astegunak‎ > ‎urte bakoitiak (1,3,5,7...)‎ > ‎19astea‎ > ‎

191astelehena

URTEAN ZEHAREKO XIX. ASTELEHENA

   

I. IRAKURGAIA


Erdaindu zuen bihotzak. Maitatu arrotza,

zuek ere arrotzak izan zineen-eta.


Deuteronomio liburutik   (Dt 10, 12-22)

   

    Hau esan eutsan Moisesek herriari: «Orain, Israel, zer da Jaunak, zeure Jainkoak, eskatzen deutsuna? Hauxe besterik ez: begirunea izan deiozula Jaunari, zeure Jainkoari; jarraitu dagizuzala haren bideak, maitatu eta zerbidu dagizula Jauna, zeure Jainkoa, bihotz-bihotzez eta gogo osoz, eta bete dagizuzala gaur nik emoten deutsudazan Jaunaren agindu eta legeak, zoriontsu izan zaitezan.

    Jaunarenak, zeure Jainkoarenak, dira zeru zabalak, lurra eta bertako guztia. Baina zuen gurasoez bakarrik zaletu zan Jauna eta hareek maite izan ebazan, eta jarraian zuek, hareen ondorengoak, aukeratu zinduezan herri guztien artean, gaur jazoten dan lez.

    Ezarri, beraz, ituna zeuen bihotzean, eta ez izan burugogor aurrerantzean. Jauna, zuen Jainkoa, jainkoen Jainkoa eta jaunen Jauna da-eta, Jainko handi, ahaltsu eta bildurgarria; ez dau alderdikeriaz jokatzen, ez eroskeriarik onartzen; justizia egiten deutse umezurtz eta alargunei, maite dau etorkina eta jatekoa eta janztekoa emoten deutsoz. Maitatu egizue, bada, etorkina, zeuek ere etorkin izan zineen-eta Egipton.

    Izan begirunea Jaunari, zeure Jainkoari eta zerbidu egizu; bizi zaitez Berari lotuta eta zin egin beraren izenean. Bera da zure Jainkoa eta Bera dozu goratuko, Bera da-eta ikusi dozuzan gauza handi eta bildurgarriak egin ebazana. Hirurogeita hamar lagun besterik ez ziran zure asabak, Egiptora jaitsi ziranenan; orain Jaunak, zeure Jainkoak, zeruko izarrak baizen ugari egin zaitu».


   

ERANTZUN-SALMOA

Sal 147, 12-13. 14-15. 19-20



R/. Jerusalem, ospatu egizu Jauna!


edo Alleluia


Jerusalem, ospatu egizu Jauna,

Sion, goratu zeure Jainkoa.

Zure ateen sarrailak indartu ditu-eta

eta seme-alabak zure barruan bedeinkatu. R/.


Zure mugetan bakea ezarri dau,

garirik onenaz ase zaitu.

Bialtzen dau lurrera bere mezua,

eta haren hitza bizkor eta arin doa. R/.


Bere berbea iragarri deutso Jakoben herriari,

bere erabagi eta aginduak Israeli.

Beste herriei ez deutse holakorik egin,

bere erabagirik ez deutse jakinazo. R/.


 
 

EBANJELIOA


Gizonaren Semea hil egingo dabe; baina, biztuko da.

Beretarrek ez dabe zergarik zor.


Jesu Kristoren Ebanjelioa San Mateoren liburutik   (Mt 17, 22-27)

   

    Aldi haretan, Galilean zehar ebilzala, esan eutsen Jesusek ikasleei: «Gizonaren Semea gizakien eskuetan jarriko dabe; hil egingo dabe, baina hirugarren egunean biztu egingo da». Ikasleak oso nahigabeturik gelditu ziran.

    Kafarnaumera heldu ziranean, tenplurako zerga batzen ebenek Pedrogana joan eta esan eutsoen: «Zuen maisuak ez al dau tenplurako zerga ordaintzen?» «Bai», erantzun eutsen.

    Pedro etxeratu zanean, Jesusek aurrea hartu eutsan, esanez: «Zer deritzozu, Simon? Munduko erregeek zeinegandik hartzen dabez zergak edo kontribuzinoak, etxekoakandik ala arrotzakandik?» Pedrok erantzun eutsan: «Arrotzakandik». Jesusek, orduan: «Etxekoak libre dagoz, beraz. Holan eta guztiz ere, inori zeresanik ez emoteko, zoaz itsasora, bota amua eta hartu lehenengo atarako dozun arraina; edegi egiozu ahoa, eta biren zerga ordaintzeko dirua aurkituko dozu. Hartu eta ordaindu zeure eta bioi dagokiguna».


 
 

ESKARIAK


†    Jesusen jauntasunetik eta askatasunetik ikasteko, egin deiogun otoitz guztiona dogun Aita/amari:


—Elizearen alde: eliztarrak menpean eukitea barik, hareik askatasunean eta jauntasunean bizi izatea bilatu daian, eskatu deiogun Jaunari.

—Sinismen-bizitza poztasun barik, tristuran eta betekizun mailan bizi dabenen alde: Jesusengana hurreratu daitezan sinismen-pozean bizi izaten ikasteko, eskatu deiogun Jaunari.

—Konpromisoak hartzearen bildur diranen alde: Jesusengandik ikasi daien Jainkoaren esanetara egoteak beteten eta pozten dauala, eskatu deiogun Jaunari.

—Behartsuen alde, alboratuen alde, bizi pozik barik dabizenen alde: heldu dakien Jesusen barri izatea, haren itxaropenean aurkitu daien zoriona, eskatu deiogun Jaunari.

—Jesusen berbak entzunez otoitzean dihardugunok haren jauntasuna geuretu daigun, Jainkoari zintzotasun guztiaz erantzuteko gauza izan gaitezan, eskatu deiogun Jaunari.


†    Zure deiari erantzun ahal izan deiogun, Semearen irakatsia eta Espirituaren indarra emoten deuskuzun Jainkoa: onetsia zu zeru-lurretan eta gizaldi eta gizaldietan.

—Amen.


Comments