diru apur bat zor eutsan bere morroi-laguna topatu eban, eta, lepotik heldu eta ito beharrean, esan eutsan: "Ordaindu egidak zor deustana". Lagunak, oinetan ahuspezturik, arren eta arren esaten eutsan: "Emoidak astia eta dana ordainduko deuat". Baina besteak ezetz, eta joan eta kartzelan sartu eban, zorra ordaindu arte.

Beste morroiak, jazotakoa ikusirik, biziro atsekabetu ziran, eta nagusiagana joan eta jazotakoaren barri emon eutsoen. Orduan, nagusiak morroiari deitu eta esan eutsan: "Morroi gaizto hori! Horrenbesteko zorra parkatu deuat nik, eskatu deustalako; ez al zoan bidezkoa hi ere heure morroi-lagunaz errukitzea, ni heugaz errukitu nintzoan lez?" Eta nagusiak, hasarre bizitan, borreroen esku itzi eban, zor guztia ordaindu arte. Zuei ere gauza bera egingo deutsue zeruko nire Aitak, senideok alkarri bihotzez parkatzen ez badeutsazue».

Berbaldi hau amaitu ebanean, Galileatik alde egin eta Judeako mugetan sartu zan Jesus, Jordanez bestaldera igaroz.

   

ESKARIAK


† Hainbestetan, Jainkoaren errukia eta bihozberatasuna aitatzen dogunok, behar bada, bihozgogor eta setati agertzen gara, batez ere ezer zor deuskuenekaz. Jo daigun otoitzera bihotza samurtu dakigun:


—Elizearen alde: errukior izaten irakatsi daien bere seme-alabei, eta bere parkamena eskuzabalez eta doantasunez zabaldu daian, eskatu deiogun Jaunari.

—Herrialde aberats eta garatuen alde: euren etekin-bila baino ez ibiltetik urteten jakin daien, eta herrialde pobretuek zor deutseena parkatzera jo daien, eskatu deiogun Jaunari.

—Sufritzen dagozanen alde: euren jasapena kaltegileak zigortuz gainditu daikeela uste izatetik urten daien eta hareen parkamenera heldu daitezan, eta barru-bakea lortu daien, eskatu deiogun Jaunari.

—Jainkoagana eskale baino joten ez dabenen edo ez dogunon alde: Jainkoaren nahia bilatzen ikasi daien (daigun) eta horretarako aztarnei begiratzen, eskatu deiogun Jaunari.

—Otoitzerako alkartzeko aukerea daukagunok, burugogor izan geintekezela konturatuz, bihotz samurra, parkatzailea eta errukior izatea eskatu eta bilatu daigun, eskatu deiogun Jaunari.


† Jainko errukior eta bihozbera: bihurtu eizuz gure bihotz gogorrok samur, parkatzen eta errukior izaten bizi izan gaitezan. Jesukristo gure Jaunaren bitartez.

—Amen.


ĉ
Mikel Azpeitia,
16 ago. 2017 14:31
Comments